Pintura erromantikoa
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Francisco de Goya
- EXTRA: Goyaren bizitza eta lanak.
Goya aitzindaria eta jeinua
Francisco de Goyaren (1746-1828) lana, bere adierazpen piktorikoa era askotakoa eta aberatsa izateagatik, estilo bakar batean kokatzea ez badago ere, aragoiar bikaina pintura erromantikoaren aitzindaritzat hartzen da, eta, era berean, oro har, arte modernoan gauzatu diren korronte askorena. Bere lanen artean aipatzeko modukoak dira: Madrilgo Errege-fabrikaren tapizetarako kartoiak; Chinchoneko kondesa eta errege familiako kide askori egindako erretratuak; Maja jantzia eta Maja biluzik koadroak; Floridako San Antonio bezalako freskoak; Pio Printzea mendiko fusilamenduak erako genero historikoko lanak; Quinta del Sordoko pintura beltzak eta Kapritxoak, Gerrako hondamendiak, Tauromakia eta Aldrebeskeriak sailetako grabatuak.
Francisco de Goya, Itzalkina, tapizerako kartoia, 1777 (Pradoko Museoa, Madril).
Erromantizismo piktorikoa Frantzian
Frantzian, estilo erromantikorantz iristeko bilakaera bi bidetatik gauzatu zen, eta biek dute sorburu Jacques-Louis David (1748-1825) pintorearen lan aitzindariak:
- Erromantizismo lineala edo ultraklasizismoa: adierazkortasunaren oinarria figura linealak ziren, oso lauak eta giro etereoan bilduak; joera honen bidez, artearen zentzua gero eta intelektualagoa zen. Korronte honetan Jean-Auguste-Dominique Ingres (1780-1867) egilearen lana nabarmendu zen batez ere, hizkera espresibo garbi eta zehatz baten sortzailea, Erromantizismoaren joera izango zen exotismoarekiko erakartasuna sarritan erakutsi zuena. Eragin handia izan zuen XX. mendeko pintore askorengan.
- Kolorearen erromantizismoa: adierazkortasun dramatiko handiko joera, estetikoki Barroko estiloarekin lotua. Bide hau hartu zuten pintore nagusiak:
- Eugène Delacroix (1798-1863): sentimendu politiko erromantikoa azken muturreraino eraman zuen Askatasuna herriaren gidari bezalako lanekin; mundu exotikoaren zaletasuna Sardanapaloren heriotza pinturan erakutsi zuen, eta, abertzaletasunaren goraipamena, berriz, Quioseko Sarraskia erako margolanekin (Greziaren independentziaren aldeko gerrak zuen interesaren lekukoa, gazte erromantikoek sutsu jarraitu baitzuten gertaera historiko hura).
- Théodore Géricault (1791-1824): artista erromantikoaren arketipoa primeran bete zuen pintorea izan zen: pasioz betea, malenkoniatsua, ausarta eta kementsua bere bizitza pertsonalean. Gainera, 37 urtetan hil zen. Medusaren baltsa izeneko bere lanean, egilearen garaian hondoratutako itsasontzi bateko galdutakoak irudikatzen dira. Koadro horrek Erromantizismoaren berezko ezaugarri ugari biltzen ditu: patu tragikoa, neurrigabeko pasioak, tentsio dramatikoa eta erabateko sentimendua.
- Antoine Joseph Gros (1771-1835), Napoleonen arrakasta guztien pintore ofiziala.
Eugène Delacroix, Quioseko Sarraskia, 1824 (Louvre Museoa, Paris).
Pintura erromantiko alemana
Erromantizismo alemana literarioa izan zen batez ere, eta paisaian aurkitu zuen bere adierazkortasun piktorikorik esanguratsuena. Paisaiaren erabilera horren bidez, natura Jaungoikoarekin identifikatzen duen hastapen panteista bildu zen. Testuinguru horretan nabarmendu zen Caspar David Friedrich (1774-1840) pintore eta filosofoaren sorkuntza lana. Friedrichek leku urrun eta gordeak bilatu zituen, non naturaren, osagai bakoitzak izaera sinbolikoa hartzen duen tokia, irudikapena jainkotiar eta gizatiarraren batasunaren zeinua bihurtzen den.
