UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Bi urtetik aurrerako elikadura

Bi urte bete eta gero, haurra janariak era egokian mastekatzeko moduan dago, beraz, helduek jaten dituzten platerak eman ahal zaizkio, baina kontuan hartu behar da janariak gehiegi ez apailatzea. Era berean, komenigarria da janariek hezur edo arantza txikirik ez izatea, eta halaber, alkohola edo haurrarentzat egokiak ez diren gaiak.

Komenigarria da otorduak orekatzea, eta gosaria, bazkaria, askaria eta afaria era txukun eta metodikoki ematea. Bestalde, otordu bitartean ez jateko ohitura irakatsi behar zaio, bereziki litxarreriak eta gozokiak saihestuz.

Garrantzia handia du haurraren dieta askotarikoa eta orekatua izateak; haurrak egunero hartu behar dituen janariak ondorengoak dira: fruta zati bat, barazki eta lekaleak, arroza eta pasta, eta animali jatorriko proteinak, (behi, txekor, oilasko, arkume haragia edo edozein arrain-mota, arantzarik gabe, 60-80 g egunean, gutxi gorabehera). Era berean, astean bi edo hiru arrautza hartu behar ditu, eta esnea zein esnekiak hartzen jarraitu behar du, 300-400 cm3 egunean, gutxi gorabehera.

Haurrek helduek baino energia-kantitate handiagoa behar dute, beraz koipe- eta azukre-kantitate handiagoak hartu ditzakete. Baina kontu handia izan behar da azukreekin, txantxarra eragiten baitute. Era berean, frogaturik dago hain gustuko dituzten litxarreria eta produktu oso findu horietatik (opilak, adibidez) asko janez gero, kolesterol-kopuruak neurriz gora egiten duela, eta horrek, helduaroan arazo kardiobaskularrak izateko arriskua areagotu egiten du. Ez da gatza gehiegi erabili behar ere, hipertentsioa errazten baitu. Haurrak gauzak oso gaziak jateko ohitura hartzen badu, horrela jango du bizitza guztian.

Sei eta hamabi urte arteko epe horretan, haurrak helduenak bezalako jan-ohiturak garatzen ditu, baina nerabezarora heltzean janguran aldaketak egon daitezke, esate baterako bulimia edo gehiegizko jangura, eta anorexia edo jangura falta. Horiek zenbait fasetan gerta daitezke, baita eragin larriak sortu ere.

Umeen pisua

Haur jaioberriak, lehendabiziko astean, jaiotzean zuen pisutik %10 galtzera heltzen da. Hortik aurrera, haurtxoa hazi eta gizendu egiten da. Hiru-bost hilabete dituenean bere pisua bikoitza da, eta lehendabiziko hiru hilabetetan 900 g. gizentzen da, batez beste. Sei-zazpi hilabete izan arte hilabeteko 500 g. hartzen ditu, batez beste, eta 300 g. lehen urtea bete arte.