BIOLOGIA

Zelulabakar prokarioto eta eukariotoen ugalketa-metodoak

Landare-ugalketan edo ugalketa asexualean, prozesua beste organismoren baten parte-hartzerik gabe gauzatu daiteke. Ingurune- eta nutrizio-baldintza egokiak besterik ez dira behar. Ugalketa sexuala baino ugalketa-mota sinpleago eta eraginkorragoa da, ugalketa sexualean meiosi-prozesu konplexua eta ernalketa aldizkatu egin behar baitira. Hala ere, ugalketa sexuala, konplexuagoa izan arren, babestua izan da eboluzioan zehar, espezieentzako argi eta garbi onuragarria den bariazio genetikoa sortzeko gaitasuna duelako.

Ugalketa-motak

Ugalketa asexuala

Ugalketa asexualean, sortutako indibiduo berriaren zelulek bere progenitorearen hornidura kromosomiko eta genoma berberak dituzte. Organismo prokariotoetan, zatiketa arruntena erdibiketa da; eukariotikoetan gertatzen den zelula-zatiketa, berriz, mitosia da (29. gaia ikusi).

Ugalketa sexuala

Ondorengoak genetikoki oso desberdinak dira progenitoreen aldean. Indibiduo berrien arteko desberdintasun genetikoak zelula haploide batzuetatik abiatuta eratu direlako gertatzen dira. Zelula haploide horiek ugaltzaile sexualak dira (meiosporak eta gametoak) eta meiosi bidez sortu dira (29. gaia ikusi). Meiosi-prozesu horretan, kromosoma homologo bakoitzaren artean, geneak ausaz birkonbinatzen dira, zelula sexual bakoitzean kromosoma desberdinak eratuz (birkonbinatzaileak).

Sexu desberdineko gametoak batu egin behar dira zigoto bat sortzeko. Baina ez da horrela gertatzen meiosporen kasuan. Gametoak landareetan nahiz animalietan daude. Meiosporak, berriz, onddo eta landareetan bakarrik. Meiosia gertatzen den unearen arabera, hiru ziklo biologiko bereiz ditzakegu:

Ziklo biologikoak: haplontea eta diplontea.

  • Ziklo haplontea: indibiduo helduak beti haploideak diren espezie horietan gertatzen da. Zigoto bakar bat da diploidea, eta meiosi bidez (meiosi zigotikoa) zelula haploideak sortu, eta horietatik, heldu haploideak eratzen dira. Horiek gameto haploideak sortzen dituzte mitosiaren bidez.
  • Ziklo diplontea: indibiduo helduak diploideak dira. Meiosia gametogenesian (meiosi gametogenikoa) zehar gertatzen da, gameto haploideak eratuz. Gameto horiek, ernalketaren ondoren, zigoto diploide bat eratuko dute. Zigoto diploide horretatik, zatiketa mitotiko jarraituen bidez, heldua sortuko da. Animalia gehienetan eta zenbait protozoo, alga eta onddoetan gertatzen da.
  • Ziklo diplohaplontea: belaunaldi-txandaketa duten espezieetan gertatzen da, hots, indibiduo heldu diploideetatik (esporofito) beste indibiduo haploideak (gametofito), eta alderantziz, sortzen diren espezieetan (33. gaia ikusi).

Zelula prokariotoen ugalketa

Monera erreinuko organismo prokariotoak (13. gaia ikusi), organismo zelulabakarrak dira. Ugalketa-mota asexuala dute, nahiz eta zenbait kasutan bakterioen arteko transferentzia genetikoa gertatzen den. Kasu horiei ugalketa parasexuala deitzen zaie.

Ugalketa asexuala

  • Erdibiketa: bakterioak asexualki ugaltzen dira, zeharka bitan zatituz. Zelula aman zeharkako pareta bat sortzen da, eta, azkenik, bi zelula umeak banatu egiten dira. Ugalketa mesosomekin (40. gaia ikusi) lotua dago. Zelulak banandu aurretik, DNAren bi kopiak zelula ume bakoitzean banatu behar izan dira. Zelula umeak genetikoki berdinak izango dira. Bakterio isolatu batek, askotan zatikatu ondoren, kolonia bat eratuko du klonez, hots, zelula beretik datozen zelula berdinez.

    Erdibiketa bidezko ugalketa bakterioetan.

  • Espora-eraketa: zenbait bakterio-motatan, ingurunearen muturreko bariazioei erantzunez, esporak sortzen dira.

Ugalketa parasexuala

Mekanismo horien bidez, bakteriek informazio genetikoa trukatzen dute beste bakteria batzuekin, espezie berekoak izan edo ez. Hiru prozesu daude:

  • Bateratzea: bakterio emaileak (F+) DNA molekula txiki bat (plasmido) igortzen dio, ile izeneko egituren bidez, beste bakterio hartzaile bati (F-). Bakterio-motaren arabera DNA zelularen genoman sartu daiteke edo zitoplasman geratu daiteke, episoma gisa.
  • Transdukzioa: agente igorleak, normalean birus batek, azkena parasitatutako bakterioaren DNA zatiak garraiatzen ditu, bakterio hartzailean sartuz.
  • Transformazioa: prozesu horren bidez bakterio batek ingurunean aske dauden DNA zatiak, beste bakterioen lisisetik datozenak, barneratu ditzake.

Eukarioto zelulabakarren ugalketa

  • Protozooak: zelula-paretik ez duten organismo zelulabakar eukariotikoak, heterotrofoak, dira. Ugalketa-mota asexuala dute, eta nagusiki ondorengo hauen bidez gertatzen da:
    • Erdibiketa: prozesua ia mitosiaren berdina da.
    • Esporulazioa: esporozooetan gertatzen da, protozoo horiei hainbat zelulatan parasitatzea ahalbidetuz.
    • Bateratzea: kasu honetan ugalketa ez da asexuala.
  • Alga zelulabakarrak: protoktisten erresumakoak dira. Alga-multzoen arabera, ondoko hauen bidez ugal daitezke:
    • Ugalketa asexuala: erdibiketaren eta esporen bidez.
    • Ugalketa sexuala: ziklo haplontea gertatzen da.
  • Onddo zelulabakarrak (legamiak): asexualki ugaltzen dira gemazio bidez. Zelula amak zila sortzen du. Zila hori hertsaduraren bidez banandu egiten da, eta, hazkunde azkar baten ondoren, zelula amaren tamaina eta itxura hartzen ditu. Zenbait baldintzatan, esporak sortuz ugal daitezke legamiak.