BIOLOGIA

«« Itzuli

Biriketako minbizia antzeman dezakeen proteina bat aurkitu dute

Biriketako minbizia antzeman dezakeen proteina bat aurkitu dute

2008/08/12

Nafarroako Unibertsitateak egindako ikerketa batek biriketako minbizia antzeman dezakeen proteina baten berri eman du. Nafarroan tumoreengatik izaten diren heriotzen % 18 eragiten ditu minbizi mota horrek.

ADAM8-Delta 14 izeneko molekulak biriketako minbizian diren zeluletan bakarrik aurki daitezkeela defendatu du Igor Hernandez zientzialari iruindarrak bere doktorego-tesian. Antza denez, hezurrak kaltetzeko, metastasia laguntzeko eta ehunak hondatzeko mekanismoak aktibatzen dituzte molekulek, unibertsitateak komunikatu batean jakitera eman duenez.

Ikerketa Mediku Aplikatuen Zentroko (CIMA) ikerlariaren hitzetan, "gaixotasunaren diagnostiko arina oinarrizkoa da", izan ere, tumoreengatik Europan hiltzen diren lagun gehienek biriketako minbizia dute. Gainera, kasu gehienetan diagnostikoa berandu heltzen da, metastasia hasi denean. Metastasia burmuinean eta hezur-muinean izaten da gehienetan.

Zientzialariaren lanak molekula berriaren definizioarekin jarraituko du. Horretarako biriketako tumore mota ezberdinetan nola azaltzen den ikertu beharko dute. Era berean, beste minbizi motetan proteina hori nola azaltzen den aztertuko dute.