Ricardo I.a Lehoibihotza Euskal Herrian
Enrike II.a Plantagenet-en eta Akitaniako Leonorren seme Rikardo I.a, izengoitiz Lehoi-Bihotza, Oxford-en jaio zen, 1157an eta Chalus-en, Limousin-en hil zen, 1199an. Akitaniako duke eta Ingalaterrako errege (1189-1199) izan zen.
Akitaniako Leonorrek bi seme izan zituen Enrike II.a Ingalaterrakoarekin: Rikardo I.a izengoitiz Lehoi-Bihotza eta Joan Lurgabea. Enrike II.ak semeekin konponezinak zituen, eta emazte Leonorrek semeenganako isuria eta jarrera ona erakusten zuelako, senarrak espetxean sartu eta bertan hamabost urtez eduki zuen. Enrike II.a hil eta bere seme Rikardo I.ak, erregetu zenean, espetxetik atera zuen ama.
Akitaniako duke titulua amarengandik jaso zuen eta haren agindupean geratu zen Ipar Euskal Herria.
Nafarroako iparraldeko mugak ziurtatzeko asmo sendoarekin, Antso VI.a Jakitunaren alaba Berengela Rikardorekin ezkondu zen. Bere koinatu Antso VII.a Azkarrak, Nafarroan erregetu aurretik, Rikardoren alde jardun zuen: Gaskoniaren eskubideak babesteko lehenik eta Frantziako Felipe II.aren kontra egiteko gero.
Rikardo I.a Lehoi-Bihotzak Baiona hiria Lapurditik aparte utzi zuen, bereiz, –Uztaritze bilakatu zen Lapurdiko hiriburu– eta Nafarroa Beherea Nafarroari itzuli zion. Akitaniarren matxinada gogor zapaldu zuen, III. gurutzadan parte hartu aurretik.
Rikardo hil zenean, Ingalaterrako erregina izateari uko egin eta Le Mans-era erretiratu zen Berengela.
