UMEEN ETA ADINEKOEN ZAINKETA

Haurren soziabilitatea nerabezaroraino

Bi urtetik aurrera, haurraren hizkuntza nahikoa da elkarrizketan aritzeko, baina, oraindik ez da helduen munduko gauza asko ulertzeko gai.

Gutxi gorabehera hiru urte dituenean, umearen garapen emozionalak otzanago izateko aukera ematen dio, nahiz eta oraindik desobedientzia eta auto-afirmaziorako ateraldi asko izango dituen. Hori normala da, eta gurasoek horrela ulertu behar dute. Irudimena garatzen doa eta gizartekoi bihurtzen da, eta jolaserako lagunak behar ditu. Orduan sor daiteke lotsa.

Hiru eta lau urte artean gezurrak esaten hasten da. Gehienetan gaiztakeriarik gabe egiten du, errealitatea eta fantasia ez baititu bereizten. Ziria sartzeko egiten badu erne egon behar da, ezkutuko arazoren baten adierazle izan daitekeelako. "Biraoak" esaten ere hasten da, eta haurrak horiek esaten ondo pasatzen du, nahiz eta horien adiera ez ulertu. Gurasoek zuzendu egin behar diote, betiere naturaltasunez eta horri garrantzi handiegirik eman gabe.

Sei eta 12 urte bitartean heldutzat tratatua izateko irrika azaltzen hasten da, eta jasotzen dituen aginduen zergatia eskatzen hasten da. Horrek gurasoekin gatazka asko sortzen ditu, gurasoek, askotan, haurra ere nekatua edo haserre egon daitekeela ahazten baitute, eta bere arazoak ere badituela, berarentzat oso garrantzitsuak direnak nahiz eta helduei horrela ez iruditu.

Nerabezaroa

Nerabezaroan arazoak gehitu egiten dira. Fase hontan haurrak pentsamendu abstraktua bereganatzen du eta hau arazo konplexuei aurre egitera eramaten die bai maila teorikoan nahiz pertsonalan. Era berean, mundu hobeago bat asmatzen hasten da. Sentimendu eta ideia propioak dituela konturatzen da, eta bere burua zerbait berezitzat eta apartatzat ikusten du. Hori dela eta, gurasoekiko jarreran berekoitasuna eta erdeinua agertzen dira. Lagunen garrantzia gehitu egiten da, horien artean bera den moduan onartzen dutela sentitzen baitu.

Helduaren erreferentzia

Adin horretan nerabeak erreferente helduren bat behar du, bere barne mundu nahasiari egonkortasuna emateko. Eta paper hori gurasoei dagokie. Gurasoek ez dute gogorrak eta diktatorialak izan behar, baizik eta demokratikoak eta ulerkorrak. Ez dute bere semearen lagunak soilik izan behar, baizik eta haren gurasoak, eta lan horrek badu bere zailtasun eta garrantzia. Nerabeak bere mundua izan behar du, familiatik independentea, eta familiak hori errespetatu egin behar du, baita helduen munduan bizitzen ikasteko behar duen ezinbesteko askatasuna pixkanaka eman ere.