BIDAIAK

«« Itzuli

Ibilbideak Euskal Herrian

Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana

Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana
Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana
Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana
Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana
Algortako portu zaharra, arrantzaleen iragana

Getxoko udalerriaren barruan, industrializazioan eraikitako euskal aristokraziaren jauretxeen ondoan, oraindik ere zutik diraute arrantzaleen etxe txikiek Algortako portu zaharrean.

2006/03/03

Nerbioi ibaiko eskuineko ibarrean kokatuta dago Getxo. 90.000 biztanle inguru ditu eta Bilbotik gertu dago, 15 bat kilometrora, hain zuzen. Euskal aristokraziak Getxoko zonalde hori aukeratu zuen negua pasatzeko. Inguruko pribilegiatuentzako etxebizitzak non izango ziren aukeratu zituen Maximo Agirrek eta berak eraiki zuzen lehen etxea, 1904an. Horrela, apurka-apurka, hainbat jauregi batu ziren ibaiaren ertzean, besteak beste, Lezama-Legizamon, Olaso, Chavarri eta Aresti.

Bizkaiko udal horren barruan, goi-burgesiak eraikitako jauretxeetatik eta etxebizitzetatik gertu Algorta dago, arrantzaleen auzune zaharra.

Algortako portu zaharrean, etxeak egurrezkoak dira eta hainbat kolorez margotuta daude. Kaleak oso estuak dira aldapan daude gehienak. Leku eroso eta atsegin horren kaleak Elantxobeko aldapekin aldera daitezke, oso arriskutsuak, batez ere euria egiten duenean.Baina, Elantxobek arrantzaleen herria izaten jarraitzen duen bitartean, badira urteak Algortak eginkizun hori galdu zuela. Nahiz eta bertan ontzi batzuk gertatu, gutxi dira arrantzaleak.

Egun, algortarren bizimodua ez da arrantza; halere, marinelen etxeek zutik diraute. Egia esan, itsasotik bizi ziren garaian baino hobeto zainduta daude gaur egun.

Portu zaharrean, jaki tipikoak eta arrain freskoa dastatzeko aukera dago bertako jatetxe bikainetan. Ereaga hondartzako pasealekuan, jatetxe ezagunak daude, Itxas-Gane eta Tamarises, esaterako.

Asteburuetan, Algortak eta bertako portu zaharrak jende ugari erakartzen ditu eta gauean giro aparta egoten da. Hori dela eta, lasaitasuna bilatzen duten bisitariak lanegunetan joan beharko dira. Eskailera aldapatsu batzuen bidez, Ereaga hondartzara jaits gaitezke. Hondartza horretako harean ia-ia, Igeretxe Bainuetxea dugu, Getxoko paraje eder horretan erlaxatzeko eskaintza paregabea.

Algorta Areetatik gertu dago, eta, bertan, Bizkaia Zubia, Zubi Esekia izenez ezagunagoa, dago. Zubi horretatik 200 metro ingurura, parke txiki batean, Evaristo de Churruca ingeniariaren omenez eraikitako monumentu-taldea dago. Abrarako sarbidea erregulatzeaz arduratu zen Churruca. M.G. de Salazarrek eraikia 1939an, gizakiaren eta itsasoaren arteko borroka irudikatzen du monumentuak. Euskaldunaren indarra adierazten du, Neptuno jainkoaren aurkako borrokan. Areetako pasealekua jarraituz, itsasoa amaieraraino inguratuz, Getxoko kirol-portua dago. Hor ere hainbat taberna, kafetegi, jatetxe eta denda daude; zinema-areto bat ere badago.

Zinema-aretoetatik gertu, getxoztarren itsasontzien eta yateen inguruan, itsasoko biodibertsitateari buruz zerbait gehiago ikas genezake Abra Aquariumean. Akuario horri esker, itsasoaren sekretuak ezagutuko ditugu.