Migrazioak
- INFOGRAFIA: Hegaztien eraztunketa
- LINK: Kanpo loturak (3)
Egokitzeko modu berezi bat espezie batzuek egiten duten migrazioa da: negua edo ugalketa-garaia iristen denean, ehunka animaliak bidaia egiten dute bizirik irauteko lekurik egokienen bila. Lekualdatze horiek, batzuetan, milaka kilometrokoak dira. Espezie bat, aldizka-aldizka, berea ez den habitat batera lekualdatzen denean, migrazioa burutzen duela esaten dugu.
Migrazioa eragiten duten arrazoiak bi motatakoak dira: elikagaien bila joatea (migrazio trofikoak), eta galketa edo hazkuntza (ugalketa-migrazioak).
Espezie migratzaile batzuek distantzia luzeak betetzen dituzte. Iparraldeko tundrako kurriloek Gallocantako aintziran (Zaragoza) eta Extremadurako hainbat lekutan igarotzen dute negua. Marrazkian ikus dezakezu gune horietara iristeko egiten duten bidea. Hala ere, bidaia guztiak ez dira hain harrigarriak: hegazti asko, bidaia laburragoan, Europa erdialdetik Mediterraneoraino lekualdatzen dira.
Kurriloek neguan jarraitzen duten ibilbidea
Itsas migrazioak
Itsas migrazioen artean, bi mota daude Batetik, itsasoan, beste inon sartu gabe, burutzen direnak. Bestetik, ur gazi eta gezen artean burutzen direnak.
Atunak lehenengo migrazio-motaren adibide argiak dira. Neguan Ipar Atlantikoan bizi dira, baina udaberria iristen denean, penintsula Iberikoaren hego-mendebalderaino lekualdatzen dira.
Aingirak, berriz, ur gezetan du bere habitat naturala. Ugaltzeko unea iristen zaionean, ehunka kilometro egiten ditu itsasora iritsi arte. Hara iristean, arrautzak errun eta hil egiten da. Senak ibaira bultzatuko ditu arrautzetatik jaiotako kumeak.
Izokinak aingiraren antzeko jokabidea du, baina alderantzizko bidaia egiten du. Itsaso eta ozeanoetan bizi ohi da, eta ibaietan barrena sartzeko ahalegina egiten du ugalketa-garaian. Sena hain da indartsua, ur-jauzi txikiak ere gainditzen ditu bere bidean aurrera egiteko.
Arrainak ez dira migrazioa burutzen duten itsas izaki bakarrak. Dortoka espezie askok belaunaldiz belaunaldi hondartza berberean egiten dituzte habiak, nahiz eta beren habitata milaka kilometrotara egon. Ugaztun bidaiariak ere badaude: balea grisek, esaterako, hilabeteak eta hilabeteak ematen dituzte igerian Ozeano Artikotik Kaliforniara joateko.
Hegaztien migrazioa
Hegaztien urtaroko lekualdaketak hiru motatakoak izan daitezke:
- Latitude-migrazioak. Hegaztiek Iparraldetik hegoaldera hegan egiten dute, klima epelagoaren bila. Bidaia horiek burutzen dituzten espezieek distantzia handiak betetzen dituzte.
- Luzera-migrazioak. Ibilbideak laburragoak dira. Ekialdetik Mendebaldera egiten dira, kontinente baten barnealdetik kostaldera.
- Altitude-migrazioak. Hainbat espezie mendi tontorretatik haranetara lekualdatzen dira edo, bestela, mendi txikiagoetara.
Espezie migratzaile asko gure zeruetatik igarotzen dira Iparraldetik Hegoaldera egiten duten bidaian. Urdaibai eta Txingudi parke naturaletan, adibidez, espezie migratzaile mota asko biltzen dira atseden hartu edo negua igarotzeko.
Migrazioen jarraipena
Ornitologoek hegaztien migrazio-ibilbideak ikertzen dituzte. Eta hori egiteko, hiru metodo hauetako bat erabiltzen dute:
- Eraztuna jartzea. Hegazti-ale batzuk harrapatzen dituzte eta hanka batean uztaitxo bana ipintzen diete. Uztaitxo horrek hegaztia identifikatzeko zenbaki eta letra batzuk izango ditu (sexua, adina, lumajea...). Gero, libre uzten dituzte, euren bidea jarrai dezaten. Berriro harrapatzen badituzte, egindako ibilbidea eta abiadura kalkulatu ahal izango dute.
- Irrati-telemetria. Irrati-transmisore bat jartzen diote hegaztiari, hainbat antenaren bidez haren higidurak jarraitzeko. Horrela, unea-unean daraman abiadura eta altitudea zein den jakin dezakete.
- Zuzeneko behaketa. Hau da sistemarik errazena. Ornitologoa hegaztiak igarotzen diren lekuan jarriko da eta ikusten duena jaso egingo du idatziz.
Aingirak
Laku edo urmaheletan bizi diren aingirak lurrean arrastaka ibili ahal dira, itsasora eramango dituen ibaiarekin topo egitearren. Animalia hauek uretatik kanpo bizi ahal dira denbora tarte batean, beren azalak kapilar sistema dentsoa duelako eta brankietako zuloak txikiak dituztelako hezetasuna mantentzeko.
Gainera, aingirek belar hezea bilatzen dute senak aginduta, eta bertan hobeto bizi izaten dira. Ahalegin horiek ez dira ezer gero 20 milioi arrautza jarri ahal izateko...
