Inpresionismoa eta postinpresionismoa
- TEST: Egia edo gezurra?
- ANIMAZIOA: Inpresionismoa eta postinpresionismoa
- TEST: Gezi bidez lotu
- TEST: Gezi bidez lotu
- EXTRA: Garai honetako artista nagusiak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Pintura inpresionistaren ezaugarriak
Askotan nahastu eta nahasi egiten diren korronte multzo bat biltzen du arte inpresionistak. Horrek estilo honen barnean inpresionismoaren ezaugarririk ia bete ez zuten pintoreak sailkatzea eragin zuen. Lehenengo eta behin, inpresionista deitu zitzaien 1874 eta 1886 artean, Areto Ofizialaren alternatiba bezala, egin ziren erakusketetan euren lanak aurkeztu zituzten artistei. Areto Ofizialean erakundeen onarpena zuen artea bakarrik zegoen ikusgai.
- Premisak: argiaren efektuaren aldaketak eragiten duen ondorioa biltzea zen bere helburu nagusia. Bizkor lan egiteko aukera ematen zuten teknikak erabili beharra eragin zuen horrek, argitasun une hori mihisean islatuta gera zedin.
- Gaiak: natura eta eguneroko bizitzaren egoerak ziren gai nagusiak. Horiek adierazteko, batzuetan adierazitako errealitatearen zati batzuk bakantzen zituzten, bere ezaugarri plastikoak bakarrik azpimarratzeko asmoz.
Arte garaikidearen historian, inpresionismoa, margolanen edukia edo gaiak modernizatu beharrean, arreta osoa formaren bilakaeran jarri zuen lehenengo arte mugimendua izan zen. Horregatik esan ohi da inpresionismoa dela abangoardiako korronte guztien jatorria. Horrez gain, aipatu beharrekoa da pintura inpresionistak korronte errealista eta naturalisten bilakaeraren amaiera eragin zuela.
Edouard Manet, Argenteuil, 1874 (Arte Ederretako Museoa, Tournai).
Margolari inpresionisten sailkapena
Egin diren arte inpresionistaren antolaketen erregulartasun eskasa dela-eta, komenigarria da aurretik sailkapen bat egitea. Hiru talde nabarmendu behar dira sailkapenean:
- Inpresionista puruak: beraien lan guztietan estilo berdina mantendu zutenek osatzen dute talde hau. Ondorengo hauen lana azpimarratu behar da: Claude Monet (1840-1926), Camille Pisarro (1830-1906) eta Alfred Sisley (1839-1899).
- Lehenengo belaunaldia: 1830eko hamarkada inguruan jaio ziren eta momenturen batean arau inpresionistak bete zituzten artistak biltzen ditu talde honek. Ondorengo hauek dira talde honetako artistarik aipagarrienak: Edouard Manet (1832-1883), Edgar Degas (1834- 1917), Pierre Auguste Renoir (1841-1919), Paul Cézanne (1839-1906) eta Jean-Frédéric Bazille (1841-1870).
- Bigarren belaunaldia: 1850eko hamarkada inguruan jaio ziren artistek osatzen dute. Postulatu postinpresionistak defendatzen zituztenak edo inpresionismoaren aurkako agerraldiak zirenak biltzen ditu talde honek. Honako hauek nabarmendu behar dira: Paul Gaugin (1848-1903), Vincent van Gogh 1853-1890), Georges Seurat (1859-1890), Paul Signac (1863-1925) eta Henri de Toulouse-Lautrec (1864-1901).
Camille Pisarro, Operaren Etorbidea, 1872 (Arte Ederretako Museoa, Reims).
Sinbolismoa
1880. hamarkadatik aurrera, artearen munduan, naturalismo inpresionismo bikotearen aurkako erreakzio bat agertu zen. Erreakzio horretan sinbolistak nagusitu ziren, zeintzuek espiritualtasunaren berreskuratzea eta edukin mistiko eta irrazionalen oroipenetara itzultzea aldarrikatzen zuten, eta bestetik, inpresionistak defendatu zuten argia eta plasikaren goraipenaren kontrako jarrera baten alde agertu ziren.
Sinbolismo piktorikoaren alorrean, eboluzio estilistiko desberdinetik etortzen diren zenbait artista azpimarratu behar da. Hauek, beren produkzioaren aldiren batean, korronte honen premisa estetikoetan sakondu zuten.
- Gustave Moreauk (1826-1898) baliabide kromatikoen erabilpenean oinarritu zuen bere estiloa.
- Odilon Redon (1840-1926). Sortze misteriotsua garatu zuen, marrazkietan eta grabatuetan oinarritutakoa.
- Gustav Klimtek (1862-1918) modu sinbolistan agertu zuen bere bilakaeraren jatorria. Bilakaera horrek postulatu modernista eta espresionistetara bideratu zuen.
- Edvard Munch (1863-1944). Sinbolismotik abiatu bazen ere, espresionisten aurrekari argienetariko bat bihurtu zen hau ere.
