BIOLOGIA

«« Itzuli

Ekosistema urtarrak

Euskal hezeguneak

Hezeguneek beste euskal ekosistema osatzen dute. Itsasertzean bi adibide nabarmentzen dira: Urdaibaiko Biosfera Erreserba eta Txingudiko badia; gune natural hauek bereziki garrantzitsuak dira beren aberastasun ornitologikoagatik.

Badira txikiago eta ezezagunagoak diren kostaldeko beste hezegune batzuk; hala ere, garrantzitsuak dira. Barrualdean ere hezeguneak aurki daitezke. Hidrologia-, geologia- eta ekologia-balio handiko gune naturalak dira, bere osaeraren ondorioz bakarrak diren hainbat espezien habitatak direlako.

  • Urdaibaiko Biosfera Erreserba. Bizkaiko golkoan kokatzen da, Busturialdeko eskualdean. Babestutako gune honen aberastasuna paisaien eta orografien barietatean datza; ibaiko ibarrez eta padurez gain, hondartza, baso, ibai eta itsaslabarrez osatuta dagoelako. Urdaibain 25 landaredi-mota desberdin aurki daitezke. Erreserba honetan dauden biotopoen barietateak garrantzia handiko eta era askotariko fauna bat izatea ahalbidetzen du: hegaztiak, ugaztunak, urlehortarrak, narrastiak, intsektuak, arrainak, moluskuak eta krustazeoak.

    Nabariak dira bertako padurak, gune honetan hegazti-fauna anitza baitago. Horrez gain, Urdaibai Europa eta Afrika artean migratzen diren hegaztientzako igarobide eta atseden-lekua da. Hau dela eta, ornitologiaren ikuspuntutik, paseko hegaztientzako gune aberatsenetariko bat bihurtu da Euskal Herrian.

  • Txingudiko badia. Bidasoa ibaiaren bokalean aurkitzen da, Irunen (Gipuzkoa). Badia horrek balio ekologiko handiko hainbat gune naturalak ditu. Bere padura-sistemak 11 kilometrotakoa da; sakonera, 5 m baino gehiagokoa; eta zabalera, km bat baino gehiagokoa. Txingudiko biotopoetan irlak, padurak, hareatzak, urertzak, lezkariak, nekazaritza-eremuak eta basoak aurkitzen dira. Txingudi oso leku garrantzitsua da, bertan hegaztiek elikatu eta atseden hartu dezaketelako; hori dela eta, bertan bizi dira florako eta faunako espezie anitz.