Nafarroaren konkista (1512)
Katalina eta Joan Albreteko errege-erregina nafarrek Gaztelaren babespetik irten nahi zuten; hala ere, Frantziaren eta inoren mendeko izan gabe. Fernando Katolikoak eta Frantziako Luis XII.ak errege-erregina nafarren kontrako politika egiten zuten. Nafarroako errege-erreginek Pirinioez bestaldean zituzten lurraldeak utz zitzaten Luis XII.ak leherrenak egiten zituen bitartean, Fernandok Nafarroa bereganatzeko plangintza burutu zuen.
Julio II.a Aita Santuak, Fernando Katolikoak eta Veneziak elkar hartu zuten frantsesak Italiatik jaurtitzeko asmoz. Fernando Katolikoak, Ingalaterrako Enrike VIII.a suhiari Akitania berreskuratzeko laguntza emateko aitzakiarekin, Nafarroako mugan soldaduak pilatu zituen. Nafarrek, mehatxua sumatu eta, hoberik ezean, ituna sinatu zuten Frantziako Erresumarekin 1512an.
Horixe zen hain zuzen Fernandok Nafarroan sartzeko behar zuen azken aitzakia: frantsesei laguntza ematen zietenak kondenatzen zituen Aita Santuaren bulda oinarritzat eta aitzakiatzat hartu eta Nafarroa inbaditzeari ekin zion. Albako dukea aitzindari zutela, 1.000 arma-gizonez, 2.500 zaldizkoz, 6.000 oinezkoz eta 20 kanoiz osaturiko tropa gaztelauak heriosuhar sartu ziren baskoien erreinu zaharrean.
Burunda eta Sakanatik barrena sartu ziren Nafarroan, eta ia inork aurre egin gabe, Iruñea eta Nafarroa osoa mendean hartu zuten 1512ko uztailetik urrira bitartean. Nafarrek ez zuten defentsa antolatzeko aukerarik izan. Gaztelarrek burututako erasoaren benetako garrantziaz jabetu ez, eta itxuroso geratzeko onena behin-behineko kapitulazioa lortzea izango zelakoan, halaxe egiten saiatu ziren nafarrak.
Katalina I.a, Nafarroako Erresumako azken erreginak, Erronkaritik barrena ihes egin zuen Agramondar taldetxo bat ondoan zuela, eta Biarnon babestu zen.
Fernando Katolikoak, egoera berria legeztatu nahian, Gaztelako Erresumaren mendean hartu zuen Nafarroako Erresuma, “horren foruak eta ohiturak zainduko dira” hitz eman ondoren, alabaina.
