ARTEA

««Itzuli

Monumentuak

Hosios Lukas Monasterioa

Hosios Lukas Monasterioa

Helikonas mendian dago Hosios Lukas Monasterioa, Delphi hiritik kilometro gutxira. Bizantziar garaian, greziar kristau ortodoxoen gune garrantzitsua izan zen Hosios Lukas monasterioa, Hosios Lukas-ek fundatua 945 aldera.

2001/01/01

Helikonas mendian dago Hosios Lukas Monasterioa, Delphi hiritik kilometro gutxira. Bizantziar garaian, greziar kristau ortodoxoen gune garrantzitsua izan zen Hosios Lukas monasterioa, Hosios Lukas-ek fundatua 945 aldera. Hosios Lukas aszeta gisa bizi izan zen luzaro, hainbat lekutan, 945ean Demetra-ko Santutegiaren ondoan bere bizilekua aurkitu zuen arte. Hosios Lukas-ek gaixotasunak sendatzeko gaitasuna zuen eta sendatutako nobleek esker onez emandako dirulaguntzei esker eraiki ahal izan zen monasterioa. Hil ondoren, harenganako gurtza hasi zenez, monasterioaren ondoan bigarren eliza eraiki behar izan zuten Hosios Lukas-en erlikiak gordetzeko. Gaur egun, monasterioa, hiru solairu dituen monjeen eraikinak, kanpandorreak, jangelak eta bi elizak osatzen dute. Theotocos-i eskainitako eliza txikia X. mendean eraiki zuten. Honetan aipatzekoak dira hormetako margoak eta horietatik azpimarragarriena, Navi-ko Jesus-ena. Ondoren, Katholikon edo eliza nagusia eraiki zuten: Santa Barbarari eskainita dago eta hiru hilobi ditu, Hosios Lukas-ena, besteak beste. Eliza honetako mosaikoak bikainak dira. Bi elizek lurrikaren eta bonbardaketen ondorioz kalteak izan dituzte eta hainbat berrikuntza egin behar izan dituzte.