Joana I. eta Nafarreriako gerra
Joana I.a Nafarroako Enrike I.a Lodia esaten ziotenaren alaba zen. Frantziako Felipe I.a Ederrarekin ezkondu zen eta hala, aldi berean, Nafarroako eta Frantziako erregina izan zen. Horrela amaitu zen Nafarroan Champagneko dinastia eta sortu zen Frantziako dinastia.
Bere agintaldian izaera biziko emakumea izan zen Joana eta eragin handia izan zuen senarrarengan, Nafarroaz alabaina axola gutxi, erreinuko kargu administratibo garrantzitsuenak politikari frantziarren eskuetan utzi baitzituen.
Parisen bizi zen, bere erreinutik urruti, eta horrenbestez ordezkari frantziarren eta horien aginduen kontrako matxinadak gehitu egin ziren. 1266an hasi ziren Iruñeko lau auzoen arteko istiluak: Nafarreria eta San Migel auzoetako biztanleak eta zenbait aitoren seme batetik, eta San Nikolas eta San Zernin auzoetako burges, merkatari eta eskulangile frankoak bestetik. Frankoen auzoek hainbat abantaila ekonomiko zituzten eta horrek beren arteko liskarrak pizten zituen. Auzoen egonezinari aitoren semeena gehitu zitzaion, batzuk Aragoi aldekoak baitziren eta beste batzuk Gaztelaren aldekoak.
Gobernadore frantses bat iritsi zen Iruñera 1276an. Aitoren seme-alabek eta Nafarreriako biztanleek gobernadoreari aurka egin zioten eta, berehala, erasoak eta borrokak hasi ziren. Hiru armada, bi Frantziako eta bat Gaztelako, abiatu ziren Nafarroarantz. Aitoren seme-alabek eta horien soldaduek ihes egin zuten ezkutuan, eta herri xehea, babeslerik gabe, umezurtz geratu zen. Gaztelako gudariak Erreniegan gelditu baziren ere, frantsesak su eta gar sartu ziren Nafarrerian: gizonezkoak hil egin zituzten, emakumezkoak bortxatu eta katedrala profanatu. Auzoa birrindu, zehatu, txiki-txiki egin eta 1324a arte alde batera utzita geratu zen.
