EUSKAL KULTURA

Mateo -Txistu

Mateo-Txisturen izena ehiztari alderraiaren ipuinak dituen bertsio ezberdinetan agertzen da. Gehiegizko ehiza zaletasunaren ordainetan, munduan zehar ibiltzen da atsedenik gabe, txakurrak atzetik dituela.

Ataunen Mateo-Txistu deitzen diote; Zerainen, Juanito txistularia; Gesalibarren, Martin-abade; Oiartzunen, Salomon apaiza; eta Usurbilen, Prizti-Juan.

Euskal Herrian ezagutzen diren bertsioetan, ehiztaria apaiz bat izaten da gehienetan; meza erdi esanik utzita, bere txakurrekin erbi baten atzetik joan zen eta ez zen itzuli.

mateo

Inork ez du ikusi oraindik; baina askok diotenez, gure baso eta mendietan haren txistua eta bere txakurren ulu ilun eta beti berdina entzun omen dute.

Mende honen hasieran, Ataungo Tellerietxe baserriko emakume batek ikusi omen zituen, neguko gau batez, ilargiaren argitara, apaizen eta txakurren itzalak, baina inork ez omen ditu zuzenean ikusi.

Gesalibar Arrasateko auzoan diotenez, bestalde, Udalako apaiza izan zen Martin abadea munduz-mundu dabil txakurrekin eta inork ez ditu eurak ikusi, baina bai txakurrek zaunka egitean ahotik botatzen duten sua.

Halaber, Soraluzen Juanito txistularia Elosuko apaiza zela esaten dute. Behin, meza ematen ari zela, deabrua agertu zitzaion eskuin aldetik erbi itxuran. Apaizak, berehala, meza bertan behera utzi eta ustezko erbiari jarraitu zion txakurrarekin.

mateo

Kortezubin, berriz, ehiztaria Mallabiko apaiza izan zela diote, eta bere txakurrarekin batera erbi baten atzetik dabilela. Behin, bere ogi labekada egiten ari zen emakume bat aurkitu zuen eta opil bat eskatu zion. Emakumeak opila eman behar zion, baina ehiztariak ez zuen besoa luzatzeko eta ogia hartzeko astirik izan eta handik alde egin zuen.