- James Ensorrek (1860-1949) izaera irudikorra zuen lana egin zuen. Ironiaz beteta zeuden bere margolanak eta XX. mendeko pinturaren bilakaeraren bideak ematen zituen aditzera.
Gustave Moreau, Salome Herodesen aurrean dantzan (Bilduma pribatua, New York).
Inpresionimo aurkako erreakzio
Sinbolismoarekin batera, inpresionismoaren aurkakoak ziren beste joera batzuk ere garatu ziren. Garai hartako maisu bikain batzuek korronte horietan parte hartu zuten, eta paradoxa dirudien arren, estilo inpresionistaren barnean sailkatu izan ohi dituzte artista hauek:
- Paul Gauguin (1848-1903) izan zen plastikaren ikusmolde oso pertsonala sortu zuen artistetariko bat. Martinikara eta Tahitira egin zituen bidaiek oso ondorio exotikoak izan zituzten bere artean.
- Vincent van Goghek (1853-1890) artea argiaren bilaketa etsia balitz bezala ulertu zuen. Bizitza latza izan zuen eta bere buruaz beste egitera eraman zuen horrek.
- Henri de Toulouse Lautrec (1864-1901). Hiriko espresionismoaren forma bereziaren ordezkari nagusia bihurtu zen; adierazpen modu horren gai nagusia Pariseko gaueko bizitza izan ohi zen.
Inpresionismoaren ondorengo bilakaeraren aldaera osagarrietariko batzuk honako hauek izan ziren: neoinpresionismoa eta puntillismoa. Bi korronte horietan nabarmendu beharreko artistak Georges Seurat (1859-1890) eta Paul Signac (1863-1925) izan ziren. Horrez gain, ezin ahaz daiteke Nabisen taldea; hitz horrek hebreeran "profeta" esan nahi du. Talde hau XIX. mendearen azken abangoardian sortu zen eta bere ezaugarri nagusia gai exotiko eta ekialdekoak gustukoak izatea zen, eta ondorengo hauek izan ziren ordezkari nagusiak: Paul Sérusier (1863-1927), taldea inspiratzaile nagusiarekin, Gauguinekin lotu zuena; Maurice Denis (1870-1943); Pierre Bonnard (1867-1947); eta Edouard Vuillard (1868-1940).
Inpresioa, eguzkia sortzen
"Inpresionismo" terminoa Inpresioa, eguzkia sortzen izeneko Claude Moneten obra batetik hartu zen (1872, Marmottan Museoa, Paris). Inpresionisten lehen erakusketetako batean aurkeztu zen. Erakusketa hartara joan ziren kazetariek obren itxura kritikatu zuten eta "inpresio hutsak" moduan deskribatu zituzten, obren itxura amaigabea zela eta.
Inpresionismoa iseka bezala
«Inpresionista» hitza lehenengo erabili zuena Louis Leroy, arte kritikaria, izan zen. 1874. urtean Areto Ofizialetik kanpo utzi zituzten artisten lehen erakusketaren gainean idatzi zuen artikulu batean, «inpresionista» izena eman zien pintore horiei, xehetasunetan inolako ardurarik ez zutelako agertzen. Hitza Claude Moneten margolan batetik hartu zuen: Inpresioa: eguzki atera berria.
Kolorearen teoria
Inpresionistek azken muturreraino eraman zuten kolore osagarrien teoria. Teoria horren arabera, objektuen itzalak ez dira beltzak, hauek beste kolore bateko osagaia agertzen baitute. Beraien ustez, gorria, esate baterako, askoz biziagoa bihurtzen da bere osagarriaren, berdearen, alboan jartzerakoan.
Inpresionismo inguruko sortze nahasketa
XIX. mendearen azken herenean sekulako sortze ahalmena eta lehia egon zen pintoreen artean, Frantzian batik bat. Horrek nahasketak eragin zituen hasieran, baina denborarekin finkatu egin ziren gaizki ulertu horiek. Nahasketa esanguratsuenetariko bat, benetan inpresionismoaren kontrako artistak korronte inpresionistaren barnean sartu izana da. Hori gertatu zen ondorengo artistekin: Gauguin, Van Gogh edo Toulouse-Lautrecekin.
Puntillismotik pixeletara
Puntillismoa praktikatu zuten pintoreek argazki-teknikaren zati bat erabili zuten beren obretan. Lehen argazkia XIX. mendearen hasieran egin zen. Argira sentiberak ziren materialak erabiltzen zituzten eta, metodo kimikoen bidez, irudi bat hartzea lortu zen, puntu-kopuru handiz osatua. Argazkigintza hizkeran "pikor" izendatzen dira. Irudi digitalak ere modu berean osatzen dira. Kasu honetan, irudia osatzen duten puntuak pixel izendatzen dira. Zenbat eta puntu edo pixel gehiago, orduan eta handiagoa izango da bere kalitatea eta gardentasuna.
