ARTEA

Henry Moore

Henry Moore Yorkshire-ko Castleford-en, Ingalaterran, jaio zen 1898an. Txikitatik eskulturarako zaletasuna erakutsi zuen, baina, aitaren desioak errespetatuz, bere herriko eskolako maisu egin zen. Orduan, Lehen Gerrate Mundialak eztanda egin zuen eta Londresko 15 Erregimentuan hartu behar izan zuen parte. Belgikan, eraso batean jaurtitako gasek pozoituta, Ingalaterrara itzuli behar izan zuen.

Gerra amaitu ondoren, osatu zedin Gobernuak emandako diruari esker, Leeds-eko Arte Eskolan izena eman ahal izan zuen. Bi urte egon zen ikasten bertan eta, besteak beste, Barbara Hepworth eskultorea ezagutu zuen. Haien arteko harremana oso emankorra izan zen; beren obrek batak bestearen eragin artistikoa eta ideien trukaketa islatzen dute.

Henry Moore

Londres izan zen Henry Moore-ren hurrengo urratsa. Bertako Royal College of Art-en jarraitu zituen ikasketak 1924 arte. Lan handia egin zuen eta ideien garapen bizia izan zuen garai honetan; ideia gehientsuenak orduko idazki-koadernoan biltzen dira. Ikasketak amaitu ondoren, bertan maisu-lanetan aritu zen 1925 eta 1932 artean. Bertan ezagutu zuen Irina Radetsky pintura-ikaslea, eta harekin ezkondu zen 1929an. Gainera, Italian eta Frantzian zehar bidaiatzeko beka bat lortu zuen eta, honi esker, maisu handien obra ezagutzeko aukera izan zuen.

Ohiko joera akademikoetatik eta Rodin-en errealismotik aldenduz, Moorek herri primitiboetan eta Egiptoko artean aurkitu zuen inspirazio-iturria. Ondoren, maia eta azteka herrien eskulturaren ezagutzak eragin erabakigarria izan zuten eskultore britainiarraren obran. Zehar-etzaneko emakumezkoen irudi-bilduma sortu zuen garai honetan, eredu borobildu eta geometrikoetatik hasita ia abstrakzioraino iritsiz. 1920ko hamarkadan nabarmentzekoak dira Maternity (Amatasuna,1924) eta Mother and Child (Ama eta haurra, 1924-25).

Mother and child, 1924-25

Jacob Epstein-ek babestu eta aurkeztu zuen eskultore britainiarraren lehen erakusketa, baina ez zuen arrakastarik izan. Bere artelanak gaitzetsiak izan ziren eta Moore pertsona iskanbilatsutzat hartu zuten. Izan ere, publikoak eta kritika kontserbatzaileak gogor kritikatzen zituzten Moore bezalako artistek jorratzen zituzten abangoardiako korronte berri horiek.

Zehar-etzaneko irudia eta amatasuna

1930. hamarkadatik aurrera, zehar-etzaneko irudia eta amatasuna Henry Moore-ren bi gai gustukoenak bihurtuko dira; ondoren buru txikiak eta familia-taldeak ere erantsi zitzaizkien bi gai horiei. Saiakuntzak egiten jarraitu zuen eta bere obrak bi bide zeharo desberdin hartuko ditu aldi berean, batetik abstrakzioa, eta bestetik, surrealismoa. 1933an surrealisten ekintzetan parte hartzen hasi zen eta Ingalaterrako talde surrealistaren sortzaileetako bat izan zen. Tarte horretan, 1932 eta1939 artean, hain zuzen, Chelsea-ko Arte Eskolan egon zen maisu.

Garai honetako lanen artean nabarmentzen dira Composition (1931), Head and ball (Burua eta pilota, 1934); Bird and egg (Txoria eta arrautza, 1934) edo Mother and child (Ama eta haurra, 1936), etab. Head and ball eskulturak, esaterako, (hurrengo irudian) mugimendu surrealistarekiko eta konstruktibistarekiko lotura agertzen du.

Head and ball, 1934

Hutsuneen garrantzia

1934an eskultore britainiarrak materialak zulatzeari ekin zion eta 1940tik aurrera hutsuneek edo zuloek eta masek garrantzi berbera izango dute Moore-ren lanetan, formaren eta espazioaren arteko osagarritasunaren bila.

1937 eta 1939 artean, sokaz edo hariz inguratutako irudi geometrikoetan oinarrituriko bilduma landu zuen. Hariaren erabilerak konposizioen barne-ikuspegia hobetzea zuen helburu, esaterako, Bird basket (Txori saskia, 1939) eskulturaren kasuan.

Margoak, onespenaren iturri

II. Mundu Gerrak iraun zuen bitartean, material-faltak tamaina txikiko eskulturak egitera eta marraztera behartu zuen.1940tik aurrera, gerran eta ingelesek babesleku antiaereotan bizi izan zuten esperientzietan oinarritutako marrazki-bilduma egin zuen. Ironikoki, Moorek babeslekuetako margo hauei esker jaso zuen merezitako onespena eta ez bere eskulturei esker. Lehen aldiz jendeak bere obra aintzat hartzen zuen eta Moore-ren ospea nazioartean zabaltzen hasi zen. Gainera, 1941ean, orduan National Gallery-ko zuzendaria zen Kenneth Clark-ek, Gerrako artista ofiziala izendatu zuen Henry Moore.

