Drogei aurre egiteko moduak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Estatistikek ez dute gezurrik esaten: 14 eta 18 urte bitarteko 10 ikasletatik zortzik alkohola edan dute noizbait, hirutik batek porroren bat erre du, eta 20ren artetik batek kokaina hartu du noiz edo behin. Eskola edo institutuko irteera, diskotekak edo parkea horiek guztiak kontsumitzeko toki bihurtzen dira.
Guraso asko arazo honen aurrean aurkitu dira. Horregatik gure seme-alabenganako erlazioan aspektu batzuk kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Ez itzazu hurrengoak ahaztu:
- Haiekin etengabe elkarrizketatzea. Hitz egiterakoan, haiei entzuteko eta haiekin egoteko ahal dugun denbora gehiena eskaini behar dugu; behar bezala prestatu behar dugu zertaz ari garen jakiteko, gaiari buruzko liburuak irakurriz; besteen iritziaren aurrean beren ideiekin ziur sentitzen lagundu behar diegu.
- Beren autoestimua bultzatzea. Gure semeak segurtasun edo autoestimu falta badu eskolan huts egin dezake, eta horrek droga eta alkoholaren erabilpenarekiko sentiberagoa bihurtzen du. Irakatsi iezaiezu beren problemei aurre egiten, beren berehalako apeta edo nahi errazek menderatu ez ditzaten.
- Lagunak egiten laguntzea. Zure seme-alabei beren lagunak etxera ekartzeko adorea eman iezaiezu, haiek ezagutu eta zein pertsona-mota diren jakin ahal izateko. Kirol-ekintza edo astialdiko klub batean sartzea… ideia ona da beti, beren aisia betetzeko beste modu batzuk erakusteaz gain, beren zaletasun berdinak dituzten neska-mutilekin elkartuko dituelako. Eta ez ezazu ahaztu haiekin planak eta ekintzak egiteko aukerak bilatzea (eskiatzea, tenisean jokatzea, ibilaldiren bat egitea…).
- Esan eta egiten duzunarekin koherentea izatea. Haientzat eredu bat izan behar dugu, eta horretarako gauza asko egitearekin kontuz ibili behar dugu: etxera heltzean koparik ez hartzea, gaztetan harrapatu genituen mozkorrei buruz ez aritzea… Haientzat balio duten gauzak guretzat ere balio dutela erakutsi behar diegu. Zure seme-alabak zigarrorik erre ez dezan lortu nahi baduzu, ezin duzu eskuan horrelakorik eduki… Ez du ulertuko, seguru.
- Beren kabuz erabakiak hartzen irakastea. Erabakiak hartzen ikas dezan, garrantzitsua da txikitatik balio batzuk argi izatea: osasuna, erantzukizuna, ahalegina, tolerantzia, errespetua, konpromisoa, partaidetza, elkartasuna, eta inguruko munduan interesa izatea.
Haiekin etengabe elkarrizketatzea
Haiekin etengabe hitz egin ezazu, baina adoleszentziara heldu baino lehen, ordurako ez baitira hain harberak.
Hitz egiterakoan, ez da ez hitzaldirik ez sermoirik bota behar, ez ditugu gure ondorioak puztu behar (drogak hil egiten du…), ez dugu guk geuk hobezintasunaren eredu moduan jarri behar, ez ditugu oso jarrera permisiboak hartu behar (bakoitzak bere bizitzarekin nahi duena egin dezake), ez dugu mezu kontraesankorrik eman behar, ez ditugu haien iritziak barregarri utzi behar (leloa dirudizu…), eta kontatzen dizutena jakiteko gogoa duzula agertu behar da.
Beren autoestimua bultzatzea
Ezin diegu haiek eman dezaketena baino gehiago eskatu. Esaldi batzuek haien buruengan duten uste ona hondatzeko baino ez dute balio, esate baterako: "zure klaseko ikaslerik onena izan behar duzu", "medikuntza ikasi behar duzu zure aitak bezala", edo "hara zure anaia zein ondo doan". Gure seme-alabak diren moduan onartu behar ditugu, eta haien lorpenak aintzat hartu behar dira akatsak azpimarratu gabe.
Portaerazko jarraibide batzuk eman eta muga argi batzuk finkatzea beti da lagungarria. Sinesten ez baduzu ere, seme-alabek nahiago dituzte arauak jarri eta beren buruaz arduratzen diren guraso batzuk, helmugarik jartzen ez duten guraso batzuk baino, azken hauek erantzukizun guztia berei uzten dietelako, erantzukizun hori onartzeko moduan egon ez arren.
