Enbrioi-garapena
Enbrioi-garapenean parte hartzen duten prozesuak
Enbrioi-zelularen garapena zenbait prozesu behin eta berriz errepikatuz hasten da:
- Zelula-ugalketa: enbrioia osatzen duten zelulen kopurua pixkanaka gehitu egiten da.
- Zelula-desberdintzea: beren funtzio berezirako garrantzi handia izango duten zenbait zelula-generen adierazpena, eta beste batzuen murrizketa. Enbrioi-garapenean zelulak formaz nahiz funtzioz aldatzen dira. Pixkanakako fenomeno bat da, eta normalean itzulezina.
- Zelulen migrazioa: funtsean animalietan gertatzen da, ehunak eta organoak eratzeko.
- Zelula-hazkundea: zelulak, hasierako zatiketen ondoren, hasierako tamaina berreskuratzen du.
Enbrioi-garapen goiztiarra
Jatorrizko zelulak, normalean ernaldutako obuluak, bitelo-kopuru garrantzitsu bat duena, garatzeari ekingo dio jatorrizko zelula behin eta berriz zatitzen duen segmentazio baten bidez. Zelula hori bere erreserbetatik elikatzen da.
Segmentazio-motak
Arrautza-motaren arabera, eta, zehazkiago, elikadura-biteloaren kopuruaren eta egoeraren arabera, ondoko hauek bereizten dira:
- Segmentazio erabatekoa eta berdina: arrautza isolezitikoetan gertatzen da; duten bitelo urria uniformeki zabaltzen dute arrautzan.
- Segmentazio erabatekoa eta desberdina: arrautza heterolezitikoetan gertatzen da, bitelo gutxi eta modu desberdinean banatua dutenak. Segmentazio nahiko asimetrikoa jasaten du.
- Segmentazio partziala eta disko-formakoa: arrautza telolezitikoetan (hegaztiak, narrastiak eta arrainak) gertatzen da, bitelo-kopuru askoz ere handiagoa dutenak. Segmentazioa zonalde jakin batean gertatzen da, disko-formarekin animalia-poloan.
- Segmentazio partziala eta gainazalekoa: arrautza zentrolezitikoetan -artropodo gehienetan ohikoak- gertatzen da. Bitelo-kopuru handia dute, eta segmentazioa gainazalean gertatzen da.
Animalien enbrioi-garapenaren lehenengo urratsak eta segmentazio-motak, bitelo nutritiboaren kantitate eta antolamenduaren arabera.
Garapenaren urratsak
- Morula: zatiketetatik ondorioztatzen diren zelulek, blastomeroek, morula osatzen dute. Segmentazioari esker, morula horrek ia hasierako arrautzaren tamaina bera du.
- Blastula: segmentazioaren ondoren, blastomeroak kanpoaldean jarri ohi dira, barruan hutsune bat, blastozelea, utziz. Etapa horrek segmentazioaren amaiera markatzen du.
- Gastrula: urrats honetan enbrioiaren behin betiko forma eta enbrioi-garapenaren eredua erabakitzen duten zelula-migrazioak gertatzen dira. Morfogenesi izeneko prozesu horretan (bere mekanismoa oraindik nahiko ezezaguna da), hiru enbrioi-geruza garrantzitsuak garatzen dira: ektodermoa, endodermoa eta mesodermoa. Hiru geruza horietatik eratortzen dira goi mailako animalietan ezagutzen ditugun egitura eta ehun guztiak. Ondoren, enbrioiaren geruza ektodermikoan luzetarako ildo bat egiten da. Ildo hori tutu neural bilakatzen da eta ektodermotik bananduko da. Ondoren, hortik sortuko dira bizkarrezurra eta garuna.
Enbrioi-geruzak
- Ektodermoa: bertatik sortuko dira epitelioak eta horiekin loturiko organoak (ileak, lumak, guruinak, ezkatak), nerbio-ehuna eta zentzumen-organoak.
