BIDAIAK

«« Itzuli

Erreportajeak

Tasmania, Ozeano Barean II

Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II
Tasmania, Ozeano Barean II

Aurreko astean, Australiatik hego-ekialdera kokatuta dagoen irla horrek eskaintzen dizkigun aukerak ezagutzen hasi ginen. Irlaren ehuneko 40 baino gehiago erreserbek eta parke naturalek osatzen dutela esan genuen eta horietarik ikusgarrienak aipatu genituen. Oraingoan, Tasmania inguratzen duten irlei buruz eta interes historikoa edota kulturala duten lekuei buruz arituko gara.

2008/03/18

Tasmania Australiari lotuta zegoen antzina baina, azken Izotz Aroaren ondoren itsasoaren maila igo zenean, Tasmaniako aborigenak isolatuta geratu ziren 10.000 urtetan, XIX. mendean europarrak bertara heldu eta finkatu ziren arte.

Gaur egun, komunitate aborigen bat dago oraindik Tasmanian eta irlako naturari eta ondare kulturalari oso lotuta dago. Irlako hainbat kostaldetan, komunitate horien antzinako aztarnategiak gorde dituzte egun arte.

Irla isolatuta geratu zenez, munduko beste hainbat lekutan ezohikoak diren landare, animalia eta hegazti askok eutsi diote bertan. Natura dagoen lekura heltzea oso erraza da; ibilaldi xume bat eginez, aipatutako espezie horietako hainbat ikusteko aukera izango dugu.

Itsas animaliak Tasmaniako faunako harrigarrienak dira. Baleak, itsas dragoi txikiak, fokak, basurdeak, albatrosak, pinguinoak... dira gure begiekin ikus ditzakegun animalietako batzuk. Tasmaniako urek garbitasuna gorde dute eta kelp asko daukate; hori oso onuragarria izan da animalia horien garapenerako.

Flinders Irla eta inguruan dituen beste 51 irlak garai batean Tasmania eta Australia lotzen zituen lurraren arrastoak dira. Bertako ostatua askotarikoa da eta irlak aukera asko eskaintzen ditu: arrantza, ibilaldiak, hondartzetan lasaitu, Killiecrankie topazioen bila joan, irlan dauden hegazti espezieak behatu?

Bisitan joateko leku interesgarri bat Hastings Kobak dira. Horien artean, Newdegate Koba dago, Australiako koba turistiko handiena. 45 bat minutuko bisitak antolatzen dituzte horiek bisitatzeko. Kobazuloak duela 40 milioi urte hasi ziren sortzen eta 1917ra arte egon ziren inork aurkitu gabe, basoko langile talde batek sarrera bat aurkitu zuen arte. Kobak garaiko gobernadorearen, Sir Francis Newdegaten, izena hartu zuen. Aretoa harrigarria da; estalaktitak, estalagmitak, zutabeak eta heliktitak ditu, besteak beste. Australian dolomita harriz (zuri perla eta arrosa koloreko kristal-harria) sortu den koba gutxietako bat da, izan ere, kareharrizkoak dira gehienak. Igerileku termal bat ere badago, iratzez eta basoz inguratuta. Urak 28 graduko tenperatura du eta gunea oso ondo prestatuta dago egun pasa joateko. Igerilekutik abiatuta, pista hartu dezakegu eta bertan dagoen ibilbide bati jarraitu diezaiokegu, bi erreka lotzen diren tokira arte; ura ukitzen badugu, ur-korronte epel bat eta beste hotz bat nabaritu ahal izango ditugu.

Bisitatzea merezi duen beste leku bat Porth Arthur Leku Historikoa da. Antzinako espetxe bat da, Australian hoberen gorde denetako bat. 1830 urteko 30 eraikin baino gehiago ditu eta horietako asko berritu egin dituzte. Aipatutako urtearen eta 1877aren artean, 12.500 preso inguru pasatu ziren kartzela horretatik. Esparruak 40 hektareako hedapena du eta gune osoa ikusi ahal izateko denbora nahikorekin joatea gomendatzen dugu. Porth Arthurrerako sarrerak ondoz ondoko bi egunetarako balio du eta hainbat ekintza hartzen ditu hala nola, ibilaldi gidatua, itsas-bidaia bat badiatik, esparruko eraikinetara sarrera, Bisitarien Zentroko ekintzak...

Ezin dugu Tasmaniatik alde egin Wellington mendira igo gabe; Hobarteko (Tasmaniako hiriburua) portutik eta Derwent ibaitik 1.270 metroko altueran dago. Goitik, bista zoragarriak izango ditugu: Hobart, Bruny irla, Hegoaldeko Arm eta Tasmaniako penintsula ikusten dira. Alpinismo maila desberdinetako mendi-pista asko daude inguruetan, beraz, bisitari guztiek aurkituko dituzte bere neurriko ibilbideak. Barbakoak dituen gune bat ere badago, bertan piknika egiteko edo atsedena hartzeko.

Zalantzarik gabe, Ozeano bareko irla zirraratsu hori bisitatzea merezi du. Tasmania era askotako lurraldea da, milaka txoko paregabe aurkitzeke dituena; irla horrek erabat harrituko gaitu.

(Argazkien iturria:discovertasmania.com)