BIOLOGIA

«« Itzuli

Zientzia museoak

Munich-eko Deutsches Museum

Munich-eko Deutsches Museum

2001/01/01

Deutsches Museum Munich-en dago, Isar ibaiaren ertzean, Ikatzaren Uhartea deritzonean. Leku horretan hondartza bat zen, ibaian zebiltzan gabarrak aprobetxatzen zutena zamak hartzeko eta uzteko. Eraikuntzarako zura eta ikatza egoten ziren pilatuta eta hortik dator hain zuzen uhartearen izena. 1772an leku horretan Bavariako Dukeak barrakoi batzuk eraiki zituen militarrentzat. 1885ean militarrek lekua utzi egin zuten. Horren ondoren, denbora batez, erakusketak eta jaialdiak egiteko eta bainuak hartzeko erabiltzen zen. 1903an Oskar von Miller ingeniari ospetsuak Londresko Zientzia-Museoa eta Pariseko Conservatoire des Arts et Métiers eredutzat hartuta Deutsches Museum diseinatu zuen. Oskar von Miller-ek museoak antolatzeko kontzepzioa aldatu zuen: bisitariei irakastea eta haiek entretenitzea konbinatu nahi zituen. Teknologia eta natur zientziak guztioi eskueran jarri nahi zizkigun. Saiakuntzak egitea eta liburutegian ikastea, hitzaldiak eta bilkurak bultzatzen ditu. Nazioarteko museo bat nahi zuen, teknologiaren eta natur zientzien adar guztiak hartuko zituena, historian gertatutako garapenak eta azken orduko teknologia erakutsiko zituena. Espezialitateka dago antolatuta: fisika, kimika, matematika, argikuntzaren ingeniaritza, hozteko teknologia, laborantza, etab. Eraikinaren lehen egitasmoa 1906koa zen arren, gerrak, ekonomi krisialdiek, etab. 1925 arte atzeratu zuten hura amaitzea. 1944an bonbardaketa batek ia guztiz suntsitu zuen eraikina, baina ez hainbeste bildumak. Gerra ostean, pixkanaka berreraikuntza dator, baina baita estilo-aldaketa bat ere: natur zientziak nagusitzen dira. 1983an piromano batek kalte handiak egin zituen. Azken urteotan ahalegin handiak egin dituzte teknologia berriei lekua egiteko.