«« Itzuli
Zebra muskuiluaren larbak aurkitu dituzte Uribarriko urtegian

2008/07/14
Ebroko Hidrografia Konfederazioak zebra muskuiluaren larbak atzeman ditu Uribarriko urtegian (Araba). Oso larritzat jo dute aurkikuntza, izan ere, Bilbok eta Gasteizek bertatik hartzen dute ura.
Uztailaren 7an hartutako laginetan agertu dira larbak, Konfederazioak jakinarazi duenez. Positibo bat atzeman zuten eta ziurrago egoteko bost froga gehiago egitea erabaki zuten, lauk positibo eman zutelarik.
Oraindik ez dago espeziea erauzteko irtenbiderik eta gizakiari zuzenean kalte egiten ez badio ere, arriskutsua da hodiak itxi ditzakeelako duen ugalketa ugaria dela eta.
Konfederazioak lagin gehiago hartuko ditu eta atzemate-programa indartu du urtegiaren egoera zehatza zein den jakiteko.
Urtegi honen egoera bereziki da kezkagarria arroaren hasieran dagoelako eta hortik ura eramaten delako Bilbo Handira.
