«« Itzuli
Marten ura dagoela baieztatu du NASAk

2008/08/01
Phoenix ibilgailu esploratzaileak Marten egindako probek baieztatu egin dute ura dagoela planeta gorrian, NASAk ohar batean informatu duenez.
Ibilgailuak lagin batzuk hartu zituen asteazkenean, eta ur lurrina zutela azaldu du AEBetako espazio agentziak.
"Uda daukagu" Marten, esan du Phoenix ibilgailuarekin lanean aritzen den zientzialarietako batek, William Boyntonek.
Boyntonen arabera, lehen aldia da Marten ura dagoela baieztatzeko froga zehatzak eta seguruak lortu dituztela. Izan ere, Mars Odyssey ontziak ur izoztu zantzuak ikusi zituen, baina "hau da lehen aldia Marteko ura ukitu eta probatu duguna".
Phoenixek bost zentimetro sakoneko zulo bat egin zuen asteazkenean planetako lurzoruan, eta materia izoztu bat atzeman zuen.
Lagin bat hartu zuen, eta bi egunen ostean lurruntzen hasi zen. Horrela, askoz errazagoa izan zuten materiala ikertzea.
"Marte ezusteko ugari ematen ari da", esan du Peter Smith misioko ikertzaile nagusiak.
Phoenix ibilgailu esploratzaileak maiatzaren 25ean ukitu zuen aurrenekoz Marte, eta bere misioak hiru hilabete iraun behar zuen, hau da, abuztura arte. Dena dela, misioa arrakastatsua izaten ari denez, irailaren 30era arte luzatzea erabaki dute.
"Phoenixek osasun ona du eta eguzki energia nahikoa dauka. Beraz, baliabide hori aprobetxatu nahi dugu planetako tokirik interesanteenetako batean", zehaztu du Michael Meyerrek, Marte esploratzeko programako zientzialarietako batek.
(Argazkia: EFE)
