Mintza eta zitoplasma
- EXTRA: Zentrosoma
Mintz plasmatikoaren egitura
Mosaiko jariakorraren eredua
Bere egituraren eredua, mosaiko jariakorra deritzona, Singer eta Nicholsonek proposatu zuten 1972. urtean. Egitura horretan lipidoen geruza bikoitz bat dugu, eta horren barruan, molekula proteikoak elkartzen dira. Proteina horiek mintzaren azaleraren bi aldeetan kokaturik egon daitezke, edo haren barruan ere bai. Jariakorra esaten zaio lipidoak eta are proteinak ere saiheska mugitu daitezkeelako geruza bikoitz horretan.
Geruza bikoitz lipidikoa
Nagusiki fosfolipidoek, kolesterolak eta glukolipidoek osatzen dute, mintzaren %40a eratuz.
- Fosfolipidoak: hauek dira osagai ugarienak eta nagusiki egitura-funtzio bat betetzen dute. Beren izaera anfipatikoa dela eta, elkarrekin mihiztatzen dira, bi geruza osatuz. Alboetarako eta beren buruen inguruan jiratzeko mugikortasun handia erakusten dute, mintzaren barruan jariakortasun handia eraginez.
- Glukolipidoak: askoz urriagoak dira. Hauek ere izaera anfipatikoa dute. Beren osagai gluzidiko horrek, betiere mintzaren kanpoko aldera bideratuta, azterketa eta zelulen arteko seinale prozesuetan esku hartzen du.
- Kolesterola: lipidoekin elkartzen da, geruza bakarraren jariakortasuna murriztuz eta geruza bikoitzaren egonkortasuna mantenduz.
Mintzaren proteinak
Mintzaren jarduera gehienak gauzatzen dituztenak dira. Beren antolamenduaren arabera honela sailka daitezke:
- Proteina integralak edo intrinsekoak: mintzarekin alde batetik elkartu daitezke, talde edo sektore lipofiliko baten bitartez. Mintza guztiz zeharkatzen dutenean, bi inguru polar eta mintzean zeharreko inguru bat izanik, mintzean zeharreko proteinak esaten zaie.
- Proteina periferikoak edo estrinsekoak: disolbagarriak dira eta beste proteina integral batzuekin edo mintzeko lipidoekin elkartzen dira elkarrekintza ahulen bitartez.
Glukokalixa
Mintz barruko glukoproteinei eta glukolipidoei dagozkien oligosakarido-kateen multzoa da. Mintzaren kanpoko aldean bakarrik agertzen dira, eta hari egitura asimetriko bat eskaintzen diote. Beren funtzioa, zelulek ezagutu behar dituzten seinaleen gisara jokatzea da.
Mosaiko jariakorraren egitura.
Garraioa mintzean barrena
Bizitzeko, zelulak substantziak trukatu behar ditu kanpoko ingurunearekin. Geruza bikoitz lipidikoak molekula lipofiloak bakarrik igarotzea ahalbidetzen du, baina mintzeko proteinek erregulatuko dute hautatutako molekula polarrak bakarrik igaro daitezela. Substantzien garraioa bi eratara egin daiteke:
- Garraio pasiboa: substantziak beti beren gradientearen aldera barreiatuko dira. Gradiente elektrokimikoa bien baturak sortzen du. Garraio hau honela gerta daiteke:
- Barreiapen sinplea: molekulak beren gradiente elektrokimikoaren aldera igarotzen dira.
- Barreiapen erraztua: mintzeko proteinek garraiatzen dituzte molekulak. Ioi txikiak kanal proteikoen bidez igarotzen dira. Proteina garraiatzaileek edo permeasek errazten dute molekula polarrak igarotzea.
