HISTORIA

Peñalen - Euskal Herriaren banaketa

XI. mendean, Antso izeneko hiru errege ari ziren borrokan, eta hirurak Nafarroako Antso III.a Nagusiaren bilobak ziren: Nafarroako Antso IV.a, Aragoiko Antso V.a, eta Gaztela eta Leongo Alfontso VI.a.

Gerra horien ondorioz, ahuldu egin zen Antso IV.aren aginpidea. Errege nafarraren izaera zakarrak, eta amarru eta azpijoko ustelek tirabira asko sortu zituen Nafarroako gortean. Azkenean, bere anai-arrebak eta aitoren semeak oldartu egin zitzaizkion Antso IV.ari, bertan hiltzeko asmotan. Aragoiko Antso V.a Ramirezek eta Gaztelako Alfontso VI.ak ere lagundu zieten egiteko horretan: anai-arrebek, Iruñeko aitoren seme batzuen laguntzarekin amildegitik amilka bota zuten Antso erregea Funesko Peñalen-en, 1076an.

Antso IV.a erregeren bi semeak haur ziren artean. Gaztelako errege Alfontso VI.ak eta Aragoiko errege Antso V.a Ramirezek ederki jakin zuten nafar erresumako krisi larriaz aprobetxatzen: lehenengoa, Antso IV.aren hilketa mendekatzeko aitzakiarekin, Errioxaz eta Burebaz, Arabaz, Bizkaiaz eta Gipuzkoaz, hau da, Nafarroako Erresumaren mendebaldeaz jabetu zen; Aragoiko erregea, bestalde, ekialdeko mugatik sartu eta nafar erresumaren gainerakoaz nagusitu zeen.

Nafarrek, erresumaz jabetu nahi eta, Aragoikoaren alde egin zuten, eta Gaztelako erregearen armada Ebroz bestaldera egotzi zuten. Errioxa eta Bizkaiko zatirik handiena alabaina Gaztelako Alfontso VI.aren esku geratu zen.

Nafarroako Erresumaren banaketak mende erdi bat iraun zuen. Iruñeko eta Aragoiko Alfontso I.a Borrokalaria 1134. urtean ondorengorik gabe hil zenean, Nafarroan Erresuma berrezarri zen. Nafarroa eta Aragoiko Erresumak banandu egin ziren eta Gartzia IV. Ramirez Berrezarlearen bidez Nafarroak independentzia lortu zuen, eta bere birraitona Santxo III.a Handiak hil baino lehenago ezarritako mugak berreskuratu zituen.