Esteban de Garibai
Historialari eta erregeren kronikagile, Arrasaten jaio zen, 1533an. “Ahaide Nagusien” leinukoak ziren Garibaitarrak, jatorriz Oñatikoak.
Garibaik, halabeharrez, Gaztelako bidea hartu zuen zortea saiatzera. Arrasatera itzuli zenean Katalina Asurduikoarekin ezkondu zen. Seme bat izan zuten, gero fraide egin zena. 1563an hasi zen bere idazlanak eta paperak txukuntzen, eta Nafarroako historia argitze alde lan handiko egitekoa burutzen. Eta 1566an lana bukaturik bazuen ere, Garibaik ezin izan zuen ikusi argitaratuta askoz geroago arte. Alabaina arrasatearra gogotik saiatu zen dirua biltzen liburua argitaratzeko. 1568an eta 1569an Arrasateko alkate izan zen, eta 1570ean Bilbon ontzia hartu eta Flandesera jo zuen, han, Antwerpen hirian lau liburukiz osatutako Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España inprimarazteko asmotan.
Berriro etxera zenean, inprimatzeagatik, liburua josteagatik eta urrutiko lurraldeetara bidaltzeagatik egin zituen zorrak kitatzen ahaleginean aritu zen. Madrilen, bigarrenez ezkondu zen Toledoko batekin (1572az gero alargun zegoen), eta inperioko hiriburuan jarri zen bizitzen eta bertan hasi zen bere genealogia lan handia idazten eta Gipuzkoako probintziari aholku ematen. Felipe II.ak diruz lagundu zion eta, horrenbestez, ekonomiaren aldetik zituen larritasunak arindu zitzaizkion. 1592an erregeren kronikagile izendatu zuten. Azken urteetan, gorteko kronikagile izendatu eta gero, Gipuzkoako arazoez arduratzen jarraitu zuen eta eskuizkribu ugari utzi zuen geroko, horien artean zenbait liburuki, Grandezas eta Memorias izenekoak. 1599ko udazkenean hil zen Garibai, Felipe II.a hil eta handik hilabete gutxi barru. Erregeren ideal monarkikoari ahalegin osoa eskaini zion bere bizi guztian.
Bere produkzioari gainbegiratu bat egitea aski da euskaldunen egitateak eta euskalduntasuna bera ahal duen guztian ahal beste nabarmentzeko jartzen eta erakusten duen tirriaz eta grinaz ohartzeko. Grandezas delako kapitulu batzuetan hiriak nola sortu ziren, bandoen historia nolakoa izan zen, Gipuzkoan burdingintza nola moldatu zen, jabetza nola garatu zen eta merkataritza eta ontzigintza nola suspertu eta sendotu ziren ederki adierazten da. Bere herriaz mintzo ziren Erdi Aroko agiri asko zituen eskura, eta horietan Arabaz, Bizkaiaz eta Gipuzkoaz esaten zenaz baliatu zen herrialde horien egitate historiko askoren kronologia finkatzeko. Horrez gainera bera izan zen lehena Nafarroako historia kontatzean ematen den nahastean ordena pixka bat ipini zuena.
Hizkuntzari eta literaturari dagozkienetan asko zor zaio Garibairi. Bandoen eta leinuen arteko liskarrei eta borrokei buruzko Erdi Aroko euskal eresi eta poema jendearen oroimenaren zoko ezkuturen batean artean bizirik irauten zutenak, bere lan historikoan sartu zituen, eta horiekin batera esaera zaharrak, atsotitzak eta esapideak. Emakumezkoen eresiek behiala gizartean izan zuten betekizunaz lekukotasun baliotsua emateaz gainera, Garibaik bildutako eresi horiek euskal kantutegiko zaharrenak-edo dira, gure hizkuntzaren eta gure iraganaldiaren aztertzaileentzat altxor ezinago bikaina.
