Alvar Aalto
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Funtzionalismotik harantz
- EXTRA: Aalto eta altzarigintza
- BIBLIO: Bibliografia (4)
Hugo Alvar Henrik Aalto Finlandiako mendebaldeko Kuortane herrian jaio zen 1898ko otsailaren 3an. Alvar Aaltok bost urte zituenean bere sendia Jyväskylä-n jarri zen berarekin batera. 1916ko udaberrian, Jyväskyla-ko Lizeo Klasikoan izena eman zuen. Arkitekto-ikasketak aukeratu ondoren, Helsinkira joan zen, hiri hori Finlandia osoan arkitekto-ikasketak eskaintzen zuten bakarra baitzen.
1917. urtean Finlandiak burujabetza eskuratu zuen, baina ez zen sufrimendurik gabeko prozesua izan, makina bat finlandiarrek 1918. urtean hasi zen gerra zibilean parte hartu zutelako, horien artean Aalto eta Politeknikoko ikaskideak. Aalto 1921eko udan diplomatu zen ohorezko sariarekin.

Lehiaketak irabazten hasten da, ezkondu eta Turku-n jartzen da
1923ko udazkenean, enkargu asko jasotzeko itxaropenez, Jyväskylä hirian ipini zuen bere bulegoa Aaltok. Bertan, Aino Marsio arkitektoa kontratatu zuen laguntzaile gisa eta 1924ko udazkenean ezkondu ziren. Ezkontideek Italian igaro zuten euren eztei-bidaia. Bidaia horren eragina Jyväskylä-ko Langileen Egoitzaren barnealdean ikus daiteke.
Jyväskylä-ko Langileen Egoitza
1927an Finlandiako Hegomendebaldeko Nekazari-Kooperatibaren Egoitza eraikitzeko lehiaketa irabazi zuen Aaltok eta horren ondorioz Turku-ra aldatu behar izan zuen. Turku-n Funtzionalismoa gorantz ari zenez eta, gainera, historia handiko hiria eta, bere portuaren eraginez, Europa osoarekin harreman estua zuen hiria zenez, hiri horrek eragin handia izan zuen Aaltorengan. Bertan, lankide asko ezagutu zuen, haien artean Modernismoan interes handia zuen Erik Brygman arkitektoa. 1929. urtean, hiriaren 700. urteurrena ospatzeko asmoz egin zen ferian parte hartu zuen Brygman-ekin batera.
Teknika modernistak erabiltzen hasten da Aalto
Aaltok barneratutako eragin berriak, Paimioko tuberkulosi-erietxearen diseinuan islatu ziren, inongo hirigunetan ez dagoen eraikin modernista baita. Gainera, Aaltok ez zuen eraikinarekin irudi konkretua bilatu nahi bakarrik, gaixoek hartu beharreko eguzki-izpien kopurua erregulatzen baitu eta gaixoen denbora librerako baliabideak ere kontuan hartzen dituelako.
Paimioko erietxea
1933. urtean Helsinkira aldatu zen, eta bertako arkitekto gehienak joera klasikokoak zirenez, enkarguak jasotzea zaila egin zitzaion.
Bigarren Mundu Gerraren ondoren Finlandia berreraikitzeko konponbideak proposatzen ditu
Eraikinak diseinatzeko, inguratzen dituzten paisaiak kontuan hartzea da Aaltoren berezitasun nabarmenenetako bat. Horren adibidea da Sunila-ko lantegiko etxebizitzen diseinua. 1938. eta 1939. urteetan Amerikako Estatu Batuetara bidaia egin ondoren, gero eta arreta handiagoa jarri zuen estandarizazioan. Bigarren Mundu Gerra pizteak asko hunkitu zuen Aalto. Haren ustez mundu berri eta hobe bat eraikitzeko eginkizuna AEBei zegokien. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, Finlandiaren berreraikitzeak bere erantzukizun soziala piztu zuen eta helburu horretarako etxe aurrefabrikatuetan oinarritutako plana diseinatu zuen.
