Metazooak (II)
- TEST: Zer da zer?
- TEST: Gezi bidez lotu
Hegaztiak
Hegaztiak, itxuraz narrastietatik guztiz desberdinak badira ere, narrastietatik datoz. Hegaztien ezaugarri garrantzitsuenak hauek dira:
- Isolamendu termikoa ematen duten lumak edukitzea. Lumek, gainera, funtzio garrantzitsu bat egiten laguntzen dute, hots: hegan egiten. Hegan egiteak eraldaketa asko ekarri zituen berekin: aurreko gorputz-adarrak hego bihurtu ziren, muskulu-sistema indartzearekin batera; eskeletoa eraldatu zen; muskuluen oxigenazioa ahalbidetzen duen aire-zakuen sistema bat garatu zuten.
- Bihotzak lau barrunbe independente ditu (bi aurikula eta bi bentrikulu). Horri esker, oxigenoa muskuluetara garraiatzean, eraginkortasun handiagoa dute.
- Ugalketa obiparoa, baina, narrastiena ez bezala, ernaldutako arrautzak inkubatu egiten dira.
- Hortzik gabeko ahoa, moko korneo bat dutela. Mokoaren forma elikadura-egokitzapen bakoitzaren arabera aldatzen da. Urdailak edo errotak elikagaia birrindu egiten du, eta hestearen amaieran kloaka legoke. Bertan amaitzen dira, baita ere, ugaltze-aparatua eta iraizte-aparatua.
Ugaztunak
Obiparo izatetik bibiparo izatera
Ugaztunak duela berrehun milioi urte azaldu ziren, dinosauroen garairik gorenean, baina dinosauroak desagertu ziren arte ugaztunek ez zuten hedatzeko aukerarik izan. Hala ere, garai hartan, ugaztunek beren berezko ezaugarriak garatu zituzten: homeotermia, bibiparismoa, ilea eta garun-garapena. Bibiparismoa ugaztunena bakarrik ez den ezaugarri bat bada ere, ugaztunen artean, karena agertzearekin batera, perfekzio-maila handia izatera iritsi da. Karena amaren eta fetuaren odol-kapilarrez eratutako organoa da. Amatik fetura iragaten dira elikagaiak eta oxigenoa, eta fetutik amara CO2 eta hondakin-substantziak.
Enbrioia amaren sabelean garatzen den epealdi horri ernaldia esaten zaio. Enbrioia guztiz babestuta dago eta amari ez dio bere mugikortasuna mugatzen. Jaio ondoren, kumeek harreman estua edukitzen jarraitzen dute edoskitze-aldian.
- Monotrematuak: ugaztun primitiboak dira, oraindik obiparoak baitira. Gaur egun ornitorrinkoak eta ekidnak sartzen dira talde horretan.
- Martsupialioak: lehenengo ugaztun bibiparoak dira, baina ez dute karenarik. Gaur egun batez ere Australian aurkitzen dira (kanguruak, koalak eta abar).
- Ugaztun karenadunak: karenak hobekuntza garrantzitsu bat ekarri zuen, eta martsupialioak baztertu zituen, ugaztun karenadunek horien lekua hartu baitzuten. Ondoko ezaugarriak dituzte:
- Isolatzaile termiko gisa funtzionatzen duen ilez estalitako azala.
- Kumeak elikatzeko ugatzak, emeetan funtzionalak.
- Garezurraren garapen handia. Garezurraren barruan entzefalo konplexu bat dago, oso perfekzionatuta dauden zentzumen-organoen funtzionamenduaz arduratzen dena.
- Elikagai-motaren araberako hortzeri espezializatua.
- Zirkulazio bikoitz eta osoa, hegaztiek bezala.
- Diafragma duen arnas aparatua.
- Soinuak egiteko gai diren ahots-kordak dituen laringea.
- Lekualdatzeko moduaren arabera egokitutako gorputz-adar ugari.
Primateetatik gizakira
Primateak zuzenean ugaztun intsektujale arborikolen enborretik etorri ziren. Goi kretazeoan azaldu zirela uste da.
- Prosimioak: hirurogei milioi urteko antzinatasuna dute. Lemuridoak eta tarsidoak gaur egun arte iritsi dira, baina eboluzio-endekapen osoa duen talde bat da.
- Tximinoak: Afrikan sortu ziren, eta handik kontinente guztietara hedatu ziren. Mundu Berriko tximuek edo platirrinoek, Hego Amerika okupatu zuten, eta independenteki eboluzionatu ziren. Afrikan geratu zirenek Mundu Zaharreko tximuak edo katarrinoak sortu zituzten. Horietatik, pongidoak (gorilak eta txinpantzeak) dira ezagunenak, eta gizakiaren senide hurbilenak.
- Hominidoak: beren eboluzioari buruzko ezagutzak oraindik zenbait hutsune ditu.
- Australopithecus: duela sei milioi eta erdi urte azaldu zen. Posizio tentea mantentzen zuen, bere pelbisaren egitura zela eta. Bost behatzetako eskua perfekzionatu egin zen, eta gareezurraren edukiera eta garunaren konplexutasuna asko areagotu ziren.
- Homo habilis: duela bi milioi eta erdi azaldu zen. Denbora luzean zehar australopitekoekin batera bizitzea litekeena da. Lehenengo lanabesen fabrikazioa egozten zaio. Garezurraren itxura gizatiarragoa da: altuagoa, biribilduagoa eta hezur finagoak dituela. Hortz txikiak ditu.
- Homo erectus: milioi bat urte beranduago azaldu zen Afrikan, eta Europa eta Asiara hedatu zen. Sua eta harrizko aizkorak erabiltzen zituen, baina ezaugarri fisiko oso primitiboak mantentzen zituen.
- Homo sapiens: gutxi gorabehera duela milioi erdi bat urte azaldu zen, homo erectusetik abiatuta eboluzionatuz. Subespezie batzuk ditu: Neanderthal gizakia (Homo sapiens neanderthalensis), eta Cromagnon gizakia (Homo sapiens sapiens). Azken hori gizaki modernoari dagokio.
Babuinoaren, gorilaren, txinpantzearen eta gizakiaren eskeletoak. Grabitate-gunea adierazita dago.
Giza aparatuen funtzioa
Bizitzeak etengabeko energia-jarioa eskatzen du. Aparatu batzuen bitartez lortzen du gorputzak energia hori: arnas aparatutik oxigenoa lortzen du; digestio-aparatutik materia eta energia; zirkulazio-aparatua oxigenoa eta digestioaren produktuak zeluletaraino garraiatzeaz arduratzen da, zelulek funtziona dezaten. Iraitz aparatua prozesu horretan sortzen diren hondakinak ateratzeaz arduratzen da, gero gorputzetik kanpora botatzeko.
Ugaztunen ezaugarriak
- Pentadaktilia; bost behatz, beste lauen aurrean jarri daitekeen erpuru bat dutela.
- Bereizi gabeko dieta dela eta, egitura sinpleko eta primitiboko atzeko eta aurreko haginak. Orojaletasunerako joera.
- Azkazal lauak eta biribilduak, hatz-punta sentikorrak.
- Defentsa eta erasorako lanabesik ez, baina bizkortasun eta zuhurtasun handiz hornituak, zuhaitzetako bizitzarako oso garrantzitsuak.
- Garunaren tamaina eta konplexutasuna handitzea.
- Usaimen handiaren zentzumena galtzea, baina ikusmen oso perfekzionatua, distantziak kalkulatzea ahalbidetzen duen aurretiko ikuspegia.
- Garezurra garatzea eta aurpegia txikitzea.
- Homo sapiensean mintzaira artikulatua eta pentsamendu kontzeptuala.
