HISTORIA

Nafarroa Garaia berreskuratzeko 1. saioa (1512)

Katalina eta Joan Albretekoak hertsatuki eskatzen zioten Frantziako erregeari bere gudarostearen zati batekin lagundu ziezaiola Nafarroari. Noizbait behar eta, azkenean etorri zen laguntza (soldadu alemanak eta albaniarrak); horiekin eta nafar soldaduekin, denak guztira 25.000 jarri ziren Angulemako dukearen agindupean.

1512ko irailean egin zen lehen birkonkistatze saioan Nafarroa Beherea, Lizarra, Tafalla eta beste gotorleku eta ariketa esparru batzuk berreskuratu ziren. Beste erremediorik ez zuelako, Albako dukeak atzeraka egin zuen Iruñera; aliatuek Iruñea inguratu zuten..., baina ez luzaz.

Gaztelatik etorri zen soldadu talde berriak indarberritu egin zuen herrialdea okupatzen zuen armada, eta nafarrak, besterik ezinean, Belate eta Amaiurko mendateetara erretiratu ziren. Gaztelaren zerbitzura zeuden 3.500 gipuzkoarrek zelata jarri zioten nafar gudarosteari Belateko mendatean. Gudarostea, batez ere, alemanez osaturik zegoen, guztiak Frantziako koroaren agindupean.

Horiek, goseak eta hotzak erdi hilda, kosta ahala kosta, Pirinioez bestaldera igaro nahi zuten, eta hala, ihes egin zuten, bertan kanoi batzuk utzita. 1512ko abenduaren 3an eta 4an gertatu zen porrot hori eta gutxi gorabehera mila aleman soldadu hil ziren.

Frantziako Luis XI.ak saioak azken beltza izan zuela ikusi zuenean, amore eman, menia hitzartu eta negoziatzen hasi zen. Nafarrek, berriro, seigarren merinaldea deitutakoa galdu zuten, eta hasperen eginez garai hobeak noiz etorriko zain geratu ziren.