Gazteluak: definizioa eta lurraldetasuna
Kontzeptuari dagokionez, lehenbizi gaztelu bat zer den argitu behar da, eta militar direnak eta ez direnak ongi bereizi behar dira. Horrela hobeto ulertuko da zergatik ez ditugun hemen aipatzen, esate baterako, Erriberriko jauregia edo Irungo Gazteluzar gotorlekua.
Askotan, Gazteluzar toponimoak Protohistoriako herrixka gotortua adierazten du Nafarroa Garaian eta Iparraldean, baina ez du zerikusirik Erdi Aroko eraikinekin. Argazkian, Ibargoitiko El Castillo Burdin Aroko herrixka, hegazkinetik ikusia. (2001)
Gaztelua, arkitekturari bagagozkio, Erdi Aroko eraikin militar trinko bat da, bere burua defenditzeko dorre eta harresiz inguratua, eta horiek guztiek barruti bat osatzen eta antolatzen dute.
- Erdi Aroko eraikina dela esanik, definiziotik at geratzen dira lehenagoko eta ondoko eraikin militarrak (fuerteak, erromatar kanpalekuak...)
- Militar: kanpoan geratzen dira hainbat eraikin, militar egitekoek lehentasunik ez zutenean (jauregi gotortu, dorretxe, eliza gotortu, zubi gotortu eta abar).
- Trinko direla esaten denean, berriz, gazteluak eta hiri-harresiak bereizi egin behar direla esateko da.
- Defentsarako elementuak diren dorreek edo dorreen eta harresien konbinazioek barruti bat osatzen dute, talaiek eta dorretzarrek ez bezala.
Askotan definizio horri ñabardura gehiago ere atxikitzen zaizkio. Adibidez, "eraikin egonkorra" zela esaten da, larrialdietan bakarrik erabiltzen zirenetatik bereizteko (Bermeoko Gaztelugatxe, Ereñozar...). "Defentsarako eraikina" zela ere idatzi ohi da, baina hori arkitekturarekin nahasteaz gain, ahaztu egiten da gotorleku horiek harkaitz gainean eraikitzen zirenetatik desberdin egiten hasi zirenean, gazteluak erasoari ekiteko abiapuntu ere bazirela.
Pausuako Gazteluzar gotorlekua. 1512an eraikia, Erdi Arotik kanpo. Triangelu bat zen, eta dorre biribil bat zuen izkinetan. (1999)
Jakina, kontzeptu horien mugak ez dira oso zehatzak askotan, eta, jakina, aipatzen diren gazteluen eite eta izaeraz sor daiteke eztabaida franko. Askok Berant Erdi Aroan ohikoa zen bilakaera izan dute: gaztelu militar soil izatetik, talaia, gaztelu eta jauregi gotortu izatera igaro dira. Horrela, baliteke gaztelua gotorleku zaharrago baten gainean eraikitakoa izatea, eta Erdi Aroaren bukaeran edo geroago, beste eginkizun baterako eraberritu eta itxura berria hartu izana. Halakoak ere, honengatik edo horregatik Erdi Aroko gaztelutzat har daitezkeenean, sartu egin ditugu.
Gaztelu hitzaren kontzeptua horretara mugatzea, baina, hitzaren esanahia apur bat bortxatzea da, horren esanahia, baita inguruko erdaretan ere, berez askoz zabalagoa baita. Ahal den zehatzenak izateko asmotan, fuerte hitza erabiliko dugu XVI. mende aurreko eraikin militar trinkoei deitzeko, eta zitalela horietako berezi bati, hirigune militar gotortu bati. Eraikin militarrei buruz ari garenean, ia beti gotorleku erabiltzen dugu. Lan honetan ez dugu erabili deitura hori, baina, segur aski, gazteluzahar izango ziren herrixka protohistoriko gotortuak, Iparraldeko arkeologoek proposatutakoari jarraituz. Askotan toponimoek aztarnategi arkeologiko horiek non dauden adierazten digute, Nafarroan eta Iparraldean batez ere, Pirinioetako kultura berezi baten aztarnak balira bezala. Dena dela, herrixka horiek izendatzeko bestelako proposamenik ere bada, esate baterako iruin edo iriaun hitzak, eta, agian, hitz egokiagoak dirateke 'hiri zaharra' adierazteko, Arabako Iruñak eta Nafarroako Iruñeak, besteak beste, adierazten duten bezala.
Lurraldetasun baldintzari dagokionez, aukeratu ditugun gotorlekuak egungo Euskal Herriaren mugen barruan daude. Horiez gainera, beste batzuk ere eraiki eta gerra egiteko erabili zituzten gure arbasoek, adibidez San Vicente de la Sonsierrako eta Peñarredondako gazteluak, baina horiek Euskal Herriaren egungo mugetatik kanpo daude.
