Landareak
- GRAFIKOA: Fotosintesia
Briofitoak
Ingurune lurtarra konkistatzeko erabili zen bideetako batek ziklo biologiko txandakatzearen fase haploidearen edo gametofitoaren alde jokatu zuen. Briofitoak (goroldio eta hepatikoak) azaldu ziren, eta devoniarretik (duela 350 mila milioi urte) bizirik irauten dute. Garapenik handiena belaunaldi gametofitikoak erakusten du, eta esporofitoak, berriz, gametofitoaren gainean bizi diren eta ugaltze-funtzio bat betetzen duten kapsulak baino ez dira.
Briofitoak giro oso hezeetan egon ohi dira. Briofitoak landare lurtarrak direla jotzen den arren, ez dute ingurune urtarretik guztiz independente izatea lortu.
Pteridofitoak
Ingurune lurtarraren konkistan, zikloaren forma nagusi gisa esporofitoaren edo fase diploidearen alde jokatu zuen beste eboluzio-ildo bat ere izan zen. Estrategia horrek pteridofitoak sortu zituen: iratzeak, likopodioak eta azeri-buztanak.
Landare horietan esporofitoa oso azkar garatu zen, eta ondoko ezaugarri hauek hartu zituen:
- Ehun eramailea dute, baita zurruntasun handiagoa ere. Horri esker, ingurune lurtarra konkistatzeko egokiagoa bilakatzen da. Substantziak landare osoan zehar eramateaz edo garraiatzeaz arduratzen diren ehunak oraindik nahiko primitiboak izango dira, baina landareari erresistentzia mekanikoa ematen dioten benetako hodi eramaileak ere aurki daitezke.
- Esporek aurkako faktoreen aurrean oso erresistente egiten dituzten estalki bat dute. Estalki horrek, era berean, barreiadura zabal bat ahalbidetzen die. Landareek altuera irabazten duten heinean, haizeak esporak barreiatzen laguntzen du.
- Kutikula lodi eta iragazgaitz bat dute, kanpoko giro-aldaketetatik nolabait isolaturik egotea ahalbidetuz.
Antolamenduari dagokionez hobekuntza asko gertatu diren arren, landaren horiek oraindik ere leku hezeetakoak izaten jarraitzen dute. Ur-galerak erregulatzeko ahalmena oraindik ondo perfekzionatu gabe dutelako gertatzen da hori. Izan ere, beren ugalketa-zikloan ura beharrezkoa dute, gameto arrak gameto emeetarantz garraiatzeko eta ernalketa gauzatu ahal izateko.
Espermatofitoak (landare hazidunak)
Lurraren historiako zenbait arotan, klima askoz ere heze, epel eta konstanteagoa zen garaietan, pteridofitikoak asko garatu eta hedatu ziren. Hala ere, ingurune lurtarraren behin betiko kolonizazioa ez zen gertatu landare hazidunak edo espermatofitoak agertu ziren arte. Hori karaktere berri batzuen garapenari esker gertatu zen. Karaktere horiek hezetasunetik independente egitea eta klima eta giro askoz ere konstanteagoetan bizi ahal izatea ekarri zuen. Ehunen aberaste horrek eragindako hobekuntza funtzionalen artean ondoko hauek azpimarratu daitezke:
- Barruko ehunak kanpoaldeko ingurunetik isolatzea, ura galdu dadila eragozteko helburuz. Zelula-estalkiak kutina edo suberina bezalako substantzien bidez iragazgaizten dira.
- Sendotasuna lortzea. Horri esker, lurraren mailatik goratzeko aukera dute. Horrela, eguzki-argia hobeto aprobetxatzen da eta ingurunearekin gasak hobeto trukatzen dira. Lingina bezalako substantziek sendotasuna eta malgutasuna ematen diote landareari, eta horrekin batera, posizio tente bat mantentzea ahalbidetzen diote.
- Lurretik ura hartzeko gai diren egiturak garatzea, esate baterako, errizodermisa, sustraien eremu apikalak estaltzen dituen ehuna, zurgaketan espezializatua.
- Ura eta elikagaiak landareko zelula guztietara garraiatzeko sistema garatzea eta hobetzea. Benetako ehun eramaileak azaltzen dira: zurezkoak, xilema izenekoak, izerdi landugabea garraiatzen dutenak, eta liberiarrak, floema izenekoak, izerdi landua garraiatzen dutenak.
