Bakterioak
Bakterio-egitura
- Bakterio-kapsula: zenbait bakteriotan falta daitekeen kanpoko geruza da. Hala ere, patogeno gehienetan agertzen da. Ez dauka egitura zehazturik eta gluzido eta glukoproteinatan aberatsa da.
- Bakterio-pareta: bilgarri sendo eta zurrun bat da, eta bakterio-zelulei forma ematen die. Mureina geruza batez osatua dago. Mureina hori N-azetilglukosamina (NAG) eta N-azetilmuramiko (NAM) oinarria duen sare batez osatua dagoen peptidoglukanoa da. Mureina horren aldaketen arabera eta Gramen kolorazioaren bidez, bi bakterio-mota bereizi daitezke: Gram positiboak eta Gram negatiboak.
Funtzio oso garrantzitsuak ditu, hala nola, presio osmotikoaren bariazioaren aurrean bakterioaren forma mantentzea eta mintz erdiragazkor gisa jardutea, ioiak iragan daitezela erregulatuz. Pareta suntsituz gero, bakterioa babesik gabe geratuko da.
- Mintz plasmatikoa: bere egitura zelula ekuariotoen egituraren berdina da, kolesterola bezalako zenbait osagai kontuan hartu gabe. Zelula eukariotoetan bezalaxe, zelula mugatzea eta substantzien iragatea erregulatzea bere funtzioen artean leudeke. Berezitasun gisa, mesosoma izeneko barruko tolesturak agertzen dituela aipatu daiteke. Mesosoma horiek funtzio asko betetzen dituzte, adibidez, mintzaren azalera handitzea, bakterio-kromosoma finkatzea eta bere barruan entzimak biltzea.
- Zitoplasma: zitoplasman aske ageri dira erribosomak. Eukariotoen funtzio bera betetzen dute, hots, proteinen sintesia egitea, nahiz eta tamaina txikiagokoak diren. Zitoplasman aurkitzen dira, halaber, substantzia desberdinen elikadurarako erreserba-pikorrak diren inklusioak. Inklusio horiek barreiatuta eta inguratzen dituen mintzik gabe ageri dira.
- Bakterioaren DNA: DNA bikatenario-motako molekula zirkular bakar batez osatua dago. Molekula hori oso tolestua dago, eta mesosomei lotua egon ohi da. Kromosomaz kanpoko DNA molekula txiki bat edo gehiago ere egon daitezke. Molekula txiki horiei plasmido deitzen zaie. Bakterioaren DNA nukleoide izeneko toki batean aurkitzen da, kondentsatua eta histonen antzekoak diren proteinekin loturik. DNAren funtzioa informazio genetikoa mantentzea eta betikotzea da, eta bere adierazpenaren bidez, metabolismoaren funtzionamendua gidatzea.
- Flageloak: bakterioa baino zenbait bider luzeagoak diren luzakin finak dira. Eukariotoetakoak baino xumeagoak dira. Bi zati ditu: zona basala eta zurtoina, eta bakterioen lokomozioa ahalbidetzen dute.
- Ileak eta finbriak: proteinaz osatutako hodi-formako egitura hutsak dira. Zenbait Gram bakterio negatiboen kanpoaldeko azaleran azaltzen dira. Finbriak motzak eta ugariak dira, eta ileak, berriz, luzeak, eta bakterio bakoitzeko bat edo bi besterik ez dira ageri. Finbriei esker, antza, bakterioak substratuan finkatu daitezke. Ileek bakterioen arteko trukaketa genetikoan parte hartzen dute.
Bakterio-fisiologia
Bakterioek, edozein izaki bizidunek bezala, bizi-funtzioak garatzen dituzte:
- Nutrizioa: beren espezieek metabolismo-mota guztiak burutu ditzakete.
- Harremana: bakterio askok mugikortasuna dute (mugimendua); argi-estimuluei (fotoaktismoa), estimulu kimikoei (kimioaktismoa) eta ingurunearen muturreko bariazioei (endosporak sortzea) erantzun diezaiekete.
- Ugalketa: Ugalketa asexuala erdibiketaren bidez egiten da. Ugalketa parasexualeko kasuak ere gerta daitezke. Ugalketa-mota horretan, bakterioen artean informazio genetikoa trukatzen dute (konjugazioa, transdukzioa eta transformazioa).
Bakterio baten morfologia orokorra.
