BIOLOGIA

«« Itzuli

Ekologistak Martxan elkarteak arrisku berriak aurreikusi ditu kostalderako

Ekologistak Martxan elkarteak arrisku berriak aurreikusi ditu kostalderako

2008/08/12

Ekologistak Martxan hirigintzak eta industria eraikuntzak euskal kostaldean eragindako "narriadura" salatu du. Halaber, kostaldearen zainketa zailduko duten "ekimen eta arrisku berriak" abian daudela gogorarazi du Carlos Alonso elkarteko bozeramaileak.

Bilbon egindako agerraldian ekologistek esan dutenez, Barbadun estuarioko ingurua eta Arenako hondartza; Getxotik Plentziara arteko kostaldea; Urdaibai Biosferaren Erreserba; Oka estuarioa; eta Orioko eta Donostiako ingurua dira "hirigintza garapena" gehien jasan duten guneak.

Elkarte ekologistako kideak joan den igandean iritsi ziren Bilbora Diosa Maat belaontzian. Itsasontzia Kantauri itsasotik dabil "kostaldeko eta itsasoko ekosistemak" aztertzeko asmoz.

Bestalde, Ekologistak Martxan elkarteak industriak eta beste instalazio batzuek eragindako "kutsadura eta kalteak" salatu ditu; besteak beste, Petronorreko Birfindegia aipatu dute, "asko kutsatuko duen koke instalazioaren ekimena" burutzeko asmoz dabilelako.

"Arrantza-erakundeen ardura falta da Bilboko itsasadarrean oraindik ur beltzen isuriak egitea", salatu du Alonsok. Gainera, esan duenez, "ezin da egunero arraina jan, industriaren garapenaren ondorioz urek metal kontzentrazio altua dutelako". Horren harian baieztatu duenez "metal gehiago hartzen dutenek harrapari handienak eta arrain txikienak dira, esaterako, antxoa eta bokeroia".

(Argazkia: www.ekologistakmartxan.org)