- Garraio aktiboa: substantzien garraioa beren gradiente elektrokimikoaren kontrako aldera egiten da, eta beraz, beti energia-gastu bat behar izaten da, ATP gisa, hori hidrolizatuz. Proteina garraiatzaileei ponpa esaten zaie. Na+ eta K+ ponpa garraio aktiboaren adibide bat da.
Mintza zeharkatuz garraiatzeko moduak.
Zitoplasma
Zitosolak, zitoeskeletoak eta organulu zelularrek osatzen dute zitoplasma.
- Zitosola, hialoplasma ere deitua, zitoplasmaren barne-ingurunea da. Mintz plasmatikoaren, nukleoaren bildukinaren eta organuluen mintz desberdinen arteko espazioa da. Ingurune urtarra da (%85 da ura), eta bertan, zelulak bere metabolismorako behar dituen molekula guztiak daude disolbaturik. Zitosolean, erribosomek proteinen sintesia egiten dute. Gehienak horren barruan geratzen dira, baina beste batzuk barne-mintzaren sistematik barrena igaroko dira, besikula-trafikoaren bitartez, zelularen kanpoaldera, edo bestela nukleora.
- Zitoeskeletoa zelula eukariotoetan bakarrik ageri da. Hiru eratako harizpi proteikoen sare batek osatzen du:
- Mikroharizpiak: nagusiki aktina-harizpiak dira. Kortexa eratzen dute, eta mintz plasmatikoaren azpian, zelulari forma eta elastikotasuna ematen diote. Luzapen zitoplasmatikoak edo pseudopodoak igortzea errazten dute. Miosina-harizpiekin batera, gihar-zelulen uzkurketa-mugimenduak ahalbidetzen dituzte.
- Tarteko harizpiak: harizpizko proteinek eratuak daude. Nagusiak neuroharizpiak, keratina-harizpiak eta bimentina-harizpiak dira. Egitura-funtzioak betetzen dituzte.
- Mikrotubuluak: tubulinazko polimeroek eratutako harizpi tubularrak dira. Mikrotubuluen zentro antolatzailetik abiatuta sortzen dira. Zitoeskeletoaren osagai nagusiak dira, eta gainerako harizpi eta organulu zelularrak antolatu eta banatu egiten dituzte. Ardatz akromatiko edo mitotikoa mikrotubuluez osaturik dago. Zilioak eta flageloak mikrotubuluetatik eratorritako egiturak dira.
Bizidunen osagaiak
Ia izaki bizidun guztien osagaiak elementu kimiko berberak dira. Lurrean ehun bat elementu daude eta materia biziaren %96a horietako lauk osatzen dute: oxigenoa, karbonoa, hidrogenoa eta nitrogenoa. Oxigenoa elementu ugariena bada ere, karbonoa da izaki bizidunetan adierazgarriena, bera baita beste elementu batzuekin konbinatu eta molekula luze eta mota askotarikoak sortzeko gai dena.
Jariaketa-mintzak
Zelulek sortutako eta jariatutako substantziez eratutako geruzak dira, eta mintz plasmatikoaren gainazalean kanpo-geruza bat osatzen dute.
Zelulaz kanpoko matrizea: animalien ehunetako zelulen artean agertzen da eta lotura gisa jokatzen du: zelulak elkartzen ditu, zelularteko espazioak betetzen ditu, ehunei sendotasuna, elastikotasuna eta erresistentzia emanez, eta gainera, matrizearen barruan dauden zelulen garapena eta ugalketa baldintzatzen du.
Zelula-pareta: bildukin lodi eta zurruna, landare-zelulak bakarrik inguratzen dituena. Forma eta zurruntasuna ematen die eta horiek haustea eragozten du, zelula puztu dadila ekidinez molekulen kontzentrazio osmotiko handiaren ondorioz. Bere osagai gluzidikoak zelulak jariatzen ditu. Zelulosa-zuntzen sare batek eta matrize batek eratzen dute, eta bertan, ura, gatz mineralak, hemizelulosa eta pektina aurkitzen dira.
