UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Haurren soziabilitatea, bi urte arte

Jaiotzean, haurrak negarra du adierazteko modu bakarra. Inguruarekin duen elkarreragina zenbait erreflexu mekanikora murrizten da. Hilabete bat duenean, pertsona bati arretaz begiratzeko gai da, baita objektu baten mugimendua jarraitzeko ere.

Bigarren hilabetean, besoak eta eskuak mugitzen hasten da eta gauzak harrapatzen saiatzen da. Bestalde, giza ahotsetan interesa azaltzen du eta urrumak atsegin zaizkio. Hirugarren hilabete aldera, irribarre egiten du eta begietara begiratzen du. Zenbait soinu berezi ere igortzen ditu, komunikatzen saiatzeko erabiltzen dituenak. Era berean, objektuak heltzeko gai da.

Lau hilabete betetzean, espresio-gabetasuna desagertzen da eta, keinuen bitartez, sentimendu asko adierazteko gai da. Sei hilabeteekin, bere senideekiko zaletasuna adierazten du, baita estutasuna ere norbait ezezagunik badago.

Bederatzi edo hamar hilabete dituenean bere koordinazio motorra asko hobetu da, eta erori zaizkion gauzak hartzeko gai da, baita eskuan objektuak hartzeko ere. Askoz independenteago bihurtzen da eta lau hankatan ibiltzen da, baita etxe guztia miatzen hasi ere. Bere izena entzutean arreta jartzeko kapaz da, eta eskuarekin agur esaten badaki. "Kuku" jokora eta beste esku-joko errazetara jolasten da eta aurkikuntza itzela egiten du: begi-bistan ez egon arren, gauzak hor daude; hau da, ezkutaturik dauden gauzak aurkitzeko gai da.

Urtea betetzean, haurra hitz egiteko kapaz da, hiztegi oso murriztua badu ere. Urte honetan bere izaera adierazten hasi da, eta, hori osatzeko, oso garrantzi handia du ikusten duen guztia imitatzeak.