Izaki bizidunen sailkapena eta filogenia
Sailkapen linneanoa
Linneok ezarritako sailkapen-metodo horrek espeziea oinarrizko unitate gisa hartzen du. Gainera, taxonak ere definitu zituen, hots, izaki bizidunen multzo hierarkizatuen sailkapen-unitatea. Egun onartzen diren taxon desberdinak, txikienetik handienera, hauek dira: espeziea, generoa, familia, ordena, klasea, phyluma eta erresuma. Kategoria goragoko taxon baten barruan kategoria txikiagoko taxon bat edo gehiago biltzen dira. Horrela, antzeko genero batzuk familia batean bil daitezke; zenbait familia, orden batean; eta zenbait orden, klase batean. Taxonik gorena erresuma da, eta horretan egitura-konplexutasunaren patroi berbera duten mota guztiak biltzen dira. Azkenik, nomenklatura binominala proposatu zuen.
Izaki bizidunak taxonen arabera definitzen dituen Biologiaren adarrari taxonomia deitzen zaio, eta taxon horien multzokatzea eta hierarkizazioa aztertzen duenari, berriz, sistematika.
Linneok izaki bizidunen sailkapen bat ezarri zuen Darwinek bere eboluzioaren teoria plazaratu baino mende bat lehenago (12. gaia ikusi). Beraz, espezie bakoitza aldagaitza zela uste zuen, sorkuntza jainkotiarraren emaitza bat. Sailkapen tradizionala, Linneoren bidez heldu zaiguna, ez da oinarritzen irizpide ebolutiboetan.
Sailkapen ebolutiboa
Darwinen ideiek berehalako oihartzuna izan zuten sistematikan ziharduten zientzialarien artean. Sailkapen-sistemetan espezieen arteko harreman ebolutiboak islatzea ezinbestekoa zen. Arazo nagusia, ordea, organismoaren sailkapena erabakitzeko balio izango duten konparaketa-karaktereak hautatzea zen. Ezinbestean, hautatutako ezaugarri horiek esanguratsuak izan behar dute organismo hori kide den multzoaren historia ebolutiboan.
Metodo desberdinak proposatu dira sailkapen horiek objektiboagoak bihurtzeko, eta horien artetik honakoak aipa ditzakegu:
- Taxonomia numerikoa organismoen fenotipoko karaktere-kopuru handi baten erkaketan oinarritzen da.
- Taxonomia kladistikoaren arabera, ikuspegi ebolutibotik garrantzitsua den etapa bakoitzak adarkatze bat sortzen du, eta horrek bi taxon anai eragiten ditu.
- Taxonomia ebolutiboak kategoria taxonomiko tradizionalak erabiltzen ditu, baina garrantzia gehiago emanez harreman ebolutiboei harreman morfologiko zorrotzei baino.
Izaki bizidunen zuhaitz filogenetikoa
XX. mendearen erdialdera arte, biologo gehienek izaki bizidunen mundua bi erresumatan banatzen zuten: landareena eta animaliena. Hala eta guztiz ere, sistematiko askok ikusi zuten zenbait organismo, hala nola bakterioak eta onddoak, gehiago urruntzen zirela landareetatik eta animalietatik, azken bi erresuma horiek elkarrengandik baino.
Ernst Haekelek (1834-1919) zenbait proposamen egin zituen hirugarren erresuma bat, protistoak, sortzeko, landareetatik eta animalietatik organismorik primitiboenak bereiziz, eta horrek esan nahi zuen, goragoko organismoak aurreko protistetatik abiatuz eboluzionatu zutela.
Gerora, batez ere biokimikan eta mikroskopian izandako aurrerapen teknikoen ondorioz, aurreko sailkapen horiek berraztertzen hasi ziren, eta Lynn Margulisek egindako proposameneraino iritsi ziren, bost erresuma ezartzen zituela:- Moneroen erresuma: izaki zelulabakar prokariotek osatzen dute, hau da, nukleo zelularrik ez dutenek. Arkeobakterioak eta eubakterioak lirateke.
- Protoktisten erresuma: izaki eukariotak (nukleodunak), barne-digestioko heterotropo zelulabakarrak, hala nola protozooak, edo autotrofo fotosintetikoak, antolamendu talofitikoa duten (ehunik gabe) zelulabakar nahiz zelulanitzak, esate baterako algak, biltzen dira hauen barruan.
- Honddoen erresuma: izaki eukariotak dira, zelulabakarrak nahiz zelulanitzak, eta antolamendu talofitikoa, nutrizio heterotrofoa eta kanpo-digestioa dute.
- Landareen edo metafiten erresuma: organismo eukariotek osatua dago, zelulanitzak dira eta ehun desberdinduak dituzte, nutrizioa autotrofo fotosintetikoa izanik, hala nola goroldioak, iratzeak eta goi mailako landare edo espermatofitoak.
- Animalien edo metazoon erresuma: izaki eukariotek osatzen dute, zelulanitzak dira eta ehun desberdinduak dituzte, nutrizioa heterotrofoa izanik. Adibidez: moluskuak, artropodoak, ekinodermoak, etab., animalia ornogabeen barruan. Ornodunen barruan, berriz, arrainak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta ugaztunak leudeke.
Birusak materia bizidun eta materia geldoaren muga-mugan aurkitzen dira.
Izaki bizidunen bost erresumak.
Tasonomia
Taxonomiaren bidez, latinezko izen bat eta abizen bat ematen zaio planetako izaki bizidun bakoitzari. Carl Linneo suediar naturalistak, XVII. mendean, planetako landare espezie guztiak sailkatzeko lan eskergari ekin zion. Hain zorrotz egin zuen, gaur egun ere haren sistema erabiltzen jarraitzen dugu, eta, gainera, naturako beste lau erreinuetarako ere erabiltzen da. Linneoren metodoari jarraituz, izaki bizidun bakoitzari bi izen ematen zaizkio: lehenengoa maiuskulaz izango da, eta honek izaki hori zein generotakoa den adieraziko digu; eta besteak (minuskulaz) izakiaren espeziearen ezaugarri bereziren bat nabarmenduko du.
Nomenklatura binominala
Izaki bizidunen mota bakoitza maila txikieneko bi taxonek eta generoak eta espezieak definitzen dute, eta halaber, latinezko izen bat hartzen dute. Generoaren izena substantibo singular bat da, eta espeziearena, espezie horren ezaugarri bereizgarri bat adierazten duen adjektibo bat. Bi horiek letra etzanez idazten dira. Izaki bizidunen nomenklatura binominala osatzeko, izen bereziaren ondoren espeziea formalki deskribatu zuen pertsonaren izena joango da, eta gero, hori deskribatu zeneko urtea.
Filogenia molekularra
Izaki bizidunak sailkatzeko beste modu bat multzo edo domeinu handitan izango litzateke, molekula jakin batzuei buruzko (esaterako, proteinak eta azido nukleikoak) azterketak eskaintzen duen informazioan oinarriturik. Filogenia molekularrik zehatzena analisi molekularrean edo azido nukleikoen sekuentziazioan oinarritzen da, batez ere ARN erribosomikoarenean. Horren arabera, izaki bizidunen hiru domeinu finkatzen dira:
·Archae izenekoak, arkeobakterio guztiak biltzen dituela.
·Bacterioa izenekoak, eubakterio guztiak biltzen dituela.
·Eucarya izenekoak, gainerako izaki bizidun guztiak biltzen dituela, hots, eukariotak.
