««Itzuli
Ibilbideak Euskal Herrian
Kakuetako arroila ikusgarria




Zuberoa naturaren eragin zuzena duen lurraldea da. Bertan, forma ikusgarriak dituzten arroilak, leizeak eta zuloak ikus daitezke. Horien guztien artean ezagunena Kakuetako arroila da, naturarekin harreman zuzena izateko aukera eskaintzen duen leku bat.
2005/01/18
Kakueta Zuberoako altxor ederrenetako bat da. Arroila horrek bi kilometroko luzera du, eta paretek, zenbait lekutan, 350 metroko garaiera gainditzen dute. Arroila Uhaiatza ibaiaren inguruan dago, eta paisaia ikusgarriez gozatzeko aukera eskaintzen du. Kakueta, gainera, Pirinioetako leku basatienetako bat da. Hala ere, aipatu, erabat segurua dela bertatik ibiltzea. Ibilbidea behar bezala prestatuta dago, eta zubi, soka eta beste hainbat elementu ditu egoera arriskutsurik sor ez dadin.
Kakuetara heltzeko, Santa Engrazia herritik irten beharra dago. Herri txiki horretatik oso gertu dago arroilaren sarrera. Behin bertatik igaro ostean, naturaren bihotza zeharkatzen duen ibilbide bati ematen zaio hasiera. Lehenik eta behin, laku garbi batetik igarotzen da. Udako egun beroetan asko barneratzen dira bertako uretan bainu bat hartzera. Aurrerago, eta seinaleak behar bezala jarraituta, arroilara heltzen da. Une horretatik aurrera natura bihurtzen da protagonista nagusian. Paisaiak eta pareta handiek ikuskizun ikusgarria eskaintzen du. Gainera, edozein txokotan ikusten dira ur-jauzi txikiak.
Ibilbidea ur-jauzi ikusgarri batean amaitzen da. Esan, oraindik ere ezezaguna dela harkaitzetik ateratzen den ur-jauzia nondik ateratzen den jakitea. Leku horretan dago baita ere Lakuaren leizea. Bertan, estalaktita eta estalakmitak ikus daitezke. Puntu horretatik aurrera, ibilbidea zaildu egiten da eta ez da gomendagarria aurrera jarraitzea. Itzuleran, berriz ere paisaiez gozatzen jarraitzeko aukera dago.
Ez da hori, ordea, Zuberoan ikus daitekeen mota horretako arroila bakarra. Santa Engraziatik gertu, eta Pirinioan, Holtzartera gerturatu daiteke. Arroila hori oso berezia da. Izan ere, Kakueta ez bezala, zubi bati esker goiko aldetik zeharkatu daiteke arroila.
Holtzartera heltzeko modu egokiena, Larrañetik abiatzea da, eta ondoren, bide bat jarraitzea. Aipatu, zenbait unetan bide hori gogorra dela, baina ez dago Holtzartera heltzeko beste modurik. Berrogei minutu inguru irauten du ibilbideak eta paisaia ederrak eskaintzen ditu. Besteak beste, bi arroila ezagun elkartzen diren puntua ikus daiteke. Hau da, Olhadoibia eta Olhado arroilak elkartzen diren puntua. Bidearen amaieran 200 metroko zubi ikusgarria ikusten da. Zubia inguruetako basoen ustiapena errazteko eraiki zen, baina gaur egun, naturaz gozatzeko erabiltzen da. Esperientzia zirraragarria eskaintzen du Holtzarteko zubia zeharkatzeak.
