Zelula-nukleoa
Bildukin nuklearra
Bildukin nuklearra honela osatua dago:
- Kanpo-mintza, erretikulu endoplasmatikoaren mintzarekin komunikaturik dagoela. Erribosoma atxikiak ere baditu eta haren funtzio berberak bete ditzake (27. gaia ikusi).
- Espazio perinuklearra, zitosolaren berdina dela esan daiteke (26. gaia ikusi).
- Barne-mintza: mintzean zeharreko proteinak dauzka, lamina nuklearra osatzen duten beste proteinentzat errodura gisa balio dutenak.
- Lamina nuklearra: barne-mintzean errotzen diren eta kromatina-zuntzei elkartzen zaizkien zuntz-proteinez eratua dago. Bildukinaren euskarri gisa jokatzen dute, eta mitosian despolimerizatu egiten dira, bildukina galtzea eraginez.
- Poro nuklearrak: bildukina zulatzen dute eta puntu hauetan mintzak elkarren ondoan daude. 800 Åko diametroa dute eta proteina-kopuru handi batez osatuak daude. Zitoplasmako proteinak nukleora igaro daitezela erregulatzen dute, baita RNAk alderantzizko norabidean ere.
Nukleoplasma eta nukleoloa
Nukleoplasma edo matrize nuklearra gel-egoeran dagoen sakabanatze koloidal bat da, azido nukleikoen trinkotze eta sintesiarekin loturiko proteinez osatua.
Nukleoloa, funtsean, RNA eta proteinez osatua dago. «Antolatzaile nukleolarra» izeneko zuntz-eremu bat bereiz daiteke, eta bertan, begiztak eginez, RNA nukleolarraren geneen hainbat eta hainbat kopia dituzten DNA molekulak daude (22. gaia ikusi). Nukleoloa desagertu egiten da mitosian, une horretan ez baita erribosomarik behar proteinak sintetizatzeko.
Nukleoaren ultraegitura.
Kromatina
Trinkotze-maila desberdineko DNA zuntzez eratua dago. Harizpien kopurua, nukleoa zatitzean dagoen kromosoma-kopuruaren berdina da. Koloratzaile basikoekin lortzen duen kolorazioari esker, antzinatik bi eratako kromatinak bereizten dira: heterokromatina edo kromatina trinkotua, interfasean deskondetsatzen ez dena, eta eurokromatina edo kromatina barreiatua, deskondetsatzen dena. Organismo baten zelula guztietan beti kondentsaturik dagoen heterokromatinari heterokromatina eratzailea esaten zaio, eta hautazko heterokromatina esaten zaio organismoaren zelula batzuetan bakarrik kondentsaturik dagoenari.
Kromatina, funtsean, 100 Å ko zuntz izenekoez eratua dago, baina «perla-iduneko» ere esaten zaio. Zuntz hori, aldi berean, 20 Åko DNAren helize bikoitz batek eratzen du, histona izeneko proteina basiko batzuei elkartzen zaielarik. 100 Å-ko kromatina-zuntza nukleosomen segida bat da. Egitura hau histonen oktamero batek (lau eratako histonek osatutako zortzi molekula) osatua dago, eta horren inguruan 20 Åko DNA zuntza kiribiltzen da, DNA espaziatzailearen zati batek bereizten duela.
100 Åko zuntza bosgarren histona-mota bati elkartzen zaionean, kromatinaren laburtze eta kondentsatze bat gertatzen da, eta 300 Åko zuntz izenekoa edo forma kondentsatua eratzen da.Kromosomak
Kotoi-txotx forma duten egiturak dira, nukleoaren zatiketa-unean agertzen direnak, bildukin nuklearra hausten denean. DNA eta histonez osatuak daude. Kromatina-zuntz bakoitzak kromosoma bat eratzen du, eta bere kopurua berdina da espezie bereko organismoaren zelula guztietan. Oinarrizko funtzioa zelula amaren DNAn jasotako informazio genetikoa bere bi zelula umeetan banatu dadila erraztea da.
DNA hori bikoiztu denean hasten da zelulen zatiketa. Beraz, kromatida izeneko bi DNA-zuntz berdin-berdinak daude, eta zentromero izeneko puntu baten bidez elkarturik mantentzen dira. Kromosoma desberdina izango da aurkitzen den mitosi-fasearen arabera; horrela, esaterako, kromosoma metafasikoak bi kromatida elkartu ditu, eta aldiz, kromosoma anafasikoak kromatida bakarra du.
Zentromeroa lehen mailako eraikuntza bat da, kromosomaren bi besoak bereizten dituena, eta telomeroak beso horien muturrak izango lirateke. Telomerotik hurbil bigarren mailako eraikuntza bat ager daiteke, satelite izendatzen den segmentu labur bat sortuz.
Trinkotze-mailak kromosoman
- Kromatinaren lehen trinkotze-maila: 100 Åko zuntza.
- Bigarren maila: 300 Åko zuntza. Kromosoma baten trinkotze-mailarik txikiena da honakoa, eta 100 Å-ko zuntza H1 izeneko histona baten inguruan kiribilduz gertatzen da. Modelo honi solenoide esaten zaio.
- Hirugarren maila: begizta formako egitura-domeinuak. Nukleoan kromosomen trinkotze-maila hamar mila ingurukoa da. Ikusi da 300 Åko zuntzak begiztak egiten dituela, eta zenbait egileren arabera, kromosomaren erdian proteinen bidez egonkorturik daude, armazoi nagusi edo aldamio izenekoa osatuz.
- Laugarren maila: beren inguruan kiribildutako begizta hauek osatutakoa izango litzateke. Sei begiztek erroseta bat eratuko lukete eta hogeita hamar errosetek arrabol bat.
- Bosgarren maila: kromosoma. Arrabolen segidak osatuko luke.
Bildukin nuklearraren funtzioak
- Material genetikoa zitoplasmako entzimetatik eta zitoeskeletoaren mugimenduetatik babesten du, DNAri kalte egin baitiezaiokete.
- Nukleoaren barruan egiten diren RNAren transkripzio eta heltze-prozesua, batetik, eta zitoplasman gertatzen den itzulpena, bestetik, bereizten ditu. Horri esker, bi prozesu horiek hobeto kontrolatu eta erregulatu daitezke.
- Substantziak poroetatik barrena bi norabideetan igarotzea erregulatzen du.
- Lamina nuklearra funtsezkoa gertatzen da kromosomak osatzeko eta zatiketan bildukina kentzeko, baina baita ere, zatiketa amaitu ondoren bildukin berria eratzeko.
Kromatinaren funtzioak
· Beharrezkoa den informazio genetikoa eskaini, transkripzioaren bidez RNAren sintesia egin ahal izateko.
· DNAn jasotako informazio genetikoa kontserbatu eta transmititzea. Horretarako, DNAren bikoizketa gertatzen da, eta horien hariak puntu batean elkarturik geratuko dira eta kromosoma baten bi kromatidak eratuko dituzte.
Kromatinaren funtzioa bere trinkotze-mailaren araberakoa izango da.
