Vianako Printzea
Nafarroako errege aulkia zegokion legez. Nafarroako Blanka erregina I.aren eta Aragoiko Joan II.aren semea zen eta Fernando “Katolikoaren” anaiordea. Peñafielen jaio zen, 1421ean. Blanka I.a 1425ean igo zen Nafarroako tronura. Bere senar Aragoiko Joan infante Gaztelaren aurkako gerretan buru-belarri sartuta zebilenak apenas izan zuen harremanik Karlos infantearekin. Blankak testamentua egin zuen 1439an, eta hor Nafarroako errege titulua bere semeari ematen dio. Hil zenean, 1441ean, Printzeari zegokion errege aulkia. Hori, ordea, ez zen bere burua errege izendatzen ausartu. Printzearen erabakitasunik ezaz aprobetxatu zen orduan Joan erregea, eta aginpidearen giderrak haren esku uzteko ordez, lugarteniente jeneral izendatu zuen; Karlosek, zalantza handi askoren ondoren, onartu egin zuen. Hala eta guztiz ere, Karlos Nafarroako errege bilakatu zen, eta egin beharreko guztiak ondo bete zituen, bakean, hiru urtez.
Gauzak asko gaizkitu ziren Joan, Blanka erreginaren alarguna, Gaztelako almirantearen alaba Joana Enriquez-ekin bigarren ezkontzan ezkondu zenean. Ezkontza hitzarmenen arabera, ezkontza horrekin eskubide guztiak galtzen zituen Nafarroako tronura igotzeko.
Joan erregearekin haserretu eta erreinutik alde egin zuen Karlosek, eta Gipuzkoan babestu zen. Baina, azkenen, men egin zion aitari. Bi bandotan zatitu ziren nafarrak: Agramondarrak, Joanen aldekoak eta Beamondarrak, Printzearen aldekoak. 1451n Gaztelako gudaroste bat sartu zen Nafarroan. Printzeak itundu egin zuen eta gudarostea erretira zedila eskatu zuen, baina gerra sortu zen eta Printzeak galdu egin zuen, eta preso hartu zuten Aibarren.
Atxilotuta edukitzea oso inpopularra zen, eta nafarren arteko gerra zibilak, istiluak sortzeaz gainera, oso ondorio txarrak zituen gizartean, eta, bestalde, diputatuek estu hartu zuten errege Joan. Besterik ezinean, Printzea aske utzi zuen, zaintzapean alabaina. 1460an Karlos Bartzelonara iritsi zen, eta abegi eta harrera txit ona eta gorazarre egin zioten katalanek. Karlos harremanetan jarri zen Gaztelako Enrike IV.arekin eta emaztetzat onartu zuen Isabel La Catolica infanta halako batean erregina izango zena. Joan II.ak behin betiko semea suntsitzea erabaki zuen: Lleidara joateko agindu eta bertan preso hartu zuen fueroak eta legea hautsiz. Goi saldukeriaz salatu zuten Karlos eta han eta hemen atxilotuta eduki zuten. Hori eta horrenbestez Nafarroan jendea berotzen hasi zen eta Beamondarrak berriro altxatu egin ziren. Joanek amore eman eta bere semea aske uzteko agindu zuen.
Gaztelako Isabelekin ezkontzeko prestatzen hasi zen eta, jakina, gainera laguntza eskatu zion Enrike IV.ari. Gaztelauak Nafarroan sartu ziren Beamondarrei laguntzeko. Baina 1461ean, ustekabean, osasuna joaten hasi zitzaion. Berrogei urte zituela hil zen, agian ankerki pozoituta, agian tuberkulosi arrunt batek horretaratuta. Sasikumeak baino ez zituen utzi, eta beste gabe iraungi ezinezko bandoen gerraleku bihurtu zen Nafarroa.
