Etxeberri Ziburukoa
XVII. mendea oso garai aberatsa izan zen, eta honek kulturarako egoera egokiena sortzen zuen. Epe honetan, Axularrekin batera, Sarako Eskolan Jean Etxeberri nabarmendu zen..
Jean Etxeberri
Ez dakigu noiz jaio zen Jean Etxeberri, baina kontuan izanik bere lehenengo liburua 1627an argitaratu zela, pentsa dezakegu 1580 inguruan jaio zela, Ziburun.
Jesuitekin ikasi zuen Pauen, eta ondoren, teologian doktore egin zen. Latinean aditua izan zen. Literaturan aritu baino lehen, ontzigintzan ere egin zuen lan.
Ziburuko Etxeberriren hiru obra ezagutzen dira:
- Manual Devotionezcoa.
- Noelac eta bertze kanta espiritual berriak.
- Eliçara erabiltceco liburua.
Oihenart autorearen ustez badira beste hiru: Familiako Gutunak, Eguneroscoa eta Hiztegia. Hala ere, azken hiru hauei dagokienez, esaten da Manual Devotionezcoaren barruan daudela.
Obra eta estiloa
Ziburuko Etxeberriren estiloa aztertu ahal izateko, idatzi zituen hiru obrak banan-banan aztertuko ditugu:
- Manual Devotionezcoa: 1627. urtean argitaratu zuen Bordelen; 1669an bigarren edizioa kaleratu zuten. Bi zati ditu: lehenengo zatiak 3.814 bertso ditu, eta kristau zintzoak jakin behar dituen gauzak azaltzen ditu. Bigarren zatiak 4.000 bertso ditu, eta honakoa du gaitzat: kristau-bizitzaren edozein unerako otoitzak. Ia liburu guztia bertsoz eginda dago; hala ere, zenbait zati hitz lauz idatzi zituen, hainbat otoitzekin eta erregurekin.
- Noelac eta bertze kanta espiritual berriak: 1631n argitaratu zuen Bordelen. Beste zenbait edizio ere ezagutu dira. Liburu honetan hainbat gai jorratzen dira: Gabon kantak, Jesusen bizitza eta pasioa eta santuei buruzko kapituluak.
- Eliçara erabiltceco liburua: 1636an argitaratua, eta 1665ean eta 1666an berrargitaratua. Oihenarten arabera liburu honetan Etxeberriren bertsogintzako akatsak ikusten dira: ez ditu neurriak errespetatzen eta hitz maskulinoak eta femeninoak nahasten ditu.
Hainbat adituk bere bertsogintza akatsez josita zegoela aipatu arren, Ziburuko Etxeberri maisu zen idazten. Erabiltzen zituen teknikak oso aberatsak ziren, nahiz eta askotan arauak ez errespetatu. Bere errima izugarri aberatsa zen. Estiloari dagokionez, berezko ezaugarri asko ditu. Hona hemen sailkapen txiki bat:
- Ergatibo plurala (nork kasua) -ek edo -ak jartzen du, egin nahi duen errimaren arabera.
- Ene eta neure bereizten ditu (neure forma erreflexibo gisa jartzen du).
- Eta juntagailuak bi izen elkartzean, bigarren izena bakarrik mugatzen du, singularrean edo pluralean.
- Konparazioetan ecen darabil, gure bainoren ordez.
- Konpletibo eta erlatibozko bukaerak, -ela eta -ena, nahasten ditu.
- Izan eta izatu formak erabiltzen ditu.
- Subjuntiboaren formari hasierako de- kentzen dio: (de)ezazun.
- Hitanoa asko erabiltzen du.