Bestalde, 1943 eta 1944 artean, Northampton-en St. Matthew elizarako Madonna and child (Madonna eta haurra) eskultura egiteko eskaerari esker, batetik, eta 1946an bere alaba Mary-ren jaiotzari esker, bestetik, amatasunarekiko interesa berpiztu zitzaion Moore-ri. Bestalde, brontzean eginiko familia-taldeak lantzen hasi zen garai hartan.

Gerra ostean, Henry Mooreren eskulturak baloratuak izan ziren azkenik eta arte modernoko lanak Ingalaterrako tradizio artistikoaren barnean egotea onartu zen.

Sariak eta ospea

1948an, Henry Moorek Eskulturako Nazioarteko Saria eskuratu zuen Veneziako XXIV. Bienalean, eta honen ondorioz, haren ospea nazioarte-mailan areagotu egingo da. Lehen urteetan pairatutako bakardadearen eta kritikaren ordez orain sariak etorriko zaizkio. Gainera, hainbat enkargu garrantzitsu izango ditu eta horietako gehientsuenak kanpoalderako eskulturak izanik, bere eskultura-lanen tamaina handiagotzera bultzatuko du eskultore britainiarra. Esaterako, Elizabeth II.a erreginaren koroatzearen omenez eginiko King and queen (Erregea eta erregina, 1952-53) eta UNESCOren mandatuz eginiko Reclining figure (Zehar-etzaneko irudia, 1958).

Reclining figure, 1957

XX. mendeko eskultore handienetako bat bilakatuta, Moorek eskulturak egiten jarraitu zuen hil arte, 1986an, 86 urterekin, Much Hadham-en, Hertfordshire-n. Bere artelanak munduko arte modernoko erakustoki garrantzitsuenetan eta hainbat eraikin, plaza, parke eta lorategitan daude ikusgai.

Gizakiarekiko ardura

Naturaren behaketa eta gizakiarekiko ardura nagusitzen dira bere artelanetan, figurazioaren eta abstrakzioaren etengabeko uztarketan. Moore-ren unibertsoaren irudiak antzinatik datozela dirudien arren, gaurkotasunaren bizi-adierazpen sakonak dira.

Haren eskultura forma eta materialen etengabeko ikerketak eta irudien indar eta sakontasunak bereizten dute (barne-bizitza aberats batek suspertuak dirudite), ahurra eta ganbila maisuki kontrajarriz. Izan ere, Mooren artelanetan, espazioa irudiaren parte da.

 

 

Henry Moore Fundazioa

Henry Moore Fundazioa 1977an sortu zen, Henry Moorek jarritako ondareari esker, publikoaren hezkuntza bultzatzeko, arteari buruz eta bereziki Henry Moore-ren lanei buruz duen ikuspegia aberastuz. Fundazioak hainbat egitasmo eta jarduera babesten ditu arte plastikoen arloan. Ikasleentzako bekak eta artistentzako laguntzak ematen ditu. Hiru jarduera nagusi ditu Fundazioak: Henry Moore Bildumak eta Erakusketak Perry Green-en Hertfordshire-n, Henry Moore Institutua Leeds-en eta Proiektu Garaikideak, hau ere Perry Green-en. Bilduma eta Erakusketetan Henry Moore-ren lanak ikus daitezke: eskulturak eta marrazkiak, gehienak Henry Moorek 1977an emandakoak. Erakusketak antolatzen dituzte egoitzan bertan eta munduan zehar. Henry Moore Institutua Leeds-en dago, Moore artista gisa formatzen hasi zen hirian. Eskultura ikertzea da erakunde honen xedea. Horretarako artistak, idazleak, museoetako arduradunak, historiagileak etab. biltzen dira han hainbat motatako jarduerak burutzeko. Erakunde honetan lankidetzan dihardute Henry Moore Fundazioa eta Leeds-eko udala. Proiektu Garaikideak programa 2001ean hasi zen artistei laguntzeko eta Henry Moore Fundazioaren eta beste erakunde batzuen arteko lankidetza errazteko arte garaikidearen erakusketen arloan. Era askotan lan egiten du, dela artistekin lankidetza puntualetan, dela nazioarteko maila duten ospakizunetan.

 

Henry Moore Gernikan

Figura handia babeslekuan

Figura handia babeslekuan

Lotan dauden bi

Moore-ren marrazkia, Lotan dauden bi, Londresko babeslekuetako egoeren irudia eskaintzen diguna.

Gernikako Juntetxearen ondoan Henry Moore-ren eskultura bat dago, Figura handia babeslekuan izenburua duena. Eskulturak eta lekuak kideko bi egoera uztartzen ditu: Gernikako bonbardaketa eta Henry Moorek ezagutu eta marraztu zituen Londresko bonbardaketak.

Alemanek Londres bonbardatzen zutenean jendea babeslekuetan gordetzen zen, esate baterako metroaren geltokietan. Gaua hantxe ematen zuten euren haurrekin, ahal zuten moduan, jarleku baten gainean edo lurrean etzanda. Moorek egoera haien marrazkiak egin zituen.

1940ko udazkenaren eta 1941eko udaren bitartean egin zituen marrazki horiek Henry Moorek. Guztira 300 marrazkitik gora egin zituen, Artisten Gerrako Aholku Batzordeak eskatuta, jendearen sufrimenduaren berri emateko asmoz.