Anabolismo heterotrofoa
Gluzidoen anabolismoa
Askotan, bide anabolitiko heterotrofoak bide katabolitikoen antzekoak dira, baina alderantziz, entzimek erreakzioa bi noranzkoetan katalizatu dezaketelako. Kasu batzuetan entzimak noranzko bakarrean katalizatu dezake erreakzioa, eta entzima berri bat edo gehiago behar dira aurkako noranzkoa gauzatzeko.
- Glukosa lortzeko bidea:
Animalia-zelulatan glukosa dietatik lortzen da, digestioaren bidez. Zelula autotrofoetan Calvinen zikloan hasten den prozesu batetatik lortu daiteke. Hala ere, bi zeluletan lor daiteke glukosa zenbait molekula ez-gluzidikoen bidez. Molekula horiek, glukoneogenesi izena duen eta katabolismotik eratortzen den prozesu baten bidez lortzen dira.
Animalia-zeluletan glukoneogenesia azido pirubikoa edo aminoazidoak bezalako substantzietatik abiatuta lortzen da, eta landare-zeluletan eta mikroorganismoetan gantz-azidoetatik ere lor daiteke (glioxisometan gertatzen den oxalazetato zikloari esker). Glukolisiaren oso antzekoa den prozesu bat izango du, baina alderantziz: alderanzgarriak diren sei pauso berdinak dira, eta alderantzikatu ezin diren beste hiru desberdinak izango dira. - Glukosa-polimeroak lortzeko bidea:
Polimero garrantzitsuenak glukosakoak dira,a loturaren bidez loturik daudenak. Animalia-zeluletan glukogenoa glukosatik abiatuta sintetizatzen da, glukogenogenesi izeneko prozesuaren bidez. Prozesua glukosa-6-P glukosatik hasten da. Glukosa hori, zelulan sartzean, fosforilatu egiten da, eta glukosa-1-P bilakatzen da. Une horretan, O-glukosidiko a(1®4) loturaren bidez glukogeno-kate baten muturrera lotzeko nahikoa energia edukiko du. Ondoren, entzima zatitzaileak kateko glukosen zati txikiak mozten ditu, eta beste lekuetan sartzen ditu b(1®6) loturaren bidez.
Landare-zeluletan almidoia plastoetan sortzen da, amilogenesiaren bidez. Amilogenesiak glukogenoaren sintesiarekiko duen desberdintasun bakarra hauxe da: molekula aktibatzailea ATPa da.
Nukleotidoen anabolismoa
Nukleotidoak bere hidrolisiaren produktuetatik abiatuta sortzen dira: pentosetatik, azido fosforikotik eta base nitrogenatuetatik.
- Base purikoak dituzten nukleotidoen sintesia: 5-fosfato-erribosa batekin hasten da. Horren I karbonoaren gainean eraztun puriko bikoitza eratzen hasten da, glutaminak, azido aspartikoak eta glizinak parte hartzen duten segida entzimatiko konplexu baten bidez.
- Base pirmidinikoak dituzten nukleotidoen sintesia: lehendabizi eraztun pirmidinikoa sortzen da azido aspartikotik abiatuta, eta, ondoren, fosforriboso bati lotzen zaio.
Lipidoen anabolismoa
Erreserba-funtzioa duten lipido garrantzitsuenak triazilglizeridoak dira. Beren biosintesiak, lehenik, bi osagaiak bananduta eskuratzea eskatzen du: gantz-azidoak alde batetik, eta glizerina bestetik.
- Gantz-azidoak lortzeko bidea
Animalietan, gantz-azidoak lortzeko iturri nagusia elikagaien gantza da. Bigarren iturria gantz-azidoen biosintesia da, zitosolean gertatzen dena, gluzidoen, gantz-azidoen (b oxidazioa) (35. gaia ikusi) eta aminoazidoen katabolismoaren mitokondriotik datorren acetil-CoAtik abiatuta. Lehenengo acetil-CoA horrek pitzarazgailu gisa jarduten du. Hurrengo karbonoak kateari lotuko zaizkio malonil-CoA forman -3cko molekula-. Malonil-CoA bat acetil-CoA batekin elkartzean 4C molekula bat sortzen da; CO2.bat askatuz. Bi NADPH kontsumitzen dira hidrogenazio-errreakzioak egiteko, eta 4C-ko gantz-azido aktibatu bat (azilo bat) sortzen da. Prozesu hori guztia sintetasa gantz-azido konplexu izeneko entzima-multzo batek katalizatzen du. Malonil-CoA molekulen batura errepikatuari esker, aldi bakoitzean bi karbono gehitzen dira, karbono kopuru bikoitia duen kate luze bat eratuz.
- Glizerina lortzeko bidea
Gantzen hidrolisitik ateratzen den glizerinatik nahiz glukolisian sortzen den dihidroxiazetona-3Ptik lor daiteke glizerina. Ondoren, glizerol-3P bilakatzen da. Hori gantz-azidoekin lotzeko forma aktibatua da.
- Triaziglizeridoen lorbidea
Gantz-azidoko molekulak glizerol 3P-arekin lotzen doaz ester motako lotura baten bidez, lehendabizi monoazilglizerido bat sortuz, ondoren diazilglizerido bat emanez, eta, azkenik, triazilglizerido bat eratuz, fosfato-taldea askatzen duen bitartean. Hori guztia zelula hepatikoetan eta gantz-ehuneko zeluletan gertatzen da.
Zelula eukariotoaren metabolismoaren eskema orokorra. Beheranzko geziek katabolismoa adierazten dute, eta goranzkoek anabolismoa.
Aminoazidoen anabolismoa
Aminoazido bakoitzak bere lorbide propioa du, eta, gainera, sintetizatzen duen zelula-motaren arabera aldatu egin daiteke. Landareek hogei aminoazidoak sintetizatu ditzakete. Baina animalia askok ezin dituzte horietako hamar sintetizatu, eta dietatik hartzen dituzte. Hori dela eta, aminoazido esentzial izena dute. Beste hamarrak aminoazido ez-esentzialak dira.