- Endodermoa: digestio-hodia, birikak, gibela, area eta abar sortuko ditu.
- Mesodermoa: muskulu-ehuna, bihotza eta ehun konjuntibo eta eskeletikoak garatuko ditu.
Enbrioi-garapen berantiarra
Gastrula-faseak enbrioi-garapen goiztiarra erabakitzen du. Enbrioi berantiarra erabat garatuta dagoen animalia bilakatu behar da, jaio aurretik. Ehun indibidualak, organoak eta zirkulazio-sistema eraginkor bat eratuko dira.
Itxuraz antzekoak diren gastrulek arrain bat, untxi bat edo gizaki bat sortu ahal izateak esan nahi du, gastrula bakoitzaren faktore genetikoen arabera, enbrioi-garapenaren urrats desberdinak modu desberdinean programatuta daudela espezie bakoitzarentzat. Programa desberdin horiek nola burutzen diren da garapenaren biologiak duen erronka garrantzitsuenetariko bat.
Landareen enbrioi-garapena
Prozesua xumeagoa da, eta jarraitasun handiagoa du. Argi bila gorago hazi eta ur eta mineral gehiago lortzeko sustraiak luzatu, horixe besterik ez dute egin behar landareek. Hori dela eta, hostoak eta loreak bezalako organoak sortzen dituzte beren bizi-zikloan behar dituztenean.
Hasierako zelula meristemo batean aurkitzen da, beste zelulez inguratuta. Lehenengo zatiketaren ondoren, polo apikala, zurtoina bilakatuko dena, eta polo basala, sustraia bilakatuko dena, bereizi egingo dira. Une horretan, jadanik, polaritate argi bat eta aurkako norabideetan haziko diren bi gune zehazten dira. Behin eta berriz gertatuko diren zatiketen ondorioz, urruntzen diren heinean eta beren kokaleku erlatiboaren arabera desberdintasunak agertuko dituzten zelulak sortuko dira. Epidermis, parenkima, hodi eroale, eta abar bilakatuko dira. Hasierako zelularen kokalekua okupatzen duten zelulak, hots, meristemoak, desberdindu gabe mantenduko dira.
Enbrioi-garapenean eragina duten faktoreak
Faktore zitoplasmatikoak: hasierako jatorrizko zelulak heterogeneoki du banatua material zitoplasmatikoa, bai kopuruari dagokionez eta bai osaketari dagokionez ere.
Ingurune-faktoreak: garrantzi handia dute enbrioiaren garapenean.
Molekula antolatzaileen jarduera: enbrioiaren zelula-multzoan zelula batek okupatzen duen posizioak adierazten dio zelula horri, une zehatz batean, zein izango den bere azken xedea. Zehaztapen horren ardura zelulek askatzen dituzten substantzia kimiko batzuen jariaketak izango du bere gain. Substantzia horiek molekula antolatzaile gisa jardungo dute.
Faktore genetikoak: organismo baten garapenaren kontrolean informazio genetikoa da faktorerik garrantzitsuena.
Ontogenia eta filogenia
Landare baten enbrioi-garapenaren lehenengo urratsak.
Organismo baten enbrioi-garapenean zehar gertatzen diren prozesu-multzoari esaten zaio ontogenia . Ikertzaileek aztertu ditzaketen aldaketa azkarrak dira. Hala ere, eboluzioan zehar gertatu den eta espezie jakin bat garatzea eragin duen prozesu-multzoari filogenia esaten zaio. Aldaketa oso mantsoak dira, mutazioaren eta denboran zehar gertatutako hautespenaren ondorio. Bi prozesuak elkarrekiko independenteak diren arren, espezie desberdinen enbrioi-garapena aztertzeak datu filogenetiko asko ematen ditu.
E. Haeckel zientzialari alemaniarra duela ehun urte baino gehiago ohartu zen «ontogeniak filogenia laburbiltzen duela», eta proposatu zuen indibiduo baten enbrioi-garapenak bere eboluzioaren historia islatzen duela.