«« Itzuli
Hiesaren kontrako txertoa urrun dago oraindik

2008/08/08
Hiesaren aurkako txertoa hurbil ez dagoela deitoratu du Peter Diot ONUSIDA erakundeko arduradunak Mexikon egiten ari diren Hiesari buruzko Nazioarteko Goi-bileran. "Txertoa izan edo ez, etorkizunerako plana prestatu behar da", azpimarratu du hiesari aurre egiteko '2031 Plana'ri aipu eginez.
Prebentziorako bide berriak bilatu behar direla esan du Piotek, gaitza gaindituko duen sendabidea iritsiko dela itxaroten egon beharrean. Ildo horretan, AEBetako Alergia eta Infekzio Institutuko zuzendariak, Anthony Faucik, adierazi du norbanako bakoitzaren perfil genetikoak eragin zuzena izan duela balizko txertoaren eraginkortasunean.
Ikertzaile horren arabera, sistema immunologikoaren defentsa naturalak eta antigorputzen neutralizazioak izan beharko lirateke hiesa kontrolatzeko modua aurkitzeko bideak.
2031. urtea
Hiesaren sendabideari dagokionez, medikamentu gogorrak beharko direla eta 2031rako gaitzaren kontrako txertoa prest egotea litekeena dela iragarri du. Alabaina, txertoa gaixo gutxi batzuengan baino ez zela eraginkorra izango zehaztu du. "Hiesa sendatzeko, gaitza oso azkar atzeman beharko litzateke eta tratamendua lehenbailehen hasi", erantsi du Faucik.
Bestalde, birusari aurre egiteko egun dauden sendagaien eraginkortasuna nabarmendu du. 2002an 200.000 lagunek baino ez zuten tratamendua hartzen; egun, 3,5 milioi dira.
