Jaiak eta gastronomia
Lehenago ere aipatu dugun bezala, uda Euskadiko jaietara hurbiltzeko unerik egokiena da: dantzaldiek, gastronomia-lehiaketek eta herri-kirolen erakustaldiek guztientzako dibertimendua bermatzen dute.
Ospakizunak bereziki abuztuan izaten dira. Hilaren lauan Zeledonen jaitsierak inauguratzen ditu Gasteizko jaiak. Ondoren, Donostiako aste nagusia dator (ez galdu su artifizialen nazioarteko lehiaketa) eta, abuztuaren amaieran, Bilboko Aste Nagusia, Marijaiaren parte hartze bereziarekin. Irun eta Hondarribiako alardeak, Lekeitioko antzarrak eta Guardiako bigantxa-entzierroak ere egutegian apuntatu beharreko jaiak dira.
Zeledonen jaitsiera.
Euskadin, jaietan pentsatzea gastronomian pentsatzea da. Bertako sukaldaritza tradizionalak kalitate bikaineko lehengaiak ditu oinarri, erraz egindakoak eta Arabako Errioxako ardoaz, sagardoaz edo txakolinaz bustiak.
Sagardotegietan bakailao-tortilla, bakailao frijitua piper berdeekin eta txingarretan erretzeko txuleta, eta Idiazabalgo gazta eta intxaurrak, har dezakegu menuan. Eta sagardoarekin lagunduko dugu, jabearen eskaintzaz, txotx! oihuaz bezeroak gonbidatzeko kupela ireki ondoren.