Bere lehenengo emaztea hiltzen da eta urte batzuen buruan berriz ezkontzen da
1949. urtean, Aaltoren arkitekturan eragin handia izan zuen gertakaria jazo zen: bere emaztearen heriotza. Horren ondorioz Aaltoren lanek sakontasun eta monumentalismo handiagoa hartu zuten. Finlandiako Ingeniarien Elkartearentzat egoitza eraikitzeak eta arkitekturako hainbat lehiaketatan irabazle izateak Aalto Finlandiara itzultzea eragin zuten. 1946 eta 1948 bitartean Aaltok Massachussets-eko Teknologi Institutuarentzat Bostonen eginiko eraikina, Helsinkiko Teknologia Unibertsitatearentzako Otaniemi plan estrategikoa (1949), Säynätsalo-ko Udaletxea (1949), Rautatalo-ko bulegoen diseinua eta Jyväskylä-ko Unibertsitatearen egungo egoitza garai horretan egindako lan garrantzitsuak dira. 1951. urtean jaso zuen Helsinki egin beharreko lehen enkargua: Erottaja pabilioia hain zuzen. 1952an, Elissa Mäkiniemi arkitekto gaztea Aalto-ren lankide eta emazte bihurtu zen.
Otaniemiko Institutu Teknologikoa
Mundu osoan zehar mota guztietako eraikinak diseinatzen ditu Aaltok
Udako etxe gisa eraiki zuen Aaltok Muuratsalo-ko Etxe Esperimentala. Etxe hori eraikitzeko, Aaltok beranduago Helsinkiko Kultur Etxea eraikitzeko erabili zuen eta eraikuntzan forma desberdinak egiteko balio duen adreilua diseinatu zuen. Garai horretan, berarenganako arkitekto-belaunaldi gazteagoen kritika pairatu zuen Aaltok, haien ustetan Aaltoren arkitektura elitista zen eta. Nahiz eta zenbait kritika jaso, Aaltoren aro emankorrenetakoa izan zen hainbat lehiaketa irabazi eta, besteren artean, Kiruna-ko Udaletxea, Bagdad-eko eta Aalborg-eko Arte Ederren Museoak, Essen-go Opera eta hainbat merkataritza- eraikin, eliza, lantegi, eta beste eraikin-mota batzuk diseinatu zituen mundu osoan zehar.
Essengo Opera
Hainbat aintzatespen jasotzen ditu bere ibilbidean zehar eta 1976an hiltzen da Aalto
Lan horiek guztiek makina bat sari eta aintzatespen jaso ahal izateko baliagarriak gertatu zitzaizkion Aaltori: Honoris Causa Doktorea Princenton-go Unibertsitatean (1947), Honoris Causa Doktorea Trondheim-go Norvegiako Teknologi Institutuan (1960), Suitzako Teknologi Institutu federaleko Honoris Causa Doktore (1963), 1964. urtean, Columbia-ko Unibertsitateak Honoris causa doktore izendatu zuen, 1967an Virginia-ko Unibertsitateko Thomas Jefferson Domina jaso zuen, eta, azkenik, 1972an Grande Medaille de l?Academie de l?Architecture jaso zuen. Aalto 1976ko maiatzaren 11n hil zen Helsinkin. Nahiz eta Alvar Aaalto duela urte asko hil zen, oraindik ere modernitatea naturarekin beste inork ez bezala konbinatzen jakin zuen abangoardiazko arkitektoa dela esaten du askok.
Alvar Aalto Museoa
Alvar Aalto Museoa
Alvar Aalto Museoa 1966 sortu zen. Museoaren eraikina, Aaltok berak diseinatua, 1973an bukatu zen. Arkitekturan espezializatua da. Bertan Aino eta Alvar Aaltok diseinaturiko 1.000 modelo eta tresna aurkitzen dira, hainbat pintura eta marrazkirekin batera. Eraikin hau Jyväskyläko arte-museoa ere bada. Arte-bilduma zabala dauka eta hainbat erakusketa antolatzen dituzte han.
