«« Itzuli
Ekosistema lehortarrak
Aiako Harriko Parke Naturala
Pirinio inguruko mendietan kokatutako zona menditsu hau Euskadiko zaharrenen artean dago eta bertako mendigune harritsuak bere aberastasun geologikorik handienetariko bat dira. EUSKADIKO PARKE NATURALAK
Landaretza
Aiako Harria ur-jauzi, amildegi eta haran estuetako segida batek osatzen du eta pago eta haritzentzako habitat hobezina dela esan dezakegu. Añarbe eta Endarako hariztiak eta Oianlekuko pagadia dira bertako baso naturalik ezagunenak. Balio handiko beste landare-mota batzuk daude, adibidez esfagnaleak, erreketatik hurbil dauden zonetan agertzen diren goroldio-multzoak.
Fauna
Fauna baso itxiko zona menditsuetako ohikoa da, batez ere basurde eta orkatz komunitateez, sai arreez eta era guztietako hegazti intsektujaleez osatuta dago, eta bertako ibaietako zatirik malkartsuenetan izokin preziatua ere agertzen da. 150 animalia espezie desberdin zenbatu dira gutxi gorabehera.
Parkeak bisitarien presio gogorra jasan behar du, inguruetan biztanle asko dituzten guneak daudelako (Irun eta Hernani, esate baterako). Sarbide errazeko jolasguneak ugari dira. Parkeak beste gauza erakargarri batzuk ditu, adibidez meatzeetako ustiategien hondakinak, batzuk erromatarren garaikoak, Arditurrikoak bezala, industri instalazioen hondakinak eta trenbide trazatuak. Parke honetan Historiaurreko hondakinak ere ugari dira, batez ere hilobiak eta antzekoak, lurralde honetako antzinako okupazioa erakusten dutenak.
Aiako Harriari buruzko informazioa.