HISTORIA

Ingelesak Gaskonian

Garona ibaiaren eta Pirinioetako haranen artean dago Gaskonia deitzen den lurraldea. IX. mendearen erdialdean Baskoniako dukerria Gaskoniako dukerri bilakatu zen, franko erregeen mende. XI. mendean Akitaniako dukerriaren mendera pasatu zen.

Akitaniako Leonor dukesak eta Frantziako Luis VII.ak beren arteko ezkontza hautsi zuten 1152an, eta horrek, halako batean Ingalaterrako errege izango zen Enrike II.arekin bigarrenez ezkontzeko aukera eman zion Leonorri. Hori dela eta, Akitania eta Gaskoniako lur, eskualde eta eremuak, oraingo Frantziaren ia sartalde guztia alegia, ingeles monarkia feudalaren mendean geratu ziren. Ingeles erregeak politika zentralizatzailea eta zapaltzailea jarri zuen praktikan, Lapurdi eta Zuberoako bizkonderrietan bereziki. Izengoitiz Lehoi-Bihotza esaten zioten Rikardo Akitaniako Leonor bere amaren lehen oinordekoak, armaz azpiratu zituen bizkonderriak eta aginte zentralizatzailea ezarri zuen eta, beste gabe, bizkonde titulua desagertu egin zen Lapurdin; Zuberoan mende bat gehiago iraun zuen.

1337tik 1453ra Frantziaren eta Ingalaterraren artean izandako gatazka aldizkakoari esaten zaio Ehun Urteko gerra. Ingalaterrako erregeak, Frantziako errege aulkiaz jabetu eta, bide batez, artile-merkataritzan ingelesekin salerosian ari ziren Flandesko hiriekin batu nahi zuen bere erresuma. Gatazka bukatu zenean, errege Karlos VII.aren gerra gizonek Mauleko gaztelua indarrez bereganatu zuten 1449an, eta horrenbestez Zuberoa frantsesen mendean geratu zen.

Lapurdi ere ingelesen azpitik frantsesen mendera pasatu zen. Konkista hori 1450ean azkendu zen, Gixune indarrez hartu zutenean. 1451n, lapurtarrek Aiherran marraz izenpetu zuten frantziar Koroari eranstea, horrek foruak errespetatuko zituela hitz eman ondoren. Baionak ere amore eman behar izan zuen: frantsesen mende geratu eta ingelesen azpian izan zituen fabore eta abantaila guztiez gabetua geratu zen.