Eubakterioen sailkapena
Bergeyen eskuliburuaren arabera, bakterio-talde nagusiak ondoko hauek dira:
- Bakterio purpura eta berdeak: pigmentu gisa bakterioklorofila duten bakterio fotosintetiko anaerobikoak dira. Karotenoideak dituzte. Hidrogeno-iturria H2S bada sulfuroso deitzen zaie, eta molekula organikoak erabiltzen badituzte, ez sulfuroso deitzen zaie.
- Zianobakterioak edo alga berde-urdinxkak: pigmentu gisa klorofila eta fikozianina izeneko beste pigmentu urdin bat duten bakterio fotosintetiko anaerobikoak dira. Zelula isolatu gisa edo koloniatan ager daitezke. Beren nutrizioa sakuluetan (tilakoideen aurrekariak, agian) gertatzen den fotosintesian oinarriturik dago. Batzuk atmosferako nitrogenoa finkatu dezakete. Habitat kopuru handi batera egokitu dira.
- Proklorofitoak: a eta b klorofila duten fotosintetikoak. Tilakoide-motako mintzak dituzte. Gehiengoa aszidien taldeko prokordatuekin endosinbionteak dira.
- Bakterio nitrifikatzaileak: kimioautotrofoak. Konposatu nitrogenatu ez-organikoak erabiltzen dituzte konposatu organikoak sortzeko. Bi talde daude: amonioaren bakterio oxidatzaileak eta nitritoak oxidatzen dituztenak. Itsasoko sedimentuetan bizi dira, eta oso garrantzitsuak dira substantzia ez-organikoak landareek aprobetxatu ditzaketen substantzia organiko bilakatzen dituztelako.
- Nitrogenoa finkatzen duten bakterioak: Gram negatibo aerobioak dira. Atmosferako nitrogenoa finkatu dezakete.
- Espiroketak: meheak, luzeak eta izurtuak dira. Oso ohikoak dira ingurune urtarretan. Patogenoak ere izan daitezke animalia eta gizakietan.
- Azido laktikoaren bakterioak: oxigenoarekiko toleranteak diren bakterio anaerobio Gram positiboak dira. Azido laktikoa sortzen dute hartziduraren bidez. Garrantzitsuenak Streptococus eta Lactobacillus dira.
- Mikroplasmak: Bakterio-paretarik gabeko bakterio txikiak dira, mintzean esterolak dituztenak. Gehienak patogenoak dira.
Bakterio-paretak
- Bakterioaren eta ingurunearen artean substantziak trukatzea erregulatzen du.
- Duen ur-kopuru handia dela eta, defentsa-mekanismo gisa jarduten du ingurunearen lehorketaren aurrean.
- Bakterioaren eta ostalariaren ehunen arteko elkar-ezagutzan parte hartzen du.
- Bakterio-koloniak eratzea ahalbidetzen du.
Bakterio-paretak
· Bakterio Gram positiboak: geruza bakarreko pareta, mureina geruza lodi batez osatua. Mureina horri proteinak, polisakaridoak eta azido tekoikoak gehitzen zaizkio.
· Bakterio Gram negatiboak: bi geruzatako pareta. Mureinazko pareta basal fin baten gainean geruza bikoitz lipidikoz osatutako kanpo-mintz bat dago. Geruza bikoitz lipidiko hori jarduera entzimatikoa duten proteina eta liposakarido askorekin osatua dago. Liposakaridoak kanporantz proiektatzen dira.Bakterio urre-bilatzailea
Ikertzaileek aurkitu dutenez urrea duen lurrak sarri edukitzen ditu bakterio jakin baten espora ugari. Bacillus cereus izeneko bakterioak ez du kalterik nozitzen urrea dagoen leku batean bizitzeagatik, beste bizidun gehienek ez bezala. Txinako urre-meatzeak aztertzen ari zirela Ohioko Unibertsitateko ikertzaile batzuk ohartu ziren horretaz.
Esporak du gertaera horren sekretua. Bakterio baten espora oskol moduko bat da baldintza gogorrak daudenean, dela beroagatik, toxikotasunagatik, erradiazioengatik, etab. eratzen dena. Esporei esker iraun dezake bizrik bakterioa baldintza hobeak dauden arte eta hark gero normal hazten jarraituko du.
Urre-kontzentrazio handiek Bacillus cereusari esporak erarazten dizkiote. Hortaz, bakterio hau bilatuz urrea non dagoen jakin daiteke eta hori egitea merkeagoa da gaur egun urrea bilatzeko erabiltzen diren beste prozedurak baino.