- Gametofitoa ahal den gehiena murriztea, fase delikatua delako eta ura behar duelako. Egitura berri bat garatzen da, lorea, ugaltze-aparatu bezala, eta landarearen barreiadura ahalbidetuko duen modu berri bat bereganatzen du, hazia. Esporofitoak tamaina desberdineko bi espora-mota eratzen ditu: mikroespora, gametofito arra edo polen-alea sortzen duena, eta megaespora, landare ama inoiz uzten ez duen eta arrautza-zelula emango duen gametofitoa sortzen duena. Ernalketaren ondoren zigotoa eratuko da. Zigototik haziak babestua geratuko den enbrioia sortuko da.
Gimnospermak
Zurezko landareek agerian dituzten haziak. Talde horretan koniferoak daude, beren pinaburu eta konoekin. Polena airearen bidez barreiatzen da (anemofiloa), eta beraz polen kopuru handia sortzen da.
Pinuaren ugaltze-egiturak.
Angiospermoak
Angiospermoen aurrerapen ebolutibo handiena obulutegian, fruitua eratuz, hazia garatzea izan da. Talde honetan lore eboluzionatuenak eta polinizazio eta polenaren barreiadura-mekanismo berariazkoenak aurkitzen dira.
Intsektuen bidez egiten den polinizazio hautakor bat hasten da. Horrek loreen garapena eragiten du (koloreak, usainak eta abar), zenbait intsektu erakartzeko. Angiospermoen ezaugarri berezi bat ernalketa bikoitza da.
Angiospermoen artean, gaur egun, hirurehun mila espezie baino gehiago daude, eta bi talde handitan sailkatzen dira:- Landare dikotiledoneoak: hazia ernamuintzean, bi kotiledoi dituen landareño bat garatzen dute. Kotiledoi horiek klorofila hartzen dute eta hosto gisa jarduten dute.
- Landare monokotiledoneoak: kotiledoi bakarra dute eta dikotiledoneoetatik eratorriak dira. Itxura belarkara dute.
Antolamendu zelulanitzaren agerpena
Organismoek beren tamaina handitu zuten heinean, arazo berriak sortu ziren. Zelula kopurua handitzean, zelula bakoitza jadanik ez zegoen kanpoko ingurunetik gertu, eta zelula bakoitzak ez zuen elikagaietara eta hondakinak deuseztatzera zuzenean iristeko aukerarik. Hori horrela, kanpokoaren antzekoa den barruko ingurune bat eratu behar izan zen, zelulak bustitzeko eta beren artean substantziak trukatu daitezela ahalbidetzeko. Barruko inguruneak, kanpokoaren osaera berdina mantentzeko, harekin kontaktuan egon beharko du. Zelulak funtzio zehatzetan espezializatzen hasiko dira, eta ehun desberdinak sortuko dira.
Briofitoen ur menpetasuna
· Ugalketan obulura iristeko eta hura ernaltzeko ingurune urtar bat beharrezkoa duten gameto flagelodunak sortzen dira.
· Ehun baskularrik edo ehun eramailerik ez duten landareak dira. Urak eta elikagaiak landarearen azaletik barrena sartzen dira, zelula batzuetatik besteetara pixkanaka iraganez, eta ezin dira garraiatu distantzia luzeetan.
Onddoak, beste erreinu bat
Urte askotan zehar onddoak landareen erreinuan sartu ziren. Zelula-paretak eta espora bidezko ugalketa bereziki landareenak diren ezaugarriak dira. Baina klorofilarik ez edukitzeak eta elikadura heterotrofoak argi eta garbi bereizten ditu landareen mundutik. Onddoak berezko erreinu bat dira, eta ehun eta hogei mila espezie baino gehiago biltzen dira.
Batzuk zelulabakarrak dira, legamiak adibidez, eta, beste batzuk, zelulanitzak. Onddo zelulanitzak mizelio izeneko masa baten inguruan erantsitako filamentu zatikatuez edo hifaz osatuak daude.
Onddoen jatorria zelula flagelatuen aitzindari komun bat izan zitekeela uste da. Izan ere, zelula flagelatu horiek sufre ez organikoa edo nitrogenoa erabiltzen dute energia-iturri gisa (kimiotrofoak). Onddoek, ondoren, saprofitismorantz eboluzionatu zuten (materia organiko hilaren bidez elikatzea). Ildo ebolutibo batzuk parasito bilakatu ziren; uretatik irten ziren eta lehortzea saihestu zuten ostalariaren barruan biziz.