UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Txertoak

Gaur egun, herrialde garatuetan garai bateko zenbait gaixotasun infekzioso desagertu egin dira, esate baterako baztanga. Beste batzuk, berriz, oso eragin txikia dute, difteriak eta tetanosak besteak beste. Batez ere txertoei esker lortu da hori, garbitasunean eta elikaduran izandako hobekuntzekin batera. Txertoek, pertsona kutsatzetik babesteaz gain, gaixotasunaren transmisio-katea apurtzen dute eta, horregatik, komunitatea ere babesten dute.

Bi txerto-mota daude:

  • Sistematikoak: Txerto horiek gomendagarriak dira, eta haurrei ematen zaizkie egutegi ofizialaren arabera. Autonomia erkidego bakoitzak bere egutegia du, adituek egindakoa, eta, horretarako, gaixotasunek bertako eremuan duten eragina hartzen dute kontuan.
  • Ez sistematikoak: Egoera zehatzetan ematen dira, esate baterako, zakur batek hozka egiteagatik edo herrialde tropikalen batera bidaiatu behar denean.