HISTORIA

VIII. Gurutzada (1270-1271)

Palestinako herri gehienak mendean hartuak zituzten turkiarrek. Baita Jerusalem eta hor eta inguruetan ziren Leku Santu guztiak ere. Eta horrenbestez sutu egin zen Europako jendea, baita Aita Santua bera ere. Eta, jakina, horien kontrako gurutzada egin behar zela esaten hasi ziren aitonen semeak eta herritarrak. Bi erregek hartu zuten parte gurutzada berrian: Luis Santua IX.a Frantziako erregeak eta Champagne dinastiako Teobaldo II.a Nafarroakoak.

Sekulako gudarosteak osatzen zuen Teobaldo II.aren eta Luis IX.aren armada. Marseillan itsasoratu ziren, 1270ean. Denak Cagliari-rantz abiatu ziren, Sardinia uharteko hiribururantz. Baina ez ziren bertaraino ailegatu, Anjou-ko Karlos Siziliako errege San Luisen anaiak lurralde-interes handiak zituelako norabidez aldatzea erabaki baitzen, eta Afrikarakoa hartu zuten. Gudarosteak Tunisian kokatzeko asmoa zuen, gero, hortik, Libiatik barrena Egiptoko Kairo hiriburura jotzeko Mediterraneoko itsasbazter hegoaldekotik.

Tunisian lehorreratu ziren gurutzatuak eta bertan borrokaldi bortitzak egin behar izan zituzten musulmanen aurka. Gurutzatu euskaldunen eta frankoen etsairik amorratuena alabaina izurria izan zen. Bero egiten zuen, ura kutsatuta, kirastuta eta ustelduta zegoen, eta janaria ere hala moduzkoa. Senperrenak ikusi behar izan zituzten: milaka gurutzatu, soldadu eta aitoren seme amen batean hil zen. Luis IX.a Frantziako erregea eta horren semea bera ere izurriak jota hil ziren. Haatik, gurutzatuak berriro zutitu, antolatu eta hortzak erakutsi zizkieten musulmanei eta, horiek, besterik ezinean, amore eman eta bakea eskatu behar izan zuten.

Europara itzultzea erabaki zuen gurutzatuen gudarosteak. Siziliarantz abiatu zen. Bertan hil zen Teobaldo II.a, nafar erregea, gaixo-gaixo egon eta gero. Haren emazte Isabel erregina, Frantziako erregearen alaba, ez zen Teobaldo baino gehiago bizi izan, berehala hil baitzen. Euskaldun gurutzatuak Marseillan lehorreratu ziren, hamarrenak ondo ordaindu eta gero, hebainduta eta burumakur. Teobaldo II.a ondorengorik gabe hil zen eta, orduan, Nafarroako Erreinuko koroa bere anaia Enrike I.ak, “Lodia” esaten ziotenak, jantzi zuen.