Bizitzaren sorrera. Eboluzioaren teoria
Fijismoa eta eboluzionismoa
- Fijismoaren arabera, espezieak aldagaitz iraun dute sorreraz geroztik, horien artean ahaidetasunik dagoenik ukatuz. Naturaren irudi immobilista hori defendatu duten zientzialari aipagarrienak Linneo eta Cuvier izan dira.
- Eboluzionismoaren ustez badago eboluzio-prozesu bat, eta horren arabera, izaki bizidunak dibertsifikatzen joan dira arbaso batetik abiatuta. Eboluzioaren teoriak eboluzioaren egitatea egiaztatzen du, horren historia kontatzen du eta arrazoiak azaltzen saiatzen da, horretan diharduten mekanismo biologikoak deszifratuz. Zientzialari guztiek onartzen dute, gaur egun, eboluzioaren teoria; eztabaida, beraz, ez da eboluziorik badagoen ala ez, baizik eta hori nola gertatzen den.
Eboluzionismoa Lamarcken arabera
Behar hainbat landutako lehen teoria eboluzionista Jean-Baptiste de Monet frantziarrak, Lamarcken jarraitzaile batek, aurkeztu zuen 1809. urtean. Lamarcken ideia nagusiak honela laburbil ditzakegu:
- Inguruneak karaktereen aldaketak eragiten ditu: inguruneko baldintzak aldatu egiten dira denboran.
- Eginkizunak organoa sortzen du: jokabide berriek organo jakin batzuk garatzea eragiten dute.
- Beretutako karaktereen herentzia: inguruneak eragindako aldakuntza horiek ondorengoei transmititzen zaizkie.
Lamarckek, beraz, uste zuen beharrak eragiten zituela eboluzio-aldaketa horiek. Horiek gertatu ondoren, aldaketa horiek heredagarriak izango ziren.
XX. mendeko korronte lamarckista (neolamarckismoa), beretutako karaktereen herentziaren printzipioak eta genetika uztartzen saiatuko da: mutazioak ez dira halabeharrez gertatzen, baizik eta ingurunera egokitzeko ahaleginak eragindako aldaketekin loturik daude. Nolanahi ere, egungo zientzialari gehienek uste dute ezinezkoa dela ahalegin indibidual baten bidez beretutako karakter batek ADN aldatzea eta oinordeko bihurtzea.
Eboluzionismoa Darwinen arabera
1859. urtean, Charles Darwin ingelesak eboluzioaren teoria berri bat proposatu zuen, Espezieen jatorria izeneko bere liburuan jasoa. Urtebete lehenago, artikulu-sorta bat argitaratu zuen Alfred Wallacerekin batera. Beste ikerlari honek ere Darwinen ondorio berak lortu zituen bere aldetik. Darwinek proposatutako eboluzio-mekanismoak ondorengo ideia hauetan laburbil daitezke:
- Espezie bateko indibiduo guztiak ez dira berdin-berdinak. Ondorengotzaren aldakortasun bat badago, genetikoki transmititzen dena.
- Indibiduoen artean bizirik irauteko borroka dago, eta indibiduorik egokienak izatea eragiten duten bariazioen jabeak bakarrik irauten dute (egokienaren bizi-iraupena). Era horretan, bariazio egokienak gordetzen dira. Ideia horri hautespen naturala esan zitzaion.
- Moldakortasun-bereizgarriak pilatzeak espezie batzuetatik besteetarako aldaketa hori eragingo du.
Aldakortasunaren jatorria eta horren transmisio hereditarioaren mekanismoak azalduko lituzkeen fundamentu genetikorik gabe plazaratu zen teoria hau. Mendelek herentziari buruz urte batzuk lehenago egindako lanak oharkabean igaro ziren zientzialari gehienentzako. Lan horiek berriro aurkitu izanari esker, ordea, Darwinen teoriak zenbait aldakuntza jasan zituen, genetikaren ulermenean oinarriturik, eta horrela, neodarwinismoa edo eboluzioaren teoria sintetikoa sortu zen.
Eboluzioaren teoria sintetikoak genetika mendelianoa eta Darwin-en hautespen naturala bateratzen ditu, eta gainera, honako mekanismoak proposatzen ditu:
- Populazioetan bada aldakortasun genetiko bat, mutazio bidez eta birkonbinazio genetikoaren prozesuen bidez sortua.
- Hautespen naturalak ezabatu egiten ditu beren informazio genetikoagatik hain egokiak ez diren indibiduoak. Moldakortasun-balioa duten eta genetikoki zehazturik dauden ezaugarri horiek hautatu eta hurrengo belaunaldiari transmititzen zaizkio.
- Espezieak oinarri genetiko komuna duten populazio-multzoak dira, eta elkarren artean ugaltzeko gaitasuna dutenak. Geneak, mutazio bidez edo birkonbinazio bidez gerta daitezkeen konbinazio berriekin, hautespen natural horren eraginpean daude, eta une bakoitzean populazioen ezaugarriak erabakitzen ditu, ingurumen-baldintzen arabera.
Linneo
Linneo (1707-1778) azterketa-lan itzela egin zuen animalien eta landareen espezieak sailkatzeko. Izaki bizidunen sailkapen oso bat egin zuen, sistematika biologikoaren oinarriak ezarriz.
Cuvier
Cuvier (1769-1832), ), paleontologiaren aitalehena, bere bizitzan zehar aztarna fosilen bilketa eta azterketa lan ikaragarria egin zuen. Nahiz eta bere lanetan azaldu espezieak denboran zehar nola agertu eta desagertu ziren, ideia kreazionistetara jo zuen.
Lepaluzea eta eboluzioa
Lamarcken ustez, altuera txikian elikagaia lortzeko izan ohi dituzten zailtasunek behartuta, jirafek lepoa luzatzeko ahaleginak egin behar izan dituzte. Arrazoi horregatik hazi zaie lepoa eta beretutako karakter berria genetikoki transmitituko diote hurrengo belaunaldiari. Ondorioz, belaunaldi bakoitzean jirafek lepoa luzeagoa izango dute. Darwinen iritziz, belaunaldi bateko jirafa guztien artetik batzuk lepo luzeago batekin jaioko dira. Altuera txikian elikagairik ez badute, horiek aukera gehiago izango dute elikatzeko eta positiboki hautatuak izango dira, ondorengoei leporik luzeenaren karakter onuragarri hori transmitituz.