Caspar David Friedrich, Izotz itsasoa, 1823-1824 (Kunstshalle, Hanburgo).
Nazaretarrak eta Rafaelen aurrekoak
- Erromantizismo alemanean Nazaretarren taldearen sorkuntza izan zen gauzarik deigarriena, oso planteamendu bitxia egiten zutelako. Pintore hauek Erromara joan ziren eta San Isidororen monastegia hartu zuten egoitzatzat, ordurako erabat utzia baitzegoen. Talde hau izan zen lehenetariko bat anaitasunezko komunitate artistikoa osatzen, gerora errepikatuko zen burgesiaren aurkako borroka eredu bezala. Nazaretarren ezaugarri artistikoak Errenazimenduko primitibismoa berreskuratzea eta beren amets mistiko erlijiosoak izan ziren. Johann Friedrich Overbeck (1789- 1869), Franz Pforr (1788-1812) eta Wilhelm Schadow (1788-1862) izan ziren talde honetako kide nagusiak.
- Klasizismoaren aurreko arte korrontearen aldarrikapen bera egin zuten Rafaelen aurreko Anaitasuna osatu zuten pintore britainiarrek; mugimendu haren mistizismo erromantikoaren sakontasuna zela eta, modu ezohiko batean, kide batzuek fede katolikoa bere egin zuten; horrek sekulako iraina egiten zion Ingalaterra viktoriar zorrotzari. Anaitasun honetako pintore nagusiak John Everett Millais (1829-1896) eta Dante Gabriel Rosetti (1828-1882).
Erromantizismoa Espainian
Fernando VII.aren erresumaren garaian askatasunikez zegoenez gero, pintura erromantikoa atzerapenez iritsi zen Espainiara. Hala eta guztiz ere, eragina nabarmena izan zen, eta hainbat korronte eragin zituen:
Andaluzian nagusitu zen korronte kostunbristaren barruan, Jose (1805-1845), Joaquin (1817-1879) eta Valeriano (1833-1870) Dominguez Becquer anaiak nabarmendu ziren, eta, Goyaren irizpide artistikoetatik hurbilago zegoen "gaitasun biziko kostunbrismoa" izenez ezagutzen zen joeran, berriz, Leonardo Alenza (1807- 1845) eta Eugenio Lucas Velazquez (1817-1870) izan ziren aipagarrienak. Era berean, Eugenio Perez Villaamilen (1807-1854), paisaia pintura ere garrantzi handikoa da; berari zor zaio gerora paisajista handiak emango zituen Arte Ederretako Errege Akademiaren paisaia katedraren sorkuntza.
Erromantizismo akademikora bildu ziren pintore nagusiak Federico de Madrazo (1815-1894) madrildarra eta Jose Gutierrez de la Vega (1791-1865) eta Antonio Maria Esquivel (1806-1857) sevillarrak izan ziren.
Federico de Madrazo, Vilcheseko kondesa, 1853 (Pradoko Museoa, Madril).
Dandy erromantiko suharra
Erromantizismo piktoriko frantseseko bi ardatz nagusiek, Gericaultek eta Delacroixek, beren bizitzeko eran gauzatu zuten dandy erromantikoaren arketipoa: miresten dituen ideal estetikoen arabera bere bizitza egokitzen duen zalduna da, eta, hori dela medio, Dante, Shakespeare, Walter Scott eta Lord Byron bezalako sortzaile handien lana ederretsiz, haien inguruan antolatzen du beren eguneroko jarduna; horrela, pasioz betetako istorioak eta drama epikoak bizitzeaz gain, giro exotikoetara maiz joaten ahalegintzen da.
