1199-1200 urteetako gertaerak
Urte horietan gertatukoen ondoren Nafarroako erreinuaren mendebaldeko muga, gutxi gorabehera, gaur egunean probintziak duen muga bera da, izan ere Bureba, Errioxa eta Bizkaiko mendebalde lehen garai batean galdutakoei orain Araba, Durangaldea eta Gipuzkoako lurraldeak gehitu behar zaizkio, Mendebaldeko Nafarroa esaten zaionaren azken hondarrak alegia. Gaztelako erregeak erasotzeko izan zituen arrazoiez asko idatzi da, hau da, bere erresumarentzat merkataritza bide berriak zabaldu nahi zituela, edota emaztearen bidez Akitanian zituen interesei hurbil-hurbildik jarraitzeko aitzakiarekin, inguruko erreinuen lurraldeez jabetu nahi izan zuela. Esan behar da, bestalde, lur horiek Nafarroaren barruan zeudela berriro 1134. urteaz gero, erresuma berrezarri zutenetik alegia.
Baina horien aurretik beste gauza franko gertatu zen, eta geroenean ere gertatuko zen Pirinioetako erresuma behin eta betiko bere horretantxe ito eta ezabatu arte. XII. mendearen azken laurdenean Gaztelakoen eta Aragoikoen presioak areagotu egin ziren eta, azkenik, 1198an mendebaldetik eta ekialdetik gaztelarrak eta aragoitarrak heriosuhar sartu ziren eta, nahiz eta geroago alde egin zuten, horien mendean geratu ziren Nafarroa barrualdeko lau hiri, bakoitzarentzat bina: Inzura eta Miranda de Arga, eta Aibar eta Erronkari, hurrenez hurren.
1199. urtean berriro gaztelar soldadu osteak, errege Alfontso VIII.a buru zutela, Arabako Uda haranetik barrena sartu ziren, artean Antso VII.a Azkarra Afrikan laguntza bila zebilenean; 1200. urterako Araba, Durangaldea eta Gipuzkoa Gaztelako koroari lotu zitzaizkion. Jakin badakigu Zabalate, Trebiñu eta Gasteiz hiriek, beren gaztelu eta guzti, inbaditzaileei aurre egin zietela. Gasteiz ia urtebete egon zen hesitua, eta nafar erregearen baimenarekin soilik eman zuen amore. Zinez harrigarria da zein azkar eskuratu zituzten berriro aipatu diren lurralde horiek guztiak, Durangaldea eta Gipuzkoa bereziki. Hortik heldu da ezin amaituzko eztabaida: konkista izan zen ala orduko handikiek lurraldeak Gaztelako koroari eman zizkioten? Hor dago hiltzea, hor koska, hori da aferaren gakoa.
Ezer gutxi dakigu gertatutakoaz, eta dakigunaren iturri nagusia, alderdi baten ikuspegia soilik zuen batena da, Rodrigo Ximenez Rada garaikidearena. Horrek latinez idatzita honako hauxe utzi zuen, hots, Alfontso VIII.ak “adquisivit”, errege gaztelauak “eskuratu zuen”, hau da, mendean hartu zuen, jabe egin zen, edo nahi den antzeko edozer.
Badirudi egindakoaz ez zegoela erabat lasai Gaztelako erregea, ez zeukala zilegitzat egin zuena. Ondorio hori ateratzen da egin zuen testamentuan esaten denetik. 1204ko abenduan larri gaixotu eta beren azken nahiaz egin zuen adierazpen idatzian, testamentuan alegia, osatzen bazen Nafarroako erregeari, horrek zenbat lur izendatu hainbeste itzuliko ziola agintzen zion, “berari zegozkiolako.” Sendatu ondoren, agindutakoa erdizka eta behar zen baino geroago bete omen zuen, XIII. mendearen bigarren hamarralditik aurrera, nafar erregeak Navas de Tolosako guduan parte hartu eta gero, Marañondik Buradongo gazteluraino dauden lurrak, Toloñoko mendilerro osoa eta horren hegoaldeko sakana (Guardia, San Vicente de la Sonsierra...), soilik ikusten baititugu berriro Nafarroan.
Nafarroako erregeek ondo gogoan zituzten lurralde horiek, eta erresumak zutik iraun zuen bitartean behin eta berriro eskatu zituzten 1199tik 1200ra galdutako lurrak.
