BIOLOGIA

Animalien ugalketa

Animaliak organismo heterotrofo zelulanitzak dira, mugikorrak (behintzat beren bizitzako etaparen batean), eta ugalketa-ziklo diploidea dute. Tamaina handikoak eta berez mugiezinak diren obuluetatik eta espermatozoide txiki eta flagelatuetatik abiatuta ugaltzen dira. Bi gametoak zigoto diploide bat osatzeko elkartzen dira. Zigoto hori mitosi jarraituen bidez zatitzen da, eta zenbait enbrioi-urrats iragan ondoren heldu izatera iristen da. Animalia-mota desberdinen ugalketa oso antzekoa da, eta urrats haploidea, obulua edo espermatozoidea zelulabakar den une horretara mugatzen da.

Ugalketa goi-mailako animalietan

Ugaztunetan urrats haploidearen barruan, batetik, espermatozoideak ditugu, hodi seminiferotan sortuak, eta bestetik obuluak, obulutegian sortuak. Ugaztunek beste animaliekiko duten desberdintasun esanguratsu bakarra amaren barruan egoten diren denbora luzea litzateke. Amaren barruan daudenean amatik elikatzen dira, jaio aurretiko garapen-maila altua lortu arte. Hori ez da gertatzen beste animalietan.

Animaliek, landareek ez bezala, beren gameto haploideak meiosi bidez sortzen dituzte, belaunaldi haploide baten esku-hartzerik gabe. Enbrioi-garapenean zehar, zenbait zelulak gonadatara (obulutegi edo testikuluetara) migratzen dute, eta zatitu egiten dira oogonia edo espermatogonia eratzeko. Ondoren, zelula horiek zatitu eta bereizi egiten dira, espermatogenesi -espermatozoideen edo gameto arren eraketa- eta oogenesi -obuluen edo gameto emeen eraketa- izeneko prozesuen bidez.

  • Espermatogenesia

    Arra sexualki heldua denean, hodi seminiferoan dauden espermatogoniak etengabe zatitzen dira, mitosi bidez, espermatozito primarioak sortzeko. Horietako bakoitza lehenengo meiosi-zatiketaren prozesuan sartuko da eta bi espermatozito sekundario eratuko ditu. Horiek bigarren meiosi-zatiketan sartuko dira, eta tamaina berbera edukiko duten lau zelula haploide eratuko dira. Lau zelulak espermatozoide funtzional gisa bereiziko dira berehala. Espermatozoideek flagelo luze bat eta burua edukiko dute, eta azken hori, funtsean, nukleoaz eta zitoplasma pixka batez osaturik egongo da.

  • Oogenesia

    Obulua obulutegietako folikuluetan sortzen da. Emeetan obulua urratzetan garatzen da, fetu-bizitzatik hasita; arretan, berriz, espermatozitoak etengabe sortzen dira adin heldutik aurrera.

Arrei dagokienez, lau zelula haploideak espermatozoide funtzional bilakatzen dira. Emeetan, horietako bat bakarrik bihurtzen da obulu funtzional, eta beste hirurak korpuskulu polar edo zelula ez funtzional bilakatzen dira.

Ernalketa

Ernarlketa, obulu bat eta espermatozoide bat elkartzea, gorputzaren barrualdean (barne-ernalketa) edo gorputzetik kanpora (kanpo-ernalketa) gerta daiteke. Batean nahiz bestean, organismo mugikor edo finkoak, urtarrak edo lehorrekoak diren kontuan izan gabe, espermatozoideek mugikorrak izan behar dute, leku batetik bestera joan beharra dutelako.

Drosophila melanogaster delakoaren ziklo diplontea.

Ugalketa-bariazioak animalietan

Animalia gehienak ziklo diplontearen bidez ugaltzen badira ere, kasu batzuetan ugaltze-bariazioak gerta daitezke:

  • Metagenesia:

    Metagenesia edo transformazio bidezko garapena, belaunaldi sexual eta asexualen arteko txandaketa bat da. Urrats mugikor eta urrats mugiezinak (koloniak) dituzten animalietan ohikoa da. Medusa-mota batean (Obelia), arrautza ernalduak polipo geldo bat sortzen du, eta ernetzearen bidez, medusak sortzen ditu. Polipoa belaunaldi asexuala da, eta medusa belaunaldi sexuala.

  • Partenogenesia:

    Indibiduoa ernaldu gabeko arrautzetatik garatzen da. Oso arrunta da molusku gastropodo eta krustazeo batzuetan, baina batez ere erleak eta liztorrak bezalako intsektu sozialetan.

  • Hermafroditismoa:

    Animalia ornogabe askok obuluak nahiz espermatozoideak sortzen dituen ugaltze-aparatu bat dute. Beren kabuz ernaldu daitezkeenean, auto-ernalkuntza gertatzen da. Hori tenia bezalako espezie parasitoetan gertatu ohi da. Normalean, espezie hermafroditak ernalkuntza gurutzatua egiten dute; indibiduo baten gameto arrek espezie bereko beste indibiduoen obuluak ernaltzen dituzte. Ernalkuntza-mota hori barraskilo eta zizareetan gertatzen da.

  • Neotenia:

    Aurkako ingurumen-egoeretan, ugalketa heldutasun sexualera iritsi ez diren indibiduoen artean gerta daiteke. Forma neotenikoak termitak bezalako espezieetan agertzen dira.

  • Polienbrionia:

    Arrautza baten garapenari dagokio. Arrautza hori zatitu egiten da eta indibiduoak ernalarazten ditu bere garapenean zehar.

Sexu banaketa eta hermafroditismoaren eskema.

Karaktere sexualak

Gizakiak sexu desberdindua izaten du jada jaio aurretik; organo sexual femenino edo maskulinoen presentziarengatik, sexua markaturik dago, jaio baino lehendik ere. Organuek, karaktere sexual primarioak osatzen dute. Heldu bihurtzean, desberdintasun gehiago agertzen dira, karaktere sexual sekundarioak, alegia. Emakumeen bularrak garatu egiten dira eta formak biribildu. Gerria estutu eta aldakak zabaldu egiten dira, eta hilerokoa hasten da. Gizonetan, berriz, muskulu masa garatu egiten da, bizkarra zabaldu eta aurpegian eta bularrean ilea hazteaz gain, zintzur-sagarra agertzen zaie. Ahotsa ere aldatzen zaie: tinbrea baxuago bihurtzen da eta laringea garatu. Bi sexuen altuerak handitzen dira eta ilea agertzen da pubisean eta galtzarbeetan.

 

Sexu banaketa eta hermafroditismoa

Sexu banaketa eta hermafroditismoaren eskema.

 

Aurre-osatzearen teoria

1694an irudimen handia eta mikroskopio desegokia zituen ikertzaile batek espermatozoideen barruan giza irudi txiki bat ikusten zuela argitaratu zuen, "homunkulu" bat, alegia. Jan Swammerdam (1637-1680) biologoak eta Charles Bonnet (1720-1793) naturalistak datu oker hori hartu zuten oinarri eta giza gorputza gameto maskulinoan aurrez osatuta egoten dela adierazi zuten (aurre-osatzearen teoria). Hipotesi horren arabera, fetua eta haurra garatzea hazkundearen prozesu bat besterik ez da, eta horri esker bihurtuko da homunkulua neurri normaleko gizaki.