Biodibertsitatea
- EXTRA: Berehalako galzoriko espezieak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Ezagutzen dugun espezie-barietatea, biodibertsitatea alegia, Lurrean biziaren egonkortasunaren neurri bat da. Barietate biologikoa zenbat eta handiagoa izan, ingurugiroaren aldaketei aurre egiteko izaki bizidunen gaitasuna ere handiagoa izango da, eboluzionatu dezaten. Lurrean 500 milioi espezie desberdin bizi izan dira, eta gaur egun arte horietatik %1 iritsi da, kausa naturalen ondorioz espezieak desagertzeagatik eta gizon-emakumeen ekintzen eraginagatik. Urtero milaka espezie desagertzen direla kalkulatzen da, eta 2025 urterako gaur egun bizi direnen erdia galdu daitekeela uste da. Horregatik gure inguruko biodibertsitatea ezagutzea oso garrantzitsua da berau babestu ahal izan dezagun.
Biodibertsitatea edo dibertsitate biologikoa, eremu zehatz batetan bizi diren izaki bizidunen barietatea da. 1992. urtean Rio de Janeiron egindako Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmenaren 2. artikuluak dioenez, dibertsitate biologikoa zera da: "edozein iturriko organismoren aldagarritasuna, ekosistema lurtarrak eta beste ekosistema urtarrak barne hartuz, baita horiek aurkitzen diren konplexu ekologikoak ere." Dibertsitate genetikoak gizaki bizidunen barietatean du eragina.
Biodibertsitatea neurtzeko erarik sinpleena, ekosistema batean dagoen espezie desberdinen kopurua zenbatzea da. Deskribatutako espezie-kopurua 1,7 milioikoa da. Hala ere, hogeita hamar edo ehun milioi espezie dagoela uste da.
Urtero gutxi gorabehera 10.000 espezie berri deskribatzen dira. Gehienak, %62a, intsektuak dira (batez ere koleopteroak, 2.300 inguru urtero). Baina urtero 15 edo 20 ugaztun espezie desberdin aurkitzen dira (karraskariak, saguzarrak eta Hegoamerikako primate txikiak, urtean bat 10 urtetik hona) eta bat edo bi hegazti espezie, hau baita ondoen katalogaturik dagoen taldea. Aurkikuntza hauek guztiak alderdi tropikaletan izaten dira gehienbat.
1992.ean Rio de Janeiron egindako konferentziaren ostean, biodibertsitatearen terminoak hiru kontzeptu biltzen ditu:
- Lurrean bizi diren espezieen dibertsitatea, eta barietatea espezie bakoitzeko kopuru erlatiboa bezain garrantzitsua da.
- Ekosistemen dibertsitatea. Ekosistemen barietatearen murrizketak, horiek sortutako inguruneak desagertzearekin batera, espezie barietate osoetan ondorio txarrak ekarriko lituzke.
- Dibertsitate genetikoa. Izaki bizidunek, dauzkaten gene desberdinei esker, eboluzionatu egiten dute eta beren arteko gurutzaketaren bitartez aberasten dira, hautespen naturalaren ekintzaz inguruko baldintzetara moldatzeko gaitasuna izanik.
Biodibertsitatearen murrizketa
Lurraren historian zehar, 500 miloi bat espezie desberdin bizi izan dira. Horietatik %1a gutxi gorabehera gaur egun arte iritsi da. Bi desagerpen-mota daude: naturalak eta ez-naturalak.
Desagerpenak eta dibertsitate-galera naturalak
Historia geologikoan zehar gertatutako desagertze masiboen ondoren, inguruneko baldintzatan gertaturiko bat-bateko aldaketa esplikagaitzen ondorioz, biodibertsitate-galera izugarriak gertatu izan dira.
Desagertze masiboen artean, famatuena Kretazeoaren amaierakoa da (Mesozoiko Aroa), orain dela 65 milioi urte. Epe horretan, ordura arte bizi ziren %50 eta %90 bitarteko espezieak galdu egin ziren. Desagerpen honen barruan dinosauruen suntsipena sar daiteke.
Desagerpenak eta dibertsitate-galera ez-naturalak
Gizakien ekintzen eraginez naturan biodibertsitate galtze azkarra gertatzen ari da. Kausa garrantzitsuenak hauek dira:
- Obra publiko handien eraikuntza. Azpiegiturak sortzeko zingirak lehortzen dira, padurak aldatu eta oihanak gutxitzen dira.
- Nekazaritza-praktikak. Labore-lur gehiago lortu ahal izateko praktika hauen ondorioz deforestazioa gertatzen da maiz eta horrekin batera ura eta lurzorua kutsatzen duten pestizida eta ongarri kimikoak erabiltzen dira.
- Animalien ehiza. Harrapariak desagerpeneraino ehizatzea, ehiztarien arteko lehia gisa nahiz abereentzat mehatxu bat zena, orain dela gutxi arteko praktika normala izan da.
- Espezie exotikoen merkataritza. Bildumazaletasuna, ustezko sendatzeko propietateak dituzten espezieen harrapaketa.
- Turismo ugaria. Ekosistemaren garapen normala oztopatzen du.
- Espezie berrien sarrera. Nahigabeko modu batean (beharrezko arreta gabeko desplazamendu eta garraioagatik) edo helburu zehatzekin (izurrien aurka borroka egiteko edo etekin handiagoak atera ahal izateko).
- Jarduera industriala. Atmosfera eta uren kutsadura dakar, eta planetarentzat hainbat ondorio larri eragiten ditu. Hauen artean ozono-geruzaren murrizketa, tenperatura globalaren gehikuntza edo euri azidoak.
Desagerpenak
Biodibertsitatearen murrizketaren adierazpen larriena desagerpenak edo espezieen suntsipena dira. Oso zaila egiten da desagertze-erritmoa kuantifikatzea, bi arrazoiengatik:
- Espezie batzuk ezagunak izatera iritsi baino lehen desagertzen dira.
- Ezaguna dugun espezie bat galdu dela ziurtatzeak behaketa-mota asko eskatzen ditu.
Urtero milaka espezie desagertzen direla kalkulatzen da eta 2025. urterako gaur egun bizi direnen erdia galdu daitekeela uste da, batez ere gizakien ekintzez ondorioz (desagertzeen %99a baino gehiagoren arduradunak dira).
Desagertze arriskua Iberiar penintsulan
Iberiar penintsulan espezieen %26a arriskuan edo desagertzeko zorian dago. Egoera latzenean dauden espezieak hauek dira: Mediterraneoko Fraide itsas txakurra, hartz arrea, katamotz iberiarra, sai beltza, ugatza, amiamoko beltza, arrano inperiala, Kanarietako rabiche usoa, kamaleoia, El Hierro-ko musker erraldoia, Balearretako apoa eta gaizkata, fartet eta samaruc bezalako arrain-motak, isabelina tximeleta eta rosalia kakalardoa.
Suntsitzeko egoera larrian egon daitezkeen espezieak sai zuria, basakatua eta igaraba dira, baina askoz gehiago izan daitezke fidagarriak ez diren datuen arabera, otsoa adibidez.
Ekosistemen zatiketa
Eremu naturaletan azpiegiturak eraikitzeak ekosistema askoren zatiketa eta aldaketa dakar. Horren ondorioak hauek izan daitezke:
- Bizitzeko elkarren arteko mendekotasuna daukaten espezieen banaketa.
- Espezie bat bizirik irauteko beharrezkoak diren mugimendu migratzaileak gertatzeko ezintasuna. Adibidez, presen eraikuntzek eragotzi egiten dute izokinek ibaien ibilguetako leku altuetara errunaldirako itsasotik hasten duten bidaia.
- Espezie baten kopurua handitzeak, harrapatzen dituen beste espezieen populazioaren aldaketa ekarriko du.
