HISTORIA

Leinuen arteko borrokak

“Leinu”, linaje edo familia bateko belaunaldien segida adierazten da hitz horrekin: anaiak, ilobak, lehengusuak... Ahaide Nagusiaren babesean biltzen ziren. Ahaide Nagusi hori zen gizarte talde horien buruzagi berezkoa. Hasiera hartan lurralde eta artalde batzuen jabe ziren. Gero, eliza batzuen zaindari ere bazirenez, horien hamarrenak jasotzen zituzten, baita ola eta errotenak ere. Jakina, gero eta aberastasun handiagoen jabe ziren.

Denboraren buruan, Ahaide Nagusi horien etxeak dorre bihurtu zituzten. Buruzagi feudalak bezain indartsu ez baziren ere, beren ahaide txikiei ikurrak eta armarri bereziak erabiltzeko baimena ematen zieten; odolkiak ordainetan, horiek atzetik jarraitu eta lagundu egin behar zioten Ahaide Nagusiari borroka garaian.

Ahaideen arteko ezkontzaz eta harreman interesatuen bidez, leinu batzuk beste batzuekin elkartu ziren elkarri laguntzeko eta elkarren alde egiteko. Hortik sortu ziren Bandoak.

Hona hemen famatuenak:

- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan: Ganboatarrak (Gebara, Olaso, Balda, Abendaño...) eta Oinaztarrak (Gaztelako erregearen aldekoak: Mendoza, Lazkao, Oinaz, Enparan, Butroe, Aramaio...)

- Nafarroan: Agramondarrak (Gaztelaren aurkakoak eta Aragoien aldekoak, Ganboatarren taldean sar daitezkeenak) eta Beamondarrak (edo Gaztelaren aldekoak, Oinaztarrekin lotuak)

Lurraren jabetasunari buruzko norgehiagoka horretan laster sortu zen etengabeko gerra eta borroka bizia. Leinu bat beste baten aurka maiz huskeria bategatik altxatzen zen. Horrelakoetan beren alderdiko leinuei laguntzera etortzeko dei egiten zieten. Borroka horietatik sonatuenak Lazkaoko hilketa (1420. urtean) eta Arrasateren erreketa (1448) izan ziren.

Leinuen arteko borrokak, XIV. mendean hasitako gainbehera ekonomikoa handitu egin zuen, eta gerrak, ohi duenez, krisia gogortu. Produktu emankor-etenkitsuak ekoizten eta azpiegiturak berritzen eta sendotzen (errotak, burdinolak, zubiak...) beren irabaziak xahutu beharrean, handikiek, gatazkak hartaraturik, etxeak eta dorretxeak gotortzen xahutu zituzten. Horrez gainera, lanean aritu beharrean soldadu joan behar izan zuten gizonezkoek. Gerrak, jakina, kalte gogorrak ekarri zituen (erreketak, hilketak...). Zerbait egin behar eta, Anaidiak sortzen hasi ziren eta Ahaide Nagusien dorretxeak eraisten. Bien bitartean hiribilduak indartu eta berriak sortu ziren.