Jean-Pierre-Armand David (1826-1900). Bizitza zientziari emana
- TEST: Egia edo gezurra?
- BIBLIO: Bibliografia (1)
Jean-Pierre-Armand David Halsouet Ezpeletan jaio zen, 1826ko irailaren 7an. Aitarengandik jaso zuen naturzaletasuna gero hain naturalista handia bilakatuko den eta biogeografian hain ekarpen garrantzitsuak egingo dituen ezpeletarrak.
Armand David 1850ean apaiztu zen Parisen lazarista modura. Italiako Savonan egon zen irakasle 1861 arte, eta 1862an abiatu zen Pekinera misiolari gisa. Pariseko Natur Historiako Museoko irakasle askoren mandatuak zituen, bertako fauna eta florako aleak bildu eta Frantziara bidal zitzan. Hasieran Pekin eta inguruetan egindako ibilaldietan bilduma zoologiko eta botaniko oso interesgarriak osotu zituen, eta Parisera bidali.

Jean-Pierre-Armand David
Txinako natura aztertzen
Urte horietako aurkikunderik garrantzitsuena, ordea, txineraz sseu-pou-siang zeritzona izan zen. Inork ez zuen animalia hori ezagutzen, enperadorearen parkean bizi baitzen soilik, eta bertara sartzea heriotza-zigorraz zigortuta zegoen. Nolanahi ere, Armand Davidek ehunen bat ale ikustea lortu zuen eta orein-espezie ezezagun bat zela konturatu zen. Parisen oso espezie interesgarritzat jo zuten: Elaphurus davidianus izen taxonomikoa ezarri zioten. Honen ondotik, orein-espezie honen bikote ugaltzaile gutxi batzuk Europako zooetara iritsi ziren. Alabaina, ardura faltaz edo, konturatu orduko Europako aita Daviden orein gehienak hil egin ziren.
Armand Daviden material biologikoaren kalitate aparta zela eta, Parisko Natur Historiako Museoko adituek lazaristen buruari aita David misiolaritzatik askatzea eskatu zioten, natur lanetan buru-belarri murgiltzeko.
Halaxe, 1866tik aurrera, Armand Davidek hiru espedizio nagusi egin zituen, Pekinetik abiatuta: bata Mongoliarantz, bigarrena Tibeterantz, eta azkena Txina zeharkatuz, iparretik hegorantz. Eta hainbat neke, izerdi, gose, egarri eta gaixotasun jasan zituen.
Pandak ehizatzen
Tibetera eginiko bidaian egin zituen Armand-Davidek bere bizitzako aurkikunderik aipagarrienak, panda famatua, besteak beste. Moupin printzerrian aurkitu zituen animalia eta landarerik interesgarrienak.
Hara iritsi aurretik, ordea, Sichuan probintziako hiriburuan, Chengdu-n alegia, hartz zuri bat aurkituko zuela esan zioten. Ursus thibetanus Himalaiako hartz beltzaren barietate albinoren bat izango zela pentsatu zuen. Hala ere, ehiztariei hartz zuri-beltza harrapatzea agindu zienean, besteak beste, "hartz zuri" gazte bat ekarri zioten, baina, tamalez, hilik.
Izatez zuria zen ia osorik, lau soin-adarrak, belarriak eta begi-inguruak, aldiz, beltzak ziren. Armand Davidek espezie berritzat jo zuen berehala. Eta espeziearen behin-behineko deskribapena bidali zuen Parisera, lehenbailehen argitara emateko. Espezie aurkitu berriari Ursus melanoleucus izen binomiala ezarri zion, hartz zuri-beltza zelakoan; gaur egun Ailuropoda melanoleuca erabiltzen da.
Mila panda baino gutxiago daude munduan, eta, animaliarik urrienetarikoa izateaz gainera, ospetsuenetarikoa ere bada. World Wildlife Fund erakundeak ikur modura hautatu zuen, eta nahikoa famatua bihurtu da.
Panda handiaren aurkikuntza oso garrantzitsua izan arren, ez da bakarra izan. Izan ere, panda handia aurkitu zuen egun berean, ehiztari berberek Pteromys alborufus katagorri hegalaria eroan zioten, besteak beste. Eta tximinoa ere bertan topatu zuen.
Agure-itxurako tximino hori odolusten eta azken hatsa ematen hurbil-hurbiletik ikusi zuen. 1869an ehiztariek sei tximino ekarri zizkioten, ordura arte ezezaguna zen espezie batekoak zirenak. Tximino horiek, urre-tximino sudurmotzak, 3.000 m-ko mendietako zuhaiztietan bizi ziren, elurrez zuritutako lekuetan.

Urre-tximino sudurmotzak
Berde-urdinxka edota turkesa-koloreko aurpegia zeukaten, eta sudurra motz-motza; buru-aldea laranja-kolore bizikoa. Bizkarra zetazko ilaje urrekaraz estalia. Pariseko Museoko Milne-Edwards-i XVI. mendeko koadro batean agertzen zen Roxellana kortesana errusiarra ekarri zion gogora. Urre-tximinoaren eta sultanaren antza hain zen ikaragarria, ezen tximinoaren zientziarako izena Rhinopithecus roxellanae ezarri ziola.
Bestalde, datu deigarri batek urre-tximinoa ospetsu egin du, yetiaren
mitoaren azalpen modura erabiltzea, alegia. Mito honen azalpen arrazional
baten bila, elurretan topatutako oinatzak tximino-espezieren batenak izan
zitezkeela plazaratu zen 1937an. Eta oinatz horien bi egile posibleren artean
aita Daviden Rhinopithecus roxellanae urre-tximinoa zegoen. Bitxia
bada ere, lehenago, Armand Davidek yetiaren aipamena-edo egin zuen bere
egunkarian.
Eboluzionista faisaiei esker
1870ean, Moupinetik itzultzean, osasunez oso eskas zegoen, eta Europara itzuli behar izan zuen sendatzera, gerra franko-prusiarraren egunetan, hain zuzen. Hori dela-eta, Italian, ikasle izandako Giacomo Doria markesaren etxean gelditu zen. Bertan, Charles Darwin-en Espezieen jatorriaz irakurri zuen,1859ko liburua.
1872an berriro Txinara abiatuko da hirugarren esplorazio-bidaiari ekiteko. Txinan barrena zebilela liluratuta gelditu zen hango faisaiekin. Orotara ia 40 espezie zeudela idatzi zuen; eta endemikoak, hau da, soilik han, eta ez beste inon, bizi direnak. Bere hirugarren bidaiaren egunkari honetan, gainera, Darwin-en ildotik, eboluzioaren alde azalduko da: oinarrizko faisaia lur gainean kokatu eta gero, eraldaketaren ondorioz, arrazatan eta barietatetan bereizi zela eta espezie eta genero berriak sortzen direla defendatzen zuen aita Davidek.
Armand David, XIX. mendeko abade ezpeletarra eta pandaren aita, Euskal Herriak eman duen jakitun handienetarikoa, zientzialari frantsesek berandu samar onetsi zuten eboluzionismoaren aitzindaria izango da.
Lazaristak
San Bizente Paul-ekoak 1625ean sortutako Misioko Apaizen Kongregazioko kideei esan ohi zaie lazaristak. Parisko San Lazaro prioretxean egoitza nagusia izan zutelako esaten zaie horrela.
San Bizente Paul-ekoa (1580-1660) Akize ondoko Pouy-koa zen. Akizen eta Okzitaniako Tolosan ikasi ondoren 1600ean apaiztu zen. Marseillara egin zuen bidaia batean pirata turkiar batzuek bahitu zuten eta Tunisian saldu esklabo gisa. Bere jabeak kristautu ondoren 1607an aske geratu zen. Frantziara itzuli eta apaiz egon zen Parisetik gertu. 1625ean lazaristen kongregazioa sortu zuen. Hau lehenbizi Frantzian hedatu zen eta gero Italian, Tunisian, Aljerian, Irlandan, Madagaskar-en eta Polonian. Jesusen Lagundiaren arauak hartu zituzten eredutzat eurenak egiteko. 1783an jesulagunak ordezkatu zituzten Txinan.
Ailuropoda melanoleuca
Panda handia bere umearekin
Panda Handia esan ohi zaion animaliaren izen zientifikoa. Txina eta Tibeteko eskualde menditsuetakoa da. Ia banbua besterik ez du jaten. Arriskuan daude, beren bizilekuak gero eta gehiago murrizten ari direlako eta jaiotze-tasa txikia dutelako. 1869an eman zuen lehenbizikoz mendebaldean ezagutzera aita David-ek
Davidia involucrata
Davidia involucrata ren loreak
Davidia involucrata zuhaitz hosto-erorkorra da, jatorriz Txinakoa, laster samar hazten dena eta 20-25 m-ko garaiera har dezakeena. Lore ederrak ematen ditu maiatzean eta fruituak 3 cm inguruko ale gogor batzuk dira, barruan lauzpabost hazi izaten dituztenak. Davidia izena aita David-en izenetik dator, hain zuzen. Espeziea Europan eta Ipar Amerikan 1904an sartu zen eta zuhaitz apaingarri gisa erabiltzen da.
Pinus armandii
David-en pinuaren pinotxa
Pinu handi bat da. Hostoak bosnakako sortatan ditu, 8-15 cm-ko luzera dutenak. Pinotxak 14 cm ingurukoak ditu. Azala arrakalatua du. Erretxina koloregabea du. Txinan eta Japonian aurkitzen da mendi garaietan. David-en pinua ere esaten zaio aita David-en izena gogoratuz.
Elaphurus davidianus
Aita David-en oreina
Aita David-en oreina ere esaten zaio. Berez Txinakoa da. K.o. 200. urtearen inguruan desagertua zen animalia basati gisa, baina batzuk Txinako enperadorearen Ehizako Parkean mantendu ziren eta horri esker irauten du. Gaur egun basati Pekingo Milu Parkean eta Dafeng-eko Aita David-en oreinen erreserba naturalean aurkitzen dira. Hainbat zoologikotan ere badago. Adarrak oreinarenen antzekoak ditu, lepoa gameluarenaren itxurakoa, hankak idiarenen modukoak eta isatsak astoarena ematen